Mobilizazioak iragarri dituzte Deustuko Gazte Lokalaren "defentsan"

prestaldizkaria 2017ko ira. 12a, 09:31

Prentsaurreko masiboa eskaintzekoak dira eguerdian Bilboko Udalaren kaleratze agindua jaso duten Deustuko Gazte Lokaleko lagunak. Bihar elkarretaratzea egingo dute eta etzi manifestazioa. 

Zehaztasunak gaurko agerraldian emango dituzten arren, aste honetako jarduera nagusiak aurreratu dituzte jada Deustuko Gazte Lokaleko kideek sare sozialen bidez. Ostegunean, Deustuko plaza nagusian, Done Petrin, elkarretaratzea deitu dute 19:00etan. Ostiralean, berriz, manifestazioa egitekoak dira Deustuko Gazte Lokala defenda dezagun lelopean. 

Deusturi "bizia ematen" 26 urtez aritu den Gazte Lokala ixteko aginduari "erantzun zabala" eman nahi diote herritarren babesarekin, Gazte Lokala husteko agindua "Deustu osoaren aurkako erasoa" dela nabarmenduz. 

 

Husteko jakinarazpena

Bi lagun bertaratu ziren irailaren 8an Bilboko Udalera aurreko egunean Deustuko Gazte Lokalean postaz jasotako oharrarekin. Orduan jakinarazi zieten ofizialki udal ordezkariek lokala husteko agindua. 

Etxarri eta Izarbeltzen ostean, "alertan" zeudela aitortzen dute gazteek. "Kezka" bazutela, baina horrelako "ohar irmo bat" jasotzen zuten lehen aldia da Gazte Lokaleko kideen esanetan. Uda baino lehen Bilboko Udalaren hainbat ohar jaso zituzten, "Bilboko beste gaztetxe batzuk bezala", Elkarbizitzarako Behatokian parte hartzeko. Gazteek ez diete ohar horiei erantzun. 

 

[2017-09-11] Gazte Lokala husteko agindua, "Deustu osoaren aurkako erasoa"

[2017-09-08] Deustuko Gazte Lokalak Bilboko Udalaren husteko agindua jaso du

[2016-11-17] Deustuko Gazte Lokala: "Autogestioaren giltzarekin" 25 urte

[2014-10-31] Deustuko Gazte Lokala, ideia komunak konpartitzen dituzten ezberdinen arteko elkargunea

[2013-09-26] Deustuko Gazte Lokala: 22 urte eta gogoz beterik

[2012-05-29] Gazte Lokalak 21 urte, zorionak!