Baldintzapean aske utzi dute David Rincon

prestaldizkaria 2017ko ira. 25a, 17:30

Alemaniako justiziak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio San Inazioko auzokideari. Arratsaldean aske geratu da Rincon, balditzapeko askatasunean. Hiru urte bete beharko ditu egoera horretan. Bihar espero da etxera bueltatzea. 

Uztailaren 6tik preso egon da David Rincon Hanburgon. G20ren goi bileraren testuinguruan sortutako liskarretan autoritatearen kontrako atentatua egitea leporatuta gaur epaitu dute. 15:00etan eman du bere familiak ezagutzera aske utzi dutela hiru urteko baldintzapeko askatasunean. "Oso pozik eta urduri" agertu dira berriarekin. 

David Rinconek ez du espetxean jarraitu beharko. Urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri badiote ere, bi urte baino txikiagoa den kartzela zigorra izaki, baldintzapeko askatasunean aske geratu da. Ez diote isun ekonomikorik ezarri ez Alemaniako estatuan sartzeko debekurik. 

Bihar goizean hartuko dute etxerako bidea David eta senideek. Arratsaldean iritsiko dira San Inaziora. 

Gaurko manifestazio deialdiari eutsi diote Herriok Erabaki eta Ezpam plataformak eta Errondoko auzo etxeak. "Gainontzeko atxilotuen askatasuna exijitzen jarraituko dugu. Kapitalismoaren aurrean elkartasuna da gure armarik eraginkorrena", adierazi dute.

Hanburgon G20aren goi bilerak iraun bitartean 200 bat lagun atxilotu zituen Alemaniako Poliziak uztailaren 5, 6, 7 eta 8an. Horietako bat da San Inazioko David Rincon. Bere lagun eta senideen esanetan lagunekin afaltzen zegoela atxilotu zuten. Behin baino gehiagotan azpimarratu dute "Hanburgon gertaturiko istilu edo buruturiko ekimenetan ez zutela atxilotu, lagun kuadrilarekin afaltzen zegoenean baizik". 

 

[2017-09-25] David Rincon gaur epaituko dute Hanburgon

[2017-09-22] David Rincon eta Hanburgon atxilotutako gainerako kideen askatasuna exijituko dute

[2017-09-19] David Rinconen askatasuna exijituko dute ostiraleko manifestazioan

[2017-09-11] Irailaren 22an David Rincon eta Hanburgon atxilotutako gainerako kideen askatasuna exijituko dute

[2017-09-07] David Rincon irailaren 25ean epaituko dute Hanburgon

[2017-07-12] Hanburgon "gatibu" sei egun daramatzan David Rincon "berehala askatzeko" exijitu dute

[2017-07-10] Hanburgon atxilotutako San Inazioko David Rincon gaztearen askatasuna eskatuko dute