Bertako produktuei lekua egiten

prestaldizkaria 2018ko mar. 23a, 15:34

Jaietan konpartsek eta kuadrillek eskaintzen dituzten produktuen jatorriaren gaineko hausnarketa abiatu du Deustuko Jai Batzordeak. Hausnarketaren ondorioz, bertako eta hurbileko produktuei leku gehiago egitea erabaki du.  

Deustuko jaietan bertako produktuen eskaintza bermatu asmoz, Done Petri plazan Jai Batzordeak paratu duen txosnan hurbileko ekoizleen edariak dira nagusi. Freskagarri, garagardo, likore eta bestelako alkoholdun edariak Euskal Herrian ekoitzitakoak dira. Txosnara kontsumitzera hurbildu diren herritarrek ontzat jo dute zero kilometroko produktuen aldeko apustua, zenbait produktu garestiagoak izan arren. Aurtengo "saiakera" baikorki baloratu ostean, aurrera begira, bertako produktuen eskaintza handitzea eta jai guneko txosna guztietara zabaltzea du helburu Jai Batzordeak.   

Jai Batzordeak emandako pausoekin pozik dago Boga artisau garagardoa Mungian ekoizten duen Urtzi. "Elikadura burujabetzarantz" emandako pausoak direlako, eta "egungo jai eredua kolokan" jartzen dutelako, besteak beste, edarien merkatuan nagusi diren "multinazionalei aurre eginez". Produktuen jatorriaren eta kalitatearen inguruko eztabaida zabaltzeari funtsezkoa deritzo: "Jai herrikoien esparruan astindu beharreko gaia da". 

Izan ere, bertako produktuek jai herrikoietan leku txikia dute. Jatorriari erreparatuta, konparaketa eginez gero, bertako produktuek "pisu gutxi" dute Martin Deustuko barazki ekoizlearen arabera. San Inazion duen ortuko produktuak saldu ohi ditu Martinek. Batez ere, ortuariak eta kontserbak.  

 

Eztabaida zabaltzeko

Jai giroak pertsona batzuk zentroan, beste batzuk bazterretan, eta beste batzuk etxean kokatzen dituela nabaritu du Deustuko Pare gazte talde feministak. "Arrazoi desberdinak" daude horretarako, baina Pareko kideek uste dute "desfasearen kultura ukaezina" den arrazoietako bat da. Hori dela eta, jai ereduaren gaineko eztabaida irekitzeko asmoz, bi norabide dituen apustua egin dute aurtengo jaietan: batetik, eskaintza eta, bestetik, gonbidapena. Parekideek badakite kontsumoa jo puntuan jarrita, "eztabaida  bermatuta dagoela, denoi zuzenean eragiten digulako".

Eskaintzari dagokionez, alde batetik, goizeko 03:00etatik aurrera alkohol 'gogorrak' kendu dituzte taldearen txosnatik. Badakite neurriak ez duela arazoa konponduko, "baina erabakia polemikoa izango da, eta horrek eztabaida irekiko du". Bestetik, goizaldeko 01:30-03:00 bitartean janaria aterako dute barrara, "tripa zertxobait betetzeko pikoteo azkar bat". Eta horrezaz gain, ura doan emango dute, eta alkoholik gabeko txupitoak eskainiko dituzte. 

Gonbidapenari dagokionez, jaietara hurbiltzen direnei nork bere burua berrikusteko proposamena luzatu die Parek: "Hausnartu zelan zauden gaueko une desberdinetan, gainerakoekiko zure jarrerak zeintzuk diren... Deskonektatu, disfrutatu, baina ez galdu kontrola". Sistemak kontrola galtzea "positiboa dela saltzen du", baina Parekp kideek zehazten dutenez, "ez da positiboa".

 

[2018-03-23] Deustu, bertso plaza beroa

[2018-03-22] Euriak zapuztu ezin duen jai gogoa

[2018-03-19] Giro ederra eta jendetza Deustuko jaien hasieran

[2018-03-16] Deustuko jaiak bero-bero

[2018-03-14] Pregoiaren ardura

[2018-03-12] Hamaika aukera Deustuko jaietan

[2018-03-07] Sorpresa!

[2018-03-05] Hamaika egun falta dira jaiei hasiera emateko