Zulueta 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldearen kontra eginiko polizia operazio batean. Geroztik isolamendu egoeran dago eta 2015eko martxoan, Estremerako (Madrid) espetxetik Puerto IIIra (Cadizera) urrundu zuten eta ordutik, "bakartze egoera latzenetariko bat" jasaten ari da bere lagun eta senideek azaldu dutenez.
Behin-behineko espetxealdian hiru urte beteko dituela salatzeko, urtarrilaren 7an manifestazioa deitu du Arantza Zulueta abokatuaren aldeko plataformak. Herritarrentzako deialdia da hori. Gizarte eragileekin eta talde politikoekin aurretik elkartzekoak dira plataformako kideak. Kontaktu erronda iragarri dute "konpromisoak" lortzeko.
Jone Goirizelaia abokatuaren esanetan, "ez dago arrazoi juridikorik" Zuluetak egoera horretan jarrai dezan. "Ez da existitzen Zuluetak ihes egiteko arriskurik", Auzitegi Nazionalak ekainean Zuluetaren askapena ukatzeko emandako argudioa baztertuz. Ezarri dioten behin-behineko espetxealdia "mendekua" da, Goirizelaiaren iritziz.
Webgunea
Urriaren 14tik martxan dago Arantza Zuluetaren "bakartze egoera" gaitzesteko webgunea. Puerto III espetxeko presoek sortu dute gunea espetxetik kanpoko eragileen laguntzarekin.
Ezezkoa askatzeko eskaerari
Joan den ekainean Auzitegi Nazionalak uko egin zion Arantza Zulueta askatzeko eskaerari. Auzitegi Nazionalak nabarmendu zuenez, "ETAko presoekin zerikusia duen sare osoa zuzentzeko eta gainbegiratzeko asmoz, ETAk darabilen ezinbesteko tresnako partaidea eta ordezkaria da". Horrez gain, ez zuen baztertzen ihes egiteko aukera, egozten zaion delituak 12 urteko espetxe-zigorra baitakar berarekin. Auzitegi Nazionalaren auto horretan De Prada epaileak Zulueta kartzelatik ateratzea defendatu zuen boto partikular baten bidez, "agerikoa delako ETAk jarduera terroristari utzi diola".
[2016-10-17] Arantza Zuluetaren isolamendu egoera salatzeko webgune bat jarri dute martxan
[2016-01-19] Artxibatu dute Arantza Zuluetaren aurkako kereila
[2015-08-25] Arantza Zuluetaren isolamendu egoera salatzeko protesta egingo dute Bilbon
[2015-01-05] Arantza Zulueta jasaten ari den isolamendua gaitzetsi dute