"Euskal herritarrok zigortzeko aktibatutako salbuespen legedia desaktibatzeko" eskatu dute Madrilen

uriola.eus 2018ko urt. 9a, 16:04

50 auzipetuak Alcala de Henareseko epaitegian

Euskal Herri osoko eta Madrileko 50 gazteren aurkako epaiketak, tartean daude zortzi deustuar, gaur izan du hasiera eta amaiera Alcala de Henareseko epaitegian. Denei eskatzen diete bosna hilabeteko espetxe eskaera 2015ean Auzitegi Nazionaleko areto batean desordena egiteagatik. Epaiketa amaituta, sententziaren zain geratu dira.

2015ean bederatzi euskal herritar epaitu zituen Angela Murillo epaileak Auzitegi Nazionalean bi urte lehenago Urduñan Ernaik antolatutako Gazte Danbadan terrorismoari gorazarre egitea leporatuta. Ernaiko kideez gain oholtza gainean zegoen Periko Solabarria eta Topatu.info atariko kazetari bat ere akusatu zituzten. Solabarria ez zen Madrilera bertaratu, osasun arazoengatik, eta hilabete inguruan hil zen.

Epaiketako lehen egunean aretoan zeuden auzipetuek eta euren lagunek "ekimen sinboliko" bat burutu zuten. Altxatu egin ziren, guztira 50 lagun, eta soinean zeramatzaten 'libre' kamisetak kendu eta Angela Murillok berak emandako aginduaren ondorioz aste batzuk lehenago espetxeratutako Segiko zazpi gazteen aurpegiak agerian utzi zituzten. "Keinu sinboliko hori nahikoa izan zen zortzi akusatuak zein elkartasuna adieraztera joan ginen lagun guztiak desordena delitu baten aitzakiapean auzipetzeko", 50 lagunen arabera. Horregatik diote, "hau ere epaiketa politiko bat dela".

"Ironikoki", zehaztu dutenez, Auzitegi Gorenak berak "arrazoia eman zion gure aldarrikapenari", eta Segiko zazpi atxilotuak aske utzi zituen. "Urteak egon zen zabalik prozedura, ordu txikitan atxilotu, torturatu edo ihes egitera behartu zituzten, espetxeratu, hilabetetan bizitzak baldintzatuta ia astero Madrilera jaisten egon ziren... eta 28ak absolbitu zituzten". Danbadako ekitaldiaren harira auzipetutako bederatziak ere aske utzi zituzten.

Gaur, urtarrilak 9, goizean goiz gerturatu dira epaituak Alcala de Henareseko epaitegira. Auzipetu guztiak izan dira deklaratzen lehenak. Topatu.info atariak jakitera eman duenez, publiko gisa zeudenek epaiketa hartan ez zutela txalotu eta ezer ez zekitela azaldu dute; auzipetuak zirenak berriz, herri harresia protesta sinboliko gisa egin zutela adierazi dute. 

AVTko abokatu baten txanda izan da ostean, lekuko gisa deklaratu duelarik. Publikoko jendea oihuka hasi zela esan du, aulki gainera igo ez ote ziren gaineratuz. Epaiketaren unean aretoan zeuden bi poliziek ere eman dute euren lekukotza, publikoa pixkat bat tiratu eta ondoren euren kabuz irten zirela azalduz. 

Abokatuetako batek adierazi du ezin dela argudiatu publikoko kideetako bakoitzak txalotu zuenik; eta beraz, guztien absoluzioa eskatu dute defentsaren abokatuek, "eragozpena ez zelako larria izan eta ez dagoelako frogarik". Fiskalak eskaerei eutsi die, bost hilabeteko espetxe zigorra bakoitzarendako. 

Aurreikuspenen arabera bost eguneko iraupena izan behar zuen auzia egun bakarrean eman dute amaitutzat, sententziaren zain.

 

"Espainiar (in)justiziaren jarrera" oztopo

Auzipetuek ohar batean zabaldu dutenez, "denborak aurrera egingo ez balu bezala", epaitegietara "kateatuta" nahi dituzte, "isunek eta espetxe eskaerek itota, hari fin baten gainean kolokan beti". Baina argi dute, "bide luze batean jarri nahi dizkiguten harriak direla, elkartasunak eta borrokak merezi dutela".

Horregatik, epaiketa honen "zentzugabekeria" salatu dute berriro ere: "Noren buruan sar daiteke kamiseta batzuk erakusteagatik, edo besterik gabe, lagunei elkartasuna adierazteko epaitegian bertan egoteagatik norbait auzipetzea? 50 lagun auzipetzea? Euskal Herria zapaltzeko errepresioa eta epaitegiak erabiltzen dituztenen buruan bakarrik. 155 artikuluaren aplikazioa babesten dutenen buruan bakarrik. Badirudi ez dutela ulertu epaiketa bat gehiago ez dela nahikoa izango elkartasuna eteteko, lege eta sententzia injustuei men egiteko. Hamaika bider frogatu dugu alferrikako estrategia dela, eta gaur ere hala egingo dugu".

50 auzipetuen esanetan, bada garaia "euskal herritarrok zigortzeko aktibatutako salbuespen legedia desaktibatzeko". Izan ere, epaiketak ez dira eten. Herriraren kontrako epaiketa izango da laster, eta hainbeste oihartzun izan ez duten "hamaika epaiketa" izan dira azken urte hauetan zehar. Euskal Herriak konponbidea behar duela errepikatu dute, eta "espainiar (in)justiziaren jarrerak oztopatu baino ez duela egiten". "Errepresioaren eta mehatxu judizialen gainetik, euskal gazteriak libre bizi eta borrokatzen jarraitzeko apustua egiten dugu", erantsi dute. 

 

50 auzipetuen irakurketa: Epaiketa politikorik ez! 50ak LIBRE

[2018-01-09] 50 lagun, tartean zortzi deustuar, epaituko dituzte auzitegian desordena egitea leporatuta

[2015-06-11] Gaur epaituko dituzte Irati Sienra deustuarra eta beste zazpi gazteak

[2014/12/18] Kartzela zigor eskaria Topatuko kide bat, Ernaiko zazpi eta Periko Solabarriarentzat

[2015/03/11] Irati Sienra eta beste zortzi lagun maiatzean epaituko dituzte Gazte Danbadan terrorismoa goratzea leporatuta

[2015/05/28] Gaur epaituko dituzte Irati Sienra, Iraitz Salegi eta Ernaiko beste 6 kide

[2015/05/28] Ekainaren 11ra atzeratu dute Irati Sienra eta beste 7 gazteen aurkako epaiketa