Ikusmin handia, bidaiari andana, kexa gogorrak eta hainbat eskaera

uriola.eus 2017ko api. 10a, 10:22

Argazkiak: @Bizkaia @juanmariaburto @euskotrenEJGV eta Itxaso Perez

Luzaroan esperotako unea iritsi zen joan den larunbatean. Bilbo iparraldeko goi auzoetako herritarrek metro eta tren sarearekin lotuko dituen zerbitzua inauguratu zuten. Ospakizuna, kexa eta eskakizunekin nahastu zen. 

Eguerdirako hainbat lagun zain zeuden San Nikolaseko geltoki berrituan metroko 3. linea estreinatzeko prest. Lehen eguna izaki doakoa izan zen bidaia. Politikari, arduradun eta herritarrek bat egin zuten Matiko eta Kukullaga auzoen arteko geltokietan. Txalo artean eman zioten ongi-etorria metroari. 

Inaugurazio ekitaldian, besteak beste, Bilboko Koral Elkarteak parte hartu zuen. Matikoko geltokian Agur Jaunak abestu zuen koralak. Gainerako geltokietan ere musika eta dantza ikuskizunak eskaini zituzten hainbat taldek. 

Egun "historikotzat" jo zuen apirilaren 8a Juan Mari Aburto Bilboko alkateak "Artxandako magaleko auzoei zerbitzua emango dien metroa estreinatzen baitugu". Historikoa, era berean, Txorierri,  Durangaldea, Urdaibai eta oro har Bizkaiarekin lotura "ahalbidetzen eta errazten" duelako. Alkateak eskerrak eman zizkien Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari "eginiko ahaleginagatik eta erakutsitako konpromisoagatik Bilbo, Bizkaia eta herrialderako obra estrategiko hau burutzeagatik". Metroko linea berriak, alkatearen esanetan, Bilbon bizi eta lan egiten dutenen eta Bilbora bisitan datozenen "bizitza kalitatea hobetuko du".

Metroko 3. linea eraikitzea "hiri-kirurgia" obra moduan deskribatu du Aburtok. Izan ere, "12.000 metro kuadro gune berde, bidegorri eta pasealeku berreskuratu ahal izan dira hiritarrek erabiltzeko eta gozatzeko". Elementu mekaniko berriak ere eraki eta martxan jarri dira mugikortasuna eta irisgarritasuna errazteko. Txurdinaga, Matiko, Zurbaranbarri, Trauko, Tiboli eta batik bat Artasaminako trenbide zaharraren gunea izan dira "birgaitze horren lekukoak".

Bere hitzaldiaren amaieran bidaiariei mezu bikoitza zuzendu zien alkateak: "Goza ezazue eta zaindu ezazue, denon zerbitzua baita denok erabiltzeko". 

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi zuenez "herri hau badabil". Rementeriaren hitzetan, "ondo dabilen herri bat aurrera doan herri bat da. Eta gaur herri hau metro bat aurrerago dago". 

 

Kexak eta eskaerak

Zurbaranbarriko zenbait auzotar Iturriondo plazatik Otxarkoagako Kepa Enbeita plazara hurbildu ziren goizean goizetik protesta egitera inaugurazio ekitaldiaren atarian. Zurbaranbarrin igogailuak eskatu dituzte gertuen duten metro geltokira iristeko. 

ESK sindikatuko kide batzuk izan zituzten ondoan. "Autonomiaz eta segurtasunez bidaiatzeko eskubidea" aldarrikatu zuten ikusmen urritasuna duten lagunek. Besteak beste, metroko geltoki guztietan megafonia zerbitzua exijitu zuten. 

Uribarriko Gure Etxea auzo elkarteak irakurketa kritikoa egin du. Batetik pozik agertu da "azkenean" 3. lineak zerbitzua emateari ekin diolako. Bestetik, obraren zifra batzuk gogorarazi nahi izan ditu "hiritarrok denok ordaindutako lan izan baita". Esaterako, "10 urteko kudeaketa behar izan dela, 8 urteko obra, hainbat atzerapen eta guzti". Gainera, linearen hasierako gastua 153 milioi eurotan finkatu bazen ere, azkenik, 430 milioi eurokoa izango da, honako eran banatuta: 280 milioi obrako gastua eta 150 milioi trenen gastua. "Guzti hau sei kilometro luze den linearekin gertatu bada zer espero dezakegu obra handietaz", galdetzen du elkarteak zabaldu duen mezu batean. 
 
Aurreko egunean, joan den ostiralean, Bizkaiko garraio ordezkaritzako sindikatu guztiek bat egin zuten San Nikolaseko geltoki parean "tarifazoa" salatzeko. Sindikatuen arabera, metroko 3. linearekin bat hileko txartela %30-50 bitartean garestitu da eta bidaia bakarreko noizbehinkako txartela %6-9 bitartean. Igoerak batik bat "ohiko erabiltzaileak eta ahalmen ekonomiko gutxien duten pertsonak kaltetzen ditu". Hori dela eta, tarifa igoera bertan behera utzi eta "sistema bateratu justuagoa" eskatu dute sindikatuek. 
 
 
 
 

 

 
 
 
 

[2017-03-14] Apirilaren 8an irekiko dute metroaren 3. linea

[2017-02-10] Metroaren 3. linea martxan jartzeak tarifak esponentzialki garestituko dituela salatu du LABek

[2016-05-30] IBAIZABAL: Metroko 3. linea azken txanpan (Berton Aldizkaria, 197. zenbakia)

[2016-04-20] 3. lineako erabiltzaileek txartel bakarra ordainduko dute metro sarean

[2015-11-11] 20 urteko metroak 3. linea erronka

[2015-05-15] EH Bildu: "Bilbobus lineak berrantolatuko ditugu, metroko 3. Linea indarrean sartu aurretik"

[2015-02-09] Metroko 3. linean "atzerapena, gainkostua eta eragozpenak" salatu ditu EH Bilduk

[2015-01-09] Metroko 3. lineako obrak bisitatzeko aukera eskainiko du ETSk

[2014/09/23] Otxarkoaga eta Uribarriko auzokideek "kezka" agertu dute metroaren 3. lineako obren atzerapenagatik 

[2014/05/29] Metroko 3. lineak auzoetan sortutako eragozpenekin amaitzeko eskatu du EH Bilduk

[2013/04/23] Metroko 3.linea ez da martxan hasiko 2017ra arte, onenean

[2013/04/22] Kontzentrazioa igande honetan metroko 3.lineako obren informazioa eskatzeko

[2013/04/22] Kontzentrazioa metroko 3.lineako obren informazioa eskatzeko

[2013/03/21] Metroko 3.lineako lanak ez direla geratuko, baina aldaketa teknikoak izan ditzakeela dio Azkunak

[2013/03/11] Metroko 3.lineako lanak geldi daudela ziurtatu dute eraikitzaileek

[2012/10/04] Gure Etxea: "Metroko 3. lineako lanen atzerapenarekin auzotarrei adarra jo zaie"