"Guztion artean" Zuluetaren "muturreko egoerari" bukaera emateko "beharra" adierazi dute

uriola.eus 2016ko aza. 8a, 08:15

Arantza Zulueta abokatuak kartzelan daramatzan bi urte eta hamar hilabetetako "muturreko egoera" salatu dute hainbat herritarrek bideo batean. Arantza espetxean mantentzeko "arrazoi juridikorik ez dagoela" defendatzen dute, "mendekua ez bada".

Dozena bat lagunek argiro azaltzen dute Arantzaren giza eskubideak Puerto de Santamaria III kartzelan "etengabe urratuak" direla, eta bere egoera fisikoa eta psikologikoa "arrisku handian" daudela. "Beste euskal preso askok pairatzen duten isolamendu basati honek 20 orduz mantentzen ditu ziega barruan. Batzutan gehiago ez denean. Arantzaren kasuan, gainera, motor baten zarata jasangaitza pairatu behar du", diotenez. 

Arantza Zulueta 2014an atxilotu zuten "preso politikoen bitartekari lana egiteagatik, lan publikoa eta politikoa egiteagatik", zehaztu dute. Bideoan parte hartzen duten lagunen aburuz, "ez dago arrazoi juridikorik Arantza espetxean mantentzeko, mendekua ez bada. Espainiar Estatuko arduradunen mendeku-politikaren asmoa Arantza pertsona gisa psikologikoki eta fisikoki apurtzea da". 

"Bakar-bakarrik dago" Arantza. Gainerako preso politikoengandik eta preso sozialengandik "isolatuta daukate". Ez du beste presorik ikusten. "Egun luzeak pasatzen ditu kartzeleroen ahotsak bakarrik entzuten", bere lagunen esanetan. 

Bere egunerokoa oso mugatuta du Zuluetak. Patiora ateratzen dutenean 12 metroko luzera baino ez duen patiora ateratzen dute. "Sare batekin estalita dago, eta egun askotan ez du eguzkirik ikusten". Gainera, sarritan biluztaratzen dute, "goitik behera miatzeko", eta ziega ere arakatzen diote "bertan dauzkan gauza apurrak hankaz gora jarriz". Arantzak "ez du eskubiderik", ez du jarduerak egiteko eskubiderik, ez kirol, ez kultur jarduerak ezta trebatzeko jarduerak egiteko eskubiderik ere. 

Jendarteari dei egin diote Arantza SOS plataformaren deialdiekin bat egitera eta mobilizazioetan parte hartzera. "Guztion artean egoera honekin bukatzea" dute xede. 

 

arantza-sos.eus

[2016-10-24] Urtarrilaren 7an manifestazioa egingo dute Bilbon Arantza Zuluetaren askatasuna exijitzeko

[2016-10-17] Arantza Zuluetaren isolamendu egoera salatzeko webgune bat jarri dute martxan

[2016-01-19] Artxibatu dute Arantza Zuluetaren aurkako kereila

[2015-08-25] Arantza Zuluetaren isolamendu egoera salatzeko protesta egingo dute Bilbon

[2015-05-08] Zulueta eta Iragi presoei ezarritako isolamendua salatuko dute Alde Zaharreko auzotarrek

[2015-01-05] Arantza Zulueta jasaten ari den isolamendua gaitzetsi dute

[2014/01/07] Zuriarrain eta Zulueta bilbotarrak beste zortzi lagunekin batera auzipetu ditu Bermudez epaileak