Bilbo, errugbiaren hiria

uriola.eus 2018ko mai. 9a, 12:35

Gloucester Rugby eta Cardiff Blues klubek Challenge Cup finala jokatuko dute ostiralean, 21:00etatik aurrera. Leinster Rugby eta Racing 92 taldeek, ordea, Champions Cup jokatuko dute larunbatean, 17:45etik aurrera.

European Professional Club Rugby (EPCR) klubak aurreikusi duenaren arabera, maiatzaren 11ko eta 12ko asteburuan 100.000 errugbi-zale etorriko dira Bilbora, lau talde finalistak animatzeko edo ohiko zirkuitutik kanpo egingo diren errugbi-finaletako bat ikusteko asmoz. Baina, aurreikusitako zenbaki hori luze geratuko dela dirudi.

Izan ere, sarrera asko salgai jarraitzen dute, batez ere ostiraleko partidurako. San Mamesek zaleentzako 53.289 eserleku ditu eta, dirudienez, bakarrik larunbateko norgehiagokan beteko da. Euskal ikusleek, beraz, Europako klub profesionalen arteko errugbi-partida garrantzitsuenak zuzenean ikusteko aukera izango dute azken unera arte. 

Inglaterrako Gloucester Rugby taldea eta Galesko Cardiff Blues arduratuko dira maiatzaren 11n Challenge Cup txapelketaren titulua eskuratzeko San Mamesen jokatuko diren finalak inauguratzeaz, 21:00etatik aurrera. Partidarako sarrerak saltzeari dagokienez, finala ikusteko 31.000 sarrera saldu edo erreserbatu dira. Adierazi dutenez, "nabarmen" gainditu dira EPCRk markatutako kopuruak. Hala ere, zelai erdia beteko da bakarrik, eta oraindik 25 euroko sarrerak eskuratu daitezke.

Bestalde, Irlandeko Leinster Rugby taldeak eta Frantziako Racing 92 taldeak Champions Cupeko finala jokatuko dute maiatzaren 12an San Mamesen, 17:45ean. Kluben arteko Europako errugbiaren txapelketarik garrantzitsuena da honako hau. Guztira, 49.000 sarrera saldu dira partidarako; hortaz, Europako Koparen finalerako estadioa bete-beteta egotea espero dute. Partidarako azken sarrerak 70 eurotik gora daude salgai.

Larunbateko partidurako gelditzen diren sarrera gutxi horiek saltzeko eta sold out kartela jartzeko, eta ostiralean San Mames itxura hobeago bat eman dezan, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak euskal herritarrak sarrerak erosteko animatu dituzte. Sarrerak http://www.epcrugby.com/bilbao2018.php plataforma ofizialaren bitartez eskuratu daitezke oraindik.

 

Fan Zone

 

Kanpotik datozen zeleek, eta euskal zaleek, denok batera errugbiaz gozatzeko topalekuak edo fan zoneak edukiko dituzte Bilbotik zehar. Beste kiroletan ez bezala, honek bateratuak izango dira, eta zale desberdin guztiak batera egongo dira giro ederrean. Garrantzitsuena, edo handiena, Areatzan jarriko duten karpa izango da. Karpa erraldoia izango da, eta kirol horren inguruko jarduera ugari egingo dira bertan. Areatzan egongo da maiatzaren 10etik aurrera. 

San Mameseko estadiotik gertu beste topaleku bat jarriko dute. Zelaiaren alboan egongo da eta partidura sartu baino lehen zale guztien topagunea bihurtuko da. Ostiralean 18:30etik 20:30era eta 23:00etatik 00:30era, eta larunbatean 15:00etatik 17:15era eta 20:00etatik 22:30era irekita egongo dena. Bertan txosna bat, food truck batzuk eta eszenatoki bat egongo dira.

Casilda Iturrizar parkea. Espazio horretan Universitario Bilbao Rugby Club taldeak zelai amerikar bat, ludoteka bat, ohe elastikoak, bungee run, errugbi zelai bat eta lantegi gune bat jarriko ditu. Umeentzako oso aproposa izango da. Bertan, errugbia zer den eta nola jokatzen den irakatziko dute eta horrez gain beste aktibitate batzuk antolatu dituzte. Bilbon errugbian hasi nahi duenak aukera ederra izango du Casilda parkean.

Alde Zaharreko hainbat tokitan egingo dira kontzertuak, lantegiak, kalejirak eta erakusketak, ostiralean eta larunbatean, 11n eta 12an. Tabernek beste bi ordu edukiko dituzte gauetan zabalik egoteko. Deusto Bizirik merkatari elkarteak hainbat jarduera egingo ditu auzoko hainbat lekutan, errugbi finalekin lotutakoak, ostiralean eta larunbatean, hilaren 11n eta 12an, hala nola kontzertuak eta erakusketak. BilbaoCentro elkarteak, berriz, hainbat kontzertu emango ditu Indautxu plazan eta inguruan ostiralean.


 

[2018-05-07] Egun historikoen esperoan

[2018-05-04] Bilbo Errugbi finaletarako prestatzen hasi da

[2018-04-23] Bilbo errugbiaren hiria bilakatuko da

[2018-04-16] Hilabete besterik ez Bilboko errugbi finaletarako