Irailetik urtarrila bitarteko bost saioren ostean, Aferak bertso dinamika bere amaierara helduko da larunbateko bertso bazkariarekin. Egitasmoaren hondarrean, Deustuko Herriko tabernarekin elkarlanean Elorri bertso eskolak abian jarritako proiektuaren balantzea "oso baikorra" da izan duen "jarraikortasunagatik" eta "publikoaren erantzunagatik". Izan ere, saioko bost bertsolari gazte aritu dira, txapelketa eta epaimahaiaren presiotik urruti, taberna eta lagun giroan kantari, batazbeste, 100 bat entzulerentzat. Markel Baroja eta Ander Anakabe bertso eskolako kideen esanetan, hilabeteetan Deustun sortu den "bertso giroa oso handia izan da", eta horrek poztu egin ditu Elorriko lagunak, "garrantzitsua baita bertso eskolarentzat Aferak dinamikak izan duen zabalpena". Hilean behin, ostegunetan, bertsoa oso presente egon da Deustun.
Saioak gai zehatzei lotutakoak izan dira: zirkua, diskoteka, akelarrea, frontoia... Aurretik erabakitako tematikan, baina, gaurkotasunari ihes egin ezinik, Kataluniako egoera politikoa edota Bilboko Portuko armen bidalketa bezalako gaiak entzuteko aukera izan da. Kantari aritu diren 20 bat bertsolariek beti ere umoretik jo dute, eta bertsozaleak asko eskertu du saiakera: "Jendeak oso ondo pasa du, barre asko egin du".
Eskola gaztea
Antolakuntzan, bai gai-jartzaile bai bertsolari moduan, jardun dute Elorriko lehen belaunaldiko kideek. Bertso eskola gaztea da Deustukoa. Bilboaldean dagoen bi bertso eskoletako bat, Santutxukoarekin batera. Biek ala biek harremana estutzea eta bertso giroa zabaltzea dute xede. Neurri batean, Aferak dinamikari esker helburua betetzea lortu dute.
Bertso bazkaria
Aferak egitasmoa borobiltzeko bertso bazkari "potentea" antolatu dute larunbat honetan, hilak 24, Deustuko Herriko tabernan Julio Soto, Miren Amuriza eta Beñat Gaztelumendirekin. Bazkarirako txartelak Herriko tabernan eskura daitezke.
[2017-11-08] 'DiscAferak': bertsolariak kantuan eta dantzan
[2017-10-23] Bertsolari gazteei zuzendutako afera gehiago
[2017-10-05] Lehen afera zirkuan
[2017-09-28] Gazteak tabernan bertsotan epaileen presiotik urruti