Esbastikak eta Josue Estebanezen aldeko mezuak bigarrenez agertu dira Deustun

uriola.eus 2014ko abe. 26a, 12:30

Abenduaren 10ean gertatu bezala, ikur naziak eta Josue Estebanezen askatasuna exijitzeko pintadak egin zituzten atzo -abenduak 25- Deustun, baita Uribarrin ere. Udal garbiketako beharginek bizkor ezabatu bazituzten lehen aldian, ez da horrela gertatu bigarrenean.

Margoketa faxistak Deustuko hainbat lekutan agertu dira berriro ere, besteak beste, esbastikak eta Josue Estebanezen askatasuna galdegiten duten mezuak. Estebanez izan zen 2007ko azaroan, Madrilen, Carlos Javier Palomino antifaxista erail zuen gizona. Egun, 26 urteko kartzela zigorra betetzen ari da.

Deustu pintada faxistaz beteta esnatu zen abenduaren 10ean eta atzo, abenduak 25, gauza bera errepikatu zen. Herriko tabernaren aurrealdean, Gazte Lokalean, Blusvy taberna zenaren sarreran eta beste hainbat lokaletako pertsianetan ikus zitezkeen margoketak. Esbastikak eta Josue Estebanezen askatasuna exijitzen zuten margoketak. Uribarri auzoan ere agertu dira zenbait margoketa. Oraindik orain ikus daitezke pintadak. Udal beharginak ez dira garbitzera pasa abenduaren 10ean egin bezala.

Harridura eta ardura

“Aspaldi, aspaldi” Deustuko Herriko Tabernako atean eta horman egin zituzten pintadak gogoan ditu Jose Moralesek. Baina abenduaren 10eko eta atzoko pintaden modukorik ez du gogoratzen. “Harrituta geratu gara”, dio. “Haserretuta eta amorratuta” utzi ditu Herrikoko kideak. “Mehatxua eta erasoa izan dira”. Moralesen arabera, gertatua larria den arren, ez zaio oihartzun handia eman behar, “hori baita egileek bilatzen dutena”.  

Inoiz ez dute izan “horrelako pintadarik” Deustuko Gazte Lokalean Aneren esanetan. Gaztetxea eta Txoridendaren arteko horma osoa bete zuten pintadek. “Eraso larria izan da, ez da edozein pintada, Josue hiltzaile bat da, estatu mailan jarraitzaile asko dituena, eta oso larria iruditu zaigu bere askatasuna eskatzen duten pintadak Gazte Lokalean agertzea”.

“Deustu bezalako auzo baten hainbeste pintada egitea, ez gauez, goizaldean baizik, goizeko 7ak eta 8ak bitartean, harrigarria da”, Sare Antifaxistako Eduren aburuz. “Zalaparta itzela” sortu zuten pintaden argazkiek lehen aldian sare sozialetan. “Jendea ohiko pegatina ikustera ohituta dago, esbastikaduna, baina pintada nazi kopuru handirik ez”. Eduren iritziz beharrezkoa da Josue Estebanezen askatasuna eskatzen duten mezuak eta esbastikak egungo testuinguruan kokatzea. “Iaz Arangoitin, Deustun eta Bilboaldean Josueren askatasuna eskatzen zuten pegatina kutre batzuk agertu ziren. Josueren familiako kide batzuk Bizkaian bizitzen jarraitzen dutela badakigu eta badakigu familia bisitatzen duen lagun talde batek babesten dituela loteria salduz eta kontzertuak antolatuz. Pintadak, bada, aurten, Deustun tokatu dira. Estatu osoan agertu diren arren antzeko pintadak. Denboran luzatzen den kanpaina da hau, hori da kontestua, Josueren ingurukoentzat heroi nazi-faxista bat da Josue”.

Estebanez espetxean dago 2007ko azaroaren 11an, Madrilen, Carlos Javier Palomino gaztea hiltzea egotzita. Egun hartan, inmigrazioaren kontrako manifestazioa antolatu zuen Democracia Nacional alderdi ultraeskuindarrak. Beste alde batetik, eragile antifaxista eta ezkertiarrek, bigarren deialdi bat deitu zuten leku berean, Democracia Nacionalen hitzorduaren aurka egiteko. Legazpi geltokiko kamerek, jaso zutenez, manifestaldira zihoan talde antifaxista bat trenera sartu zen eta, bertan Estebanez zegoen. Poltsikotik 25 zentimetroko labana atera eta mehatxu egin zien trenean zeuden gainontzeko pertsonen aurrean. Taldea beragandik urrundu bazen ere, Carlos Javier Palominok labankada jaso zuen ezker aldean eta bihotzari eragin zion. Gutxira hil zen.

Abenduaren 10ean Deustun ez ezik Sestaon, Barakaldon, Erandion, Arrigorriagan eta Basaurin ere agertu ziren margoketak.

“Eztabaida beti egon da”. Horrelako gertaeren berri eman edo ez eman. “Sarritan gorde ditugu”, dio Eduk. “Zabalpen gehiago ez emateko eta beharrezkoa den neurria ez gainditzeko”. Pegatina bat jartzen duten bakoitzean edota pintada bat egiten duten bakoitzean “ezin dugu korrika irten”. Horrelakoetan gorde egiten dira. Baina azkenaldikoek, “balantza gainditu dute. Jendeak jakin behar du zer gertatu den, zeren bihar eraso gehiago gerta daitezke, damutzeko modukoak”. Eduk Uribarriko kasua gogoan du, aurtengo jaietan gertatua. Gazte bat jipoitu zuten. “Erasoa salatu genuen elkarretaratze batean eta babesa eman genion mutilari epaitegira lagunduz”. Hilabetera, eskutitz bidez, jakin zuen erasotuak berak salatutako ekintzak ziurtatzeko modurik ez zuela izan epaitegiak.

Sare Antifaxistak EH Bildu koalizioko zinegotziei helarazi zien margoketen salaketa abenduaren 10ean, eurek Hiritarren Segurtasuneko nagusiari helarazteko, “bera baita Bilboko Udaltzaingoaren burua”. Pintada eta pegatinak ugaritu diren galdetzeko eta informazioa eskatzeko ahalegina egin arren, Udaleko ordezkariek “entzungor” egin dute. Laguntzeko prest azaldu ez baziren ere, “bi orduz sare sozialetan piztu zen alarmari erantzuteko edo, azkar bidali zituzten garbiketako langileak”. Herritarren erantzuna bezain garrantzitsua da, Eduren arabera, erakundeen erantzuna. Eta Udalean kezka behintzat zabaldu da, “hain bizkor bidali zituztenean garbiketako beharginak pintadak estaltzera. Hori ez da aurretiaz gertatu”. Bigarren aldian, berriz, ez da horrela izan eta atzoko pintadak ikusgai daude oraindik.

Eraldaketa

Azkenaldiko ekintzek arduratuta dute Sare Antifaxista taldea. “Ez da etxeko faxismoa, Una grande y libre eta arrano inperialekoa. Azken mezuek Greziako nazi militanteei egiten diete erreferentzia eta, Josueren kasuan, 90eko hamarkada baino lehenagoko sinbologia erabiltzen dute. Ordukoak talde nazi hutsak ziren, kaleko ekintzak burutzen zituztenak. 1999an Romoko Alejo Aznar mutila akabatu zuten eta astebete beranduago Santanderren beste bat”. Hortaz, orain arteko “fatxek” baino maila gehiago duten taldeak dira oraingoak. Pegatina kutretik kartelera egin dute jauzia, leku estrategikoetan kokatzeraino.

Aurrekariak

Enekuriko etorbidearen gaineko zubietako batean urriaren 31n agertutako pankartak “Camaradas Giorgos y Manos presentes” zioen. George Fountouli eta Manolis Kapeloni Greziako Amanecer Dorado talde ultraeskuindarreko kideei egiten die erreferentzia. Bi greziar gazteak 2013ko azaroaren 1ean hil zituzten motorrean zioazen bi lagunek. Hain justu, pankarta ezarri zen egun berean, baina urtebete lehenago.

Sare Antifaxistak pankarta zegoen lekutik kendu eta bere existentzia salatu zuen Internet bidez. Bi egunera, azaroaren 1ean, Deustun bertan hainbat lagun elkartu ziren ‘Naziak kanpora’ lelopean eginiko ekimenean. Faxismoaren aurka, tresnarik onenak, “batasuna, konpromisoa eta militantzia” direla aipatu zuten Sare Antifaxistako kideek. Horrelako kasuetan, erantzuteko eta “pauso bat emateko” deia zabaldu zuten jendartean.

Azkenaldian hainbat salaketa egin ditu Sare Antifaxistak, besteak beste, Bilboko hainbat gunetan lurrean botata agertu diren “Moros fuera de aquí” dioten eskuorriak edota “Inmigrantes parasitos sociales” dioen pintada Santutxun.

Lanketa Deustun

Ugaritzen ari diren ekintzak dira. Sare Antifaxistaren ustez “burua txarto duten pertsonak” daude pintada nazi-faxisten atzean. Eta guzti honek “gehiagora egingo duen itxura du”.

Batzarrean bildu dira Deustuko eragileetako ordezkariak. Herriko Tabernaren eta Gazte Lokalaren aurkako “eraso zuzentzat” jo dituzte margoketak. “Guk beraien kontra egin izan dugu orain baino lehen antzeko pintadak eta kartelak agertu direnean”, dio Anek. “Salaketa egin dugu, kontzentratu gara; guk badakigu nortzuk diren eta beraiek ere gu nortzuk garen”.

Eraso nazi-faxisten aurrean erantzuteko protokoloa prestatzen ari dira Deustun. “Lanketa antifaxista orokor bat” egiten. Ekintza xumeak izan ordez, eraso larriak direla jendeari azaltzeko ahaleginean jarri dute arreta.

 

 

[2014/12/10] Ikur naziek eta Josue Estebanezen askatasuna exijitzeko pintadek bete dute Deustu

[2014/09/30] Margoketa nazi-faxistak egin dituzte Basurtun

[2014/06/18] Elkarretaratzea deitu dute eraso faxista jasan zuen gaztea babesteko

[2014/06/17] Zurbaranbarrin eraso faxista jasan zuen gazteak salaketa jarri du

[2014/03/18] Faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako aldarria kalera aterako dute larunbatean

[2014/03/11] Faxismo eta arrazakeriaren aurkako eguna, manifestazioa

[2014/03/11] Faxismoari aurre egiteko plataforma berria jarri dute martxan

[2014/11/03] Jarrera eta adierazpen nazi-faxistak salatu dituzte