1571ko azaroaren 9an Bilbok sute suntsitzaile bat pairatu zuen. Zazpi kaleak egun batetik bestera desagertu ziren. Bakarrik 6 dorretxek eta Done Jakue eta San Anton elizak biziraun zuten. Garai hartan hiriak bolborategiak ziren. Eraikin gehienak zurezkoak ziren, harria garestia baitzen. Bestalde, etxeak bero mantentzeko lastoa isolatzailetzat erabili ohi zen. Honek, argiztapenerako erabiltzen ziren koipeekin batera, sutearen hedapen azkarra bultzatu zuen. Herritarrak errebaleko etxeetan eta itsasontzietan hartu behar izan zituzten.
Katastrofe honez geroztik udalbiltzak hiribilduaren lehen Hirigintza Ordenantzak aterako ditu. Handik aurrera, eraikitzeko udal-baimena eskatu beharko da, aurretik planoak aurkeztu ondoren. Gainera, etxabeak eta eraikinen bitarteko hormak harrizkoak izan beharko dira, suteen zabaltzea murrizteko. Hirigintza aldetik, kaleen zabalera handiagotuko da 6,75 metrora heldu arte. Honekin batera, eraikinak altuagoak izango zitezkeen, 11,25 metrokoak. Kontuan hartu behar dugu aurreko etxeak bakarrik beheko solairua gehi beste solairu bat edo bikoak izaten zirela.
1571n ez bezala, egun euritsua zen hori. Nahiko arrunta irudi zitekeen, baina halere euria bereziki gogoz botatzen zuen. Hain zuzen ere, handik ordu gutxira denon beldurra egia bihurtu zen, Ibaizabal-Nerbioi ibaiaren urek kaleak hartu zituzten. Amesgaiztoa errepikatu zen. Ez zen Bilboko lehen uholdea izan, eta ez zen azkena izango. Dena den, inoiz ez zara egoera hauetara ohitzen.
Urak bere bidea segitzen zuen, goitik behera eta behetik gora, zerua eta lurra lotuz. Bilbo ,Venezia bilakatu zen, eta Venezian bezala ontziak kanaletatik nabigatzen hasi ziren, literalki. Portua Zazpi kanaletara zabaldu zen eta etxeko teilatuetaik belaontzien mastetara salto egin zitekeen. Ontziak hiribildutik paseatzen ziren kontrolik gabe, eraikin batek traba egin arte.
Aurreko errautsak eta geroko euri-tantak zirela eta, 1593ko irailaren 22an Bilbo desagertzeko zorian egon zen, berriro. Hiriaren berreraikitzean Zazpi Kaleko lursail-eskema zaharra mantendu zen. Halere, familia askok dena galdu zutenez eta ordenantza berriek eskatzen zituen baldintzek eraikuntza garestitzen zutenez, ezin izan ziren zentroan geratu eta errebaletara mugitzeko behartuak izan ziren.
Klase boteretsuak, ordea, egoera hau aprobetxatu zuen partzela hutsak erosteko eta espekulatzeko. Ikusten dugunez ohitura batzuk ez dira inoiz galtzen. Udalak ere ez zuen aukera galdu hobekuntzak egiteko. Lursailak erosi zituen plazak zabaltzeko, Santiagoko plaza adibidez, harresiaren hondarrak botatzeko eta eraiki publikoak handitzeko, kasu honetan Zamudio Portaleko kartzela. Hiribilduarekin berrikuntza honekin guztiz modernizatzen joan zen, Erdi Aroko zurezko herri batetik harrizko hiri zabal batera pasatuz.
Aldaketa honen adibidea Arana Jauregia da. XVI. mendearen azken hamarkadan eraiki zen. Antzinako dorretxe baten birmoldaketa da hau. Zahar eta berri klase boteretsuak hiri-tipologia berri honetan, hiri-jauregia, bizitzen hasi ziren. Arana jauregia Belostikaleko hasieran kokatzen da. Hiri antolamenduaren aldaketaren erakusgarri. Harresiarekin batera, atariak ere behera bota ziren. Portua enparantza zabalean bilakatuko da. Hurrengo mendean arkupeak sortuko dira, herria inguruetara irekitzeko asmoarekin. Jauregi errenazentista hau Bilboko zaharrena da. Nahiz eta barruko nahiko aldatuta egon, oraindik zenbait elementu original mantentzen dira: balkoiak, arkupeak, sarrera nagusia, bolumetria eta barruko patioaren tipologia.
Ikusi dugunez, XVI. mendean Bilbo puntaren puntan zegoenean, desagertzeko zorian egon zen, birritan. Hala eta guztiz ere, hemen gaude oraindik. Badirudi ezbeharrek aurrera jarraitzera bultzatzen gaituztela. Hiria modernizatzera behartu zuten. Dirudun familiek egoera aprobetxatu zuten bere boterea zabaltzeko, alderantziz, familia apalak erdialdetik mugitzera behartuak izan ziren. Lauzpabost mende beranduago historia errepikatzen segitzen dugu.
[2018-02-09] Bilbo XVI. mendean. Urrezko Aroa
[2018-01-08] Arkitektura gotikoa Bilbon
[2017-11-24] Bilbo XV. mendean
[2017-10-23] Bilbo XIV. mendean