Akordio gabe, mobilizazioei eutsiko diete Bizkaibuseko langileek

Argazkia: UGT-Euskadi

Bizkaiko Foru Aldundiak iaz sinatu zuen akordioa "betetzeko batere borondaterik erakutsi ez duenez", UGT, ELA, CCOO, USO eta LAB sindikatuek mobilizazioei eutsiko diete. Ostiralean lanuzteak hasiko dituzte.

Gaur eguerdian Bizkaibuseko langile batzordeak Bizkaiko Garraio sailarekin bilera izan du. Bertan, 2013an bi eragileek adostutako akordioko "betetzen ez dituen atalen zehaztapena" eskatu dio Aldundiak lan batzordeari. Langile batzordeak harriduraz hartu du Aldundiaren eskaria. "Nola eskatzen digu orain txostena, lanuzteak egiteko bi egunen faltan", adierazi du ELA sindikatuko Iñaki San Andresek. "Gatazka konpotzeko bidean", txostena egin eta ahalik eta lasterren bidaliko dio lan batzordeak Aldundiari.

Mobilizazioak

UGT, ELA, CCOO, USO eta LAB sindikatuek datozen egunetarako deituta zituzten mobilizazioekin aurrera egingo dute. Ostiralean, urriak 3, bi orduko lanuzteei ekingo diote, goiz, arrats eta gaueko txandetan. Greba egingo dute urriaren 6, 9, 13, 15, 17, 20, 21, 23 eta 24an eta, erantzunik jaso ezean, urriaren 27tik aurrera greba mugagabeari ekingo diote.

Aurrekariak

Iazko urriaren 4an adostutako akordioa "ez betetzea" leporatzen diote Bizkaiko Foru Aldundiari indar sindikalek. Gehiengo ordezkaritza duen UGTko Jose Luis Garciaren esanetan, Aldundiak autobus lineen berregituraketa prozesua abiarazi du "eurek ezarritako baldintzekin", eta horrek 200 lanposturen "amortizazioa ekarriko du". Bizkaibusen linea batzuk hobetzeko eta maiztasuna handitzeko konpromisoa hartu zuen akordio hartan Aldundiak eta ardura horri ere muzin egitea leporatzen dio Aldundiari. Garciaren hitzetan, "Artxandako aubusaren errenuntzia" da horren froga.

 

[2014/09/22] Bizkaibuseko sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte

[2014/09/18] "Mila esker Artxandako autobus-linearen desagerpena saihesteko sinadura bilketan parte hartu duzuenei"

[2014/09/17] Artxandako autobusaren alternatibak aztertuko ditu plataformak

[2014/09/15] 10.000 sinadurako muga gainditu du Artxanda plataformak

[2010/09/11] Garraio zinegotziak bilerara deitu ditu Artxandako autobusaren erabiltzaileak

[2014/09/10] Artxanda plataforma: "Lantzaderak ez du egungo zerbitzua emango"

[2014/09/10] EH Bilduk Artxandako lantzadera zerbitzuaren ezaugarriak erabiltzaileekin adostea exijitu dio Abaunzari

[2014/09/08] Artxandako autobusa mantentzearen aldeko sinadura bilketa Areatzan

[2014/09/05] Artxanda plataforma: "Ez dezagun busa gal"

[2014/09/04] Santa Marinako autobus zerbitzua bermatuta, Artxandakoa ziurtatzea helburu