28 gazteen epaiketa

Torturen salaketa egitera deitu dute urriaren 30ean 28 gazte auziperatuek

uriola.eus 2014ko urr. 9a, 16:08

Argazkiak: @shul_evolution eta @hirual

Euskal Herrian dira 1/12 sumarioaren baitan auziperatutako 28 gazteak. Gaurko sesioa izan dute aste honetako azkena. Egun gogorrak izan dira gazteentzat atxilotu eta torturatu zituzten poliziek deklaratzen zuten bitartean Angela Murillo epaileak aretoan egotera behartu baititu. Auziperatuek torturaren salaketa egiteko deia zabaldu dute urriaren 30ean, epaiketa berrabiarazikon den egunean.

"Beraien aurrean egon behar izan dugu", zioen Xabat Moran santutxuarrak haserre. Euren borondatearen aurka entzun behar izan dituzte 28 gazteek, astelehenetik gaur arte, fiskaltzak deklaratzera deitutako polizien lekukotzak. "Torturatzaileen gezurrak", gazteen esanetan.

Moranek Angela Murillo epailearen erabakia ez ezik polizien jarrera ere gogor salatu du, izan ere, agenteen janzkerak eta osagarriek Audientzia Nazionaleko publikoaren arreta deitu dute: "Poliziak gure aurretik pasa dira mozorrotuta, pelukak eta betaurrekoak jantzita". Auzitegia "ez dutela errespetatzen" adierazten du horrek Moranen ustez. "Zer ezkutatzen dute?", galdetzen du. 

Haserre zein pozik agertu da santutxuarra. Pozik, Fiskatzak deklaratzera deitu beharreko polizia batzuen errenuntzia egin duelako eta urriaren 20, 21 eta 22ko sesioak bertan behera geratu direlako. 30ean berrabiaraziko da epaiketa. Hortaz, "hiru egun irabazi ditugu", zioen Xabatek. Gazteen abokatuak ere gauza bera egitekoak direla esan dio URIOLAri: "Gure lekukoetatik zenbat kendu aurreikusi behar dugu". Lekuko gutxiagorekin "epaiketa arinduko da", eta hori da 28 auziperatuen desioa.

Mobilizazio deia

Urriaren 30ean berrabiaraziko da 28 gazte independentisten aurkako auzia Audientzia Nazionalean, polizien lekukotzekin. Egun horretarako 28ak Libre lantaldeak Euskal Herriko herri eta auzoetan "torturen salaketa egiteko deia" zabaldu du. Mobilizazio egun horretako xehetasunak hurrengo egunetan emango ditu ezagutzera.

 

[2014/10/06] Poliziek ukatu egin dute 28 gazte independentistek torturarik jasan izana

[2014/07/03] 28ak Libre taldeak Santutxun lehen asanblada egingo du

[2014/07/10] Libre dinamika abiarazi dugu Santutxun

[2014/07/18] Argazki erraldoia egin dute Santutxun Libre dinamika babesteko

[2014/09/22] 28 gazteen aurkako epaiketa gaur goizean hasiko da Madrilen

[2014/09/22] Berrabiarazi dute gazte independentisten aurkako epaiketa

[2014/09/23] Ikoitz Arrese: "Polizia batek pistola bat atera, buruan jarri eta kargatu egin zuen, gainbehera etorri nintzen"