"Egunero lanean diharduten kolektiboak lokala hustera derrigortu ditu" Bilboko Udalak. Deustuko gazteek ohar batean jakitera eman dute "Gazte Lokalaren aurkako eraso hau, Deustu osoaren aurkako erasoa ere badela", eta "gurea defendatzeko" herri bezala erantzun zabala ematea erabaki dute.
Bihar, irailak 12, 12:00etan Gazte Lokalaren aurrean prentsaurrekoa eskaintzekoak dira. Bertan, aurrera begira prestatuko dituzten hainbat ekimen ezagutzera emango dituzte. Deustuko eta Bilboko herritarrei dei egin diete "guztiona dena babestera" eta "parte hartzera".
Husteko jakinarazpena
Bi lagun bertaratu ziren irailaren 8an Bilboko Udalera aurreko egunean Deustuko Gazte Lokalean postaz jasotako oharrarekin. Orduan jakinarazi zieten ofizialki udal ordezkariek lokala husteko agindua.
Etxarri eta Izarbeltzen ostean, "alertan" zeudela aitortzen dute gazteek. "Kezka" bazutela, baina horrelako "ohar irmo bat" jasotzen zuten lehen aldia da Gazte Lokaleko kideen esanetan. Uda baino lehen Bilboko Udalaren hainbat ohar jaso zituzten, "Bilboko beste gaztetxe batzuk bezala", Elkarbizitzarako Behatokian parte hartzeko. Gazteek ez diete ohar horiei erantzun.
Gazte Lokala, jabetza pribatukoa, 1991n okupatu zuen Deustuko gazte kuadrilla batek. Handik urte batzutara ondoko eraikina, Txoritegia, okupatu zuten. Gazte Asanbladak hitzarmena adostuta du Bilboko Udalarekin udal jabetzakoa den Txoritegia erabiltzeko. Hitzarmen hori indarrean dago oraindik.
[2017-09-08] Deustuko Gazte Lokalak Bilboko Udalaren husteko agindua jaso du
[2016-11-17] Deustuko Gazte Lokala: "Autogestioaren giltzarekin" 25 urte
[2014-10-31] Deustuko Gazte Lokala, ideia komunak konpartitzen dituzten ezberdinen arteko elkargunea
[2013-09-26] Deustuko Gazte Lokala: 22 urte eta gogoz beterik