Argi eta garbi, 'Now Euskal Herrira'

uriola.eus 2015ko urt. 10a, 21:32

Urtarrilak 10, egun seinalatua izan da giza eskubideen sarea indartzeko. Bilboko kaleak lepo bete dira euskal preso politiko eta deportatuen giza eskubideen aldeko mobilizazio erraldoian. Udaletxea eta La Casilla batu dituen ibilbidea argi-izpiekin bete da "munduari argi dugula adierazteko: Hemen eta orain. Now Euskal Herrira".

[Mobilizazioko argazkiak]

Mirentxin furgonetek eta presoen senideek abiatu dute mobilizazioa, 17:45 zirenean, La Casillatik eta Udaletxetik abiatuta, eta elkargunea izan den Zabalburuko plazara eraman dute jendetza. Ordubete baino gutxiago behar izan dute txalo artean bidea osatzeko. Ez da manifestazio isila izan, besteak beste, ibilbidean zehar ezarritako megafoniatik uneoro zabaldutako mezuengatik. Herritarrek ere hartu dute hitza. Bi esaldi entzun dira Bilboko kaleetan "Euskal presoak Euskal Herrira" eta "Presoak kalera, aministia osoa".

Ibilbidean ehunka boluntariok diru-bilketa egin dute gaurko ekimena aurrera ateratzeko eginiko gastuak eta senideak espetxeetara eramateko beharrezko diren furgonetak finantzatzeko. Hori dela eta, parte-hartzaile asko izan dira ekarpen ekonomikoa egitera animatu direnak.

Zabalburuko ekitaldia "xumea" izan da Saroi Jauregik eta Fermin Muguruzak gidatu dute. Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsotan aritu dira eta Agus Barandiaran, Rafa Rueda eta Aire Ahizpa musikariek nork bere ekarpena egin du. Preso politikoen senide bik ere hartu dute hitza.

Garrantzia berezia eman diote Bilbon sortu den argi-izpiari. Batu diren 80.000 lagunei, eta megafoniak hala adierazi duenean, argiak piztu eta elkar jasotzeko eskatu diete "munduari argi dugula adierazteko; Hemen eta orain. Now Euskal Herria!".

Mobilizazio erraldoiaren bidez preso senide eta deportatuen giza eskubideak bete daitezela exijitu dute milaka lagunek. Egun, "giza eskubideen urraketa planifikatua" dela azpimarratu dute Sare eta Etxerateko ordezkariek. Egoera aldatzeko, "denon indarrak batu" eta munduari, Euskal Herrian konponbidea lortzeko "nahia eta beharra" dagoela erakustea ezinbestekoa dela gehitu dute Saroi Jauregi eta Fermin Muguruza ekitaldi amaierako aurkezleek lau hizkuntzetan.

 

"Beharrezkoa da, posiblea da"

Ondo ezagutzen dute sakabanaketa Maite Mangado eta Hegoa Arakama senideek. Oholtza gainetik Mangadok aipatu du "dispertsioa bizitza gehiegiren eguneroko zama bihurtu zaigu; 25 urte luzez. Gure sendiekin egoteko milaka kilometro egitera behartuak ez izatea nahi eta behar dugu. Orain”.

Sakabanaketa "senideon aurkako zigorra" dela adierazi du Hegoa Arakama senideak. "Mendekua. Injustizia bat. Bakearen aurkakoa. Horregatik, guztiak etxeratzeko bidean, giza eskubideen alde dagoen pertsona oro dispertsioarekin amaitzeko aktiboa izatera gonbidatzen dugu”.

Dispertsioarekin eta bere ondorio "larriekin" bukatzea "ezinbestekoa", "premiazkoa" eta "posiblea" da. Horretarako, "arrazoi sendo asko" daude, baina batez ere "gizalegezkoak", azpimarratu dute gaur Bilbon. Arrazoiei "sentimenduak" gehituz, kaleak "leporaino" betetzea zen Sareren helburua, "eta lortu dugu".

Fermin Muguruzak Espainiako eta Frantziako espetxe politika aipatu ditu "giza eskubideen urraketan oinarrituriko espainiar eta frantziar espetxe politika aldatu beharra" dagoela esateko. "Guk ere ez dugu ulertzen gobernuek legearen barruan egin daitekeena ez egitea. Ez dugu ulertzen pertsona guztien giza eskubideak errespetatuak izan daitezen urratsik ez ematea. Ez dugu ulertzen konponbidea elikatu beharrean oztopoak jartzea. Eta, ez ulertzeaz gain, ez dugu onartzen. Ezin dugu zain segitu". Ildo horretan, Teresa Toda Sareko eleduna erakunde eta alderdiengana zuzendu da giza eskubideen inguruan "ados jartzeko" eskatuz.

 

"Dispertsioa ez da inoiz legala izan"

Dispertsioaren legaltasun faltari buruz hitz egin du Joseba Azkarraga Sareko kideak manifestazioa hasi baino lehen. "Ez da inoiz legala izan", adierazi du: "Ez du inoiz izateko arrazoirik eduki, ez bada pertsonak suntsitzea eta makurraraztea". Inoiz ez du zentzurik izan, eta "are gutxiago gaur egun". Azkarragaren arabera dispertsioaren amaiera ez da soilik euskal jendartearen eskaera, "epaileen artean ere sortu dira dispertsioa zalantza jartzen duten ahotsak". Argi du Sarek zein garrantzia duen dipertsioarekin bukatzeak, izan ere, "konponbide integral baterako bidean, urrats garrantzitsua bat da presoak Euskal Herriratzea".

Dispertsioaren "eragin latzak" agerian utzi nahi dituen ezberdinen arteko sareak kontzientziak "astindu" nahi ditu "presoak eta haien senideak dagozkien eskubide guztien jabe izan daitezen".

 

Erronka, ezberdinen arteko saretzea

"Guztiontzat hobea izango den etorkizun baterako oinarri komun eta sendo bat eraikiko duen sarea". Hori da Sareren konpromisoa eta Sarek jendarteari luzatu dion erronka. "Horregatik gaude hemen milaka herritar. Norberak egin dezakeenari balioa emanez, ezberdinen arteko elkarlanari ekiteko asmoz. Gure arteko indarraz jakitun, dispertsioaren horma lurrarekin berdintzea lortuko dugula sinetsita gauden sarekideak gara. Eta pausoz pauso elkarrekin bide hori egiteko deia egiten dizuegu".

Erronka horri, sarekideek, dispertsioaren 500.000 liburuxka banatuz ekin diote. "Ondoko auzokidetik hasi, eta munduko txoko guztietako pertsona ugariri dispertsioaren errealitatea ezagutaraziko diegu". Elkarlana funtsezko jotzen dute horretarako, "elkarrekin dispertsioaren amaiera lor dezakegu. Guztiok gara beharrezkoak eta guztion artean lortuko dugu".

 

Partaideak, babesleak eta jendetza

Milaka lagun, 80.000 pertsona inguru, euskal herritarrak eta Euskal Herri kanpokoak. Norbanakoak, elkarteak eta erakundeak izan dira gaurko deialdiarekin bat egin dutenak. Ez ordea Eusko Jaurlaritza eta EAJ alderdia.

Atxikimenduak asko eta anitzak izan dira, sektore ezberdinetatik heldutakoak. Besteak beste, Toti Martinez de Lezea idazlea, Santiago Alba Rico filosofoa, Jagoba Arrasate entrenatzailea, Txaro Arteaga Emakunde ohia, Ernest Benach Catalunyako Parlament-eko lehendakari ohia, Sustrai Colina bertsolaria, Julio Ibarra idazlea, Matti Iturralde medikua, Aimar Olaizola pilotaria, Patxi Ormazabal politikari ohia, Nagore Osoro Zumaiako nesken arraunlarien patroia edota Willy Toledo aktorea.

300 autobusetik gora izan dira Bizkaiko hiriburura gaur etorri direnak eta beste milaka lagunek ibilgailu pribatua edota garraio publikoaren aldeko apustua egin dute.

Zenbaki horiei antolakuntzarako beharrezkoak izan diren 800 boluntario erantsi behar zaizkio. 

Kazetari eta hedabideen artean ere jarraipen handia izan du ekitaldiak. 300 akreditazio banatu ditu Sarek informazio eta komunikazio arloko profesionalen artean.

Sare Sozialak bero-bero aritu dira arratsalde osoan, Internet konexioa gelditzeraino. Erabiltzaileen fluxuaren ondorioz, tarteka, telefonia mugikor sarea gainezka egitera iritsi da. #StopDispersionNow eta #NowEuskalHerrira izan dira Twitterren traola txiokatuenak.

 

Egun osoko egitaraua

Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 15:00etara bitartean, Sarek karpa bat jarri du Areatzan, elkargune eta informazio puntu bezala. Bertan, Sare herritar sarearekin zerikusia duen informazio guztia jasotzeko aukera egon da; sarearen parte izateko aukera Sarekide fitxa betez, dispertsioaren liburuxkak konpartitzeko, edota kamisetak erosteko. Areatzatik Alde Zaharrera eta bertatik Bilbo osora zabaldu da egun osoan aldarripen giroa.

 

Sare dinamika herritarra

Presoen eskubideen defentsan Euskal Herrian garatzen ari den Sare Dinamikak 2014 urtearekin bat hasi zuen lanari "bultzada berria" eman dio gaurko elkarretaratzeak. Todaren esanetan, "arrazoi sendo asko dago, juridikoak, soziologikoak, politikoak, baina batez ere gizalegezkoak, dispertsioari berehalako bukaera ipintzeko". 

Gaurko erakustaldi erradoiak "sufrimendua ezabatzeko eta konfrontazioa amaitzeko bidean oinarri sendoak" ezarri nahi ditu, bai esperantzari bai konponbideari "beste lehio bat irekitzeko".

Bilbotik mundura hedatu den mezua 'Euskal Herrira now' izan da, eta horretarako molde berria erabili du Sarek. Ez da ohiko manifestazioa izan. Bi ibilbide izan dituen "mobilizazio jendetsu eta parte-hartzailea izan da, jendartearen aniztasunean oinarriturikoa, non pertsonok izan garen protagonista aktiboak". Arratsaldeko 17:30 pasatxo zirenean zutabe batek Udaletxetik ekin dio ibilbideari eta ordu berean beste batek La Casillatik, Zabalburu plazan elkartzeko. Formatu berri honekin, "borondate ezberdinak biltzeko puntu bat badela" erakutsi nahi izan du Sarek.

 

 

sare.eus

#StopDispersionNow

@sare_herritarra

#NowEuskalHerrira

 

 

[2015/01/09] Larraitz Zuazo, Sare: “Funtsezkoa da dipertsioarekin bukatzea”

[2015/01/08] Teresa Toda: "Jendea aktibatzea nahi dugu"

[2015/01/07] Argi-izpien bidez mezu argia zabalduko da larunbatean Bilbon: "Hemen eta orain. Now Euskal Herria"

[2015/01/07] Preso eta Iheslariei elkartasun keinuak egingo zaizkie hainbat auzotan

[2014/12/29] Kalejira Indautxun zehar

[2014/12/26] Giza katea urteko azken ostiralean

[2014/12/23] Urtarrilaren 10eko mobilizazioak 101 atxikimendu jaso ditu

[2014/12/16] Etxeratek bisitei uko egingo die asteburu batez, "Bilbon, guztion artean, haize bolada berriak sortzeko"

[2014/12/10] Urtarrilaren 10a gorriz azpimarratzeko deia luzatu du Sare Dinamikak

[2014/11/28] Sare: "Konponbide integral baterako bidean, urrats garrantzitsu bat da presoak Euskal Herriratzea"