Epaiketan, batetik, "Kukutzaren okupazioa, Kukutza bera, epaitu zen". Zentzu horretan, akusatu guztiak absolbitu ditu epaileak. Horrez gain, besteak beste, epaileak “pabilioiean garatzen zen kultur jarduera” zein CABISAk “eraikina saldu edo alokatzeko inolako asmorik ez zuela” azpimarratzen du sententziaren zati horretan.
Bigarren atal batean, epaileak “Agintearen aurkako erasoa” egiteagatik kondenatzen du kideetako bat. Kukutzarekin Elkartasun Taldearen arabera, epaileak "ez ditu kontuan izan ertzainen arteko kontraesan ugariak", eta haietako baten testigantzan soilik oinarritzen da. "Ertzainek pertsona bat zauritu zuten, eta, gerora, haiei eraso egin izana egotzi zioten. Hain zuzen, kanpotik jaurtitako pilotakadetako batek zauritu zuen kidea".
Sententzia hau 2011ko gertakarien ondorio da: orduan, sorkuntza, autogestio eta gizarte kritikoa bultzatzen zituen Kukutza III gaztetxea "suntsitu zuten, udalaren ekimenez eta CABISA gisako enpresa ustel baten bitartez". Kukutzarekin Elkartasun Taldearen ustez, "muntai hau epaitegietan onartua zen, egon ez zen usurpazio delitu bat aitzaki". Ondoren, Ertzaintzak Errekalderen "okupazio polizialari ekin zion". Lehen egunean "soilik, 100dik gora pertsona zauritu zituen poliziaren biolentziak. Aldiz, ez zen poliziarik zauritu".
Kukutzarekin Elkartasun Taldearen balorazioa
"Astakeria guzti hau estaltzeko, poliziak muntaia handi bat sortu zuen, Kukutza barruan zein kanpoan elkartasuna adierazten zutenak kriminalizatzen. Epaituriko kasuan, zauritutako kide bat hautatu zuten, haien biolentzia ordain zezan. Hurrengo egunetan, Errekaldera hurbildu zirenetako hainbat atxilotu zituzten, ausaz. Haien aurkako epaiketa datozen hilabeteetarako espero da.
Kukutza kendu ziguten, eta mendekuan jarraitu nahi dute. Epaiketa honetan, bi munduren arteko talka argi geratu da. Bada, gure partetik aurrera jarraitzen dugu, okupatzen eta gure bizitzak guk geuk kudeatu eta defendatzen jarraitzen dugu. Elkartasunez, egongo diren deialdietara adi egotera dei egiten dugu.
Hau ez da horrela geldituko. Berandu baino lehen, herriak Kukutza suntsitu zuten espekulatzaile, epaile, agintari eta poliziak epaituko ditu".
[2015/01/29] Sententziaren zain geratu da Kukutzaren auzia
[2015/01/30] Akusazio eta defentsaren txostenen irakurketak emango dio amaiera epaiketari
[2015/01/29] IBAIZABAL: Kukutzaren aurkako epaiketa
[2015/01/29] Kukutzako auziperatua: "Argi geratu da elkartasuna baino ez genuela adierazi"
[2015/01/29] Iñaki Carro: "Denborak argi utzi duena da kaltetu bakarra Errekalde auzoa izan dela"
[2015/01/21] Kukutzaren okupazioa epaituko dute
[2014/07/04] Kukutzaren ondorengoa izango den eraikina okupatu dute Errekalden