Gaur deklaratu duten zazpi abokatuak bermerik gabe aske geratu dira, haien artean hiru bilbotar

uriola.eus 2015ko urt. 14a, 14:28

Asteleheneko polizia operazioan atxilotutako hamairu lagun aske geratu dira dagoeneko; arratsaldean, 18:00etan, Javier Carballido, Fran Balda eta Jon Mintegiagak deklaratu beharko dute.  

[Bideoa: Javier Romero]

10:30etatik aurrera, Atxarte Salvador, Kepa Manzisidor eta Ane Ituiño bilbotarrak, Aiert Larrarte, Ainhoa Baglietto, Jaione Karrera eta Alfontso Zenonekin batera, Eloy Velasco epailearen aurretik igaro dira deklarazioa ematera. 

Jaione Karrera, Kepa Manzisidor eta Aiert Larrarterentzat 50.000 euroko bermea eskatu du Eloy Velaskok; baina eguerdi aldera, epaileak zazpiak libre utzi ditu bermerik gabe. Oraindik ere, beste hiruk deklaratu behar dute; Javier Carballido, Fran Balda eta Jon Mintegiagak; arratsaldean izango da haien txanda.

Atzoko egunean Eukene Jauregi, Haizea Ziluaga, Amaia Izko, Arantxa Aparicio, Onintza Ostolaza eta Nagore San Martinek deklaratu zuten eta Velascok kargupean aske utzi zituen. Bost abokatuei "talde armatuko kide eta kolaboratzaile izatea, kapitalen zuriketa eta bi iruzur delitu" egin izana leporatzen diete eta Nagore San Martini, " talde armatuko kide izatea eta berau finantzatzea; eta Ogasun Publikoaren kontrako delituak" egin izana egozten diote.

Manifestazio batek Bilboko kaleak zeharkatu zituen atzo

Atzo arratsaldean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan protestak burutu zituzten atxiloketak gaitzesteko. Bilbon, manifestazioa abiatu zen Arriagako plazatik 19:30ean, "Atxilotuak askatu! Konponbideari erasorik ez!" lelopean. Bertan, ehunka lagun bildu ziren, haien artean, Maribi Ugarteburu, Karmelo Landa, Mikel Etxaburu auziperatua eta preso politikoen prozesu juridikoak lantzen dituzten zenbait abokatu. manifestazioak Plaza Eliptikoa inguratu zuen "alde hemendik utzi bakean!" oihu artean eta ondoren, Arriagarako bidea hartu zuen berriro ere.

Sarek agerraldia eskainiko du

Atzo jakitera eman zuen Sare Herritarrak, gaur, 16:30ean, agerraldia eskainiko duela Abando Hotelean "azken egunotako albisteen harira".

Larunbateko manifestaziorako autobusetan izena emateko tokiak

Eragile politiko, sozial eta sindikalek manifestazioa nazionala deitu dute larunbatean, urtarrilak 17. Martxa, 17:00etan abiatuko da Donostiako Antiguoko tuneletik "Giza eskubideak, bakea eta konponbidea" lelopean eta protestaren bidez, euskal presoen defentsa eta ordezkaritza legala egiten duten abokatuen atxiloketa gaitzetsi eta Euskal Herriak "etorkizunera begiratzeko unea" dela aldarrikatuko dute.

Larunbatean, hainbat autobus irtengo dira Bilbotik Donostiato hitzordura joateko. Autobusetan izena eman daiteke Deustuko Herriko Tabernan (94476 13 91), Alde Zaharreko Errondabiden (94601 63 46), Indautxuko Kirrulin (94400 36 27) eta Santutxuko Herrikoan (94412 91 09). 

 

[2014/01/09] Bilbo Zaharrean olerki artean salatu dute Mikel Etxabururen auziperatzea

[2014/01/09] Elkarretaratzea egingo dute Bilbo Zaharrean Mikel Etxabururen auziperatzea salatzeko

[2015/01/12] "Helburu argia du gaurkoak, preso independentistak defentsa juridiko gabe uztea"

[2015/01/12] Abokatuen aurkako Guardia Zibilaren operazioa

[2015/01/12] Ainhoa Etxaide: "Berriro salatu behar dugu askatasun demokratikoaren aurkako eraso bat"

[2013/01/13] Bilboko auzoetan "konponbideari erasorik ez, atxilotuak askatu" mezua zabaldu dute

[2015/01/13] Abokatuen kontrako operazioa gaitzesteko, manifestazioa nazionala deitu dute larunbatean