Bizkaibus linearekin alderatuz "aldaketak" eta "abantailak" izango ditu Artxandako lantzaderak

uriola.eus 2014ko ira. 24a, 09:00

A3216 Bilbo-Artxanda linea urrian etengo du Bizkaibusek. Zerbitzu hori urriaren 1etik aurrera Bilbobusek emango du, "aldaketa batzurekin". Udalak autobuseko erabiltzaileekin adostu ditu zerbitzuaren hainbat ezaugarri. Aldaketak "abantailak" ere badirela azpimarratu du Artxanda plataformak.

Urriaren 1etik aurrera Bilbo-Artxanda garraio publiko zerbitzua Bilbobus konpainiak eskainiko du, Bizkaibusen ordez. Zerbitzuak zenbait aldaketa izango ditu eta gaur Artxanda plataformak jakitera eman duenez, aldaketa horietako asko "abantailak" dira.

Esaterako, prezioa. Autobus bidaiaren salneurria merkeagoa izango da, bai bidaia arruntarena bai bonu-txartelarena.

Autobusaren ibilbidea "berdintsu" manteduko da. Aldaketa txiki batzuk izango ditu. Kale Nagusitik Deustura zuzen jarraituko du Indautxun sartu ordez. Egokitzapen hori ontzat jo dute plataformako kideek. Gainera, ibilbideak hiru geldialdi berri izango ditu: San Jose plazakoa, Sarrikoa eta Funikularraren plazakoa.

Beraz, urriaren 1etik aurrera, honako ibilbidea osatuko du Bilbo-Artxanda Bilbobusak: Areatza, Kale Nagusia, Eliptika paza, San Jose plaza (geldialdi berria), Arte Ederren Museoko plaza, Deustu, Sarriko (geldialdi berria), Enekuri eta Funikularraren plaza (geldialdi berria).

Orain arteko maiztasunari eutsiko dio Bilbobusek, orduro zerbitzua emango du. Salbuespen bakarrarekin; larunbat, igande eta jaiegunetan lehen autobusa 8:15ean abiatuko da, eta ez 7:15ean. Hori da Artxandako autobusaren erabiltzaileek izango duten galera.

 

Bizkaibuseko langileen mobilizazioa gaur

UGT, ELA, CCOO, USO eta LAB sindikatuek "Gurea defenda dezagun, lanpostuen suntsiketari ez" lelopean, gaur goizean kontzentrazioa eta manifestazioa deitu dituzte. 10:00etan Foru jauregitik abiatuko dira Garraio Zuzendaritzaren egoitzara arte. Urriaren 1ean gauza bera egingo dute. Urriaren 3tik aurrera bi orduko lanuzteei ekingo diote, goiz, arrats eta gaueko txandetan. Greba egingo dute urriaren 6, 9, 13, 15, 17, 20, 21, 23 eta 24an eta, erantzunik ezean, urriaren 27tik aurrera etenik gabeko grebari ekingo diote.

 

EH Bilduk bermea eskatu du Bizkaibuseko langileentzat

"Harriduraz" ikusten du EH Bilduk Bizkaibuseko lanpostuen "suntsitze arriskuak" bere horretan jarraitzea urte beteren ondoren. "Tamalgarria" deritzo "aurrerapausorik eman ez izana". Koalizioak salatu duenez "Bizkaiko Aldundiak hainbat milioi euro bideratu ditu lanpostuen eta autobus lineen suntsitzea finantzatzeko; diru hori bizilagun elkarte, erabiltzaile, sindikatu, udal eta bestelako eragile sozial eta politikok aurkeztu dituzten alegazioei erantzuteko erabili beharrean. Aldundiak aipatu nahi ez badu ere, gogorarazi nahi dugu Bizkaiko Aldundiak diseinatu duen proiektuak langile soberakina aurreikusten duela, 200etik gora, eta 12 milioi euroko partida bideratzen duela soberan irizten dituen lanpostuak amortizatzeko".

 

[2014/09/22] Bizkaibuseko sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte

[2014/09/18] "Mila esker Artxandako autobus-linearen desagerpena saihesteko sinadura bilketan parte hartu duzuenei"

[2014/09/17] Artxandako autobusaren alternatibak aztertuko ditu plataformak

[2014/09/15] 10.000 sinadurako muga gainditu du Artxanda plataformak

[2010/09/11] Garraio zinegotziak bilerara deitu ditu Artxandako autobusaren erabiltzaileak

[2014/09/10] Artxanda plataforma: "Lantzaderak ez du egungo zerbitzua emango"

[2014/09/10] EH Bilduk Artxandako lantzadera zerbitzuaren ezaugarriak erabiltzaileekin adostea exijitu dio Abaunzari

[2014/09/08] Artxandako autobusa mantentzearen aldeko sinadura bilketa Areatzan

[2014/09/05] Artxanda plataforma: "Ez dezagun busa gal"

[2014/09/04] Santa Marinako autobus zerbitzua bermatuta, Artxandakoa ziurtatzea helburu