Harrera beroa egin diete Bilboko auzoetan aske geratutako bost abokatuei

uriola.eus 2015ko urt. 15a, 08:30

Goizaldean iritsi dira etxera Atxarte Salvador, Eukene Jauregi, Kepa Manzisidor, Ane Ituño eta Haizea Ziluaga abokatu bilbotarrak. Hainbat lagun eta senide zain izan dituzte babesa emateko. Gaur, Herriraren aurkako operazioan atxilotu eta inputatuek Salbeko koartelean deklaratu beharko dute. Elkarretaratzeak deitu dituzte 11:45ean eta 16:30ean.

Besteak beste, Deustun, Herriko Tabernan harrera egin zieten hainbat lagunek auzokide dituzten Atxarte Salvador eta Eukene Jauregi abokatuei, 'ongi etorri' zioen pankarta astinduz eta Agurra dantzatuz.

Guardia Zibilak asteleheneko operazioan atxilotu zituen bost abokatu bilbotarrak aske utzi ditu Eloy Velasco epaileak, deklarazioa hartu ondoren. Diru bermerik gabe, baina ez baldintzarik gabe. Pasaportea kendu diete guztiei, eta hilero epaitegian sinatzeko agindua jaso dute.

Gainera, euren lana erabat baldintzatua izango dute. Abokatuei ukatu egin die beren lana normaltasun osoz eta berme guztiekin egitea. Espetxeetara "bisita antolatuak" egitea debekatu die epaileak, instrukzioak irauten duen bitartean. Euren bezeroak ikusi ahal izango dituztela adierazi du Velascok, baina bakarka, aurrez aurre, "preso jakinekin eta ekinbide prozesal edo espetxealdi jakinei buruzko saioetarako".

Velascok inputatu egin ditu abokatuak. "Erakunde terroristako kide izatea edo hari laguntza ematea" egotzi die Velascok. Dirua zuritzea, eta BEZarekin iruzurra egitea.

 

Herrirako auziperatuei babesa

Duela urtebete Herriraren aurkako polizia operazioan atxilotu eta inputatu zituzten herritarrek Guardia Zibilaren telefono deiak jaso dituzte. Inputatuta daudela eta Guardia Zibilaren egoitzetara deklaratzera joan behar dutela jakinarazi diete telefonoz. Herrirako langileen kontrako delitua egin izana egozten diete.

Gaur deklaratu behar duten lagunen artean bi bilbotar daude, Beñat Zarrabeitia eta Roberto Noval. Salbeko koartelean egingo dute. 'Babes ditzagun' lelopean, elkarretaratzeak deitu dituzte 11:45ean eta 16:30ean, Salbeko plazan.

 

LABek kontzentrazioak deitu ditu

'Utzi bakean Euskal Herria, euskal presoak etxera' lelopean elkarretaratzeak deitu ditu LAB sindikatuak bihar, urtarrilak 16, Euskal Herriko hiriburuetan, eguerdian. Bilbon, udaletxe aurrean izango da hitzordua.

 

[2015/01/14] "Gaur, Sare, are eta sare indartsuagoa da"

[2015/01/14] Gaur deklaratu duten zazpi abokatuak bermerik gabe aske geratu dira, haien artean hiru bilbotar

[2015/01/13] Abokatuen kontrako operazioa gaitzesteko, manifestazioa nazionala deitu dute larunbatean

[2013/01/13] Bilboko auzoetan "konponbideari erasorik ez, atxilotuak askatu" mezua zabaldu dute

[2015/01/12] "Helburu argia du gaurkoak, preso independentistak defentsa juridiko gabe uztea"

[2015/01/12] Ainhoa Etxaide: "Berriro salatu behar dugu askatasun demokratikoaren aurkako eraso bat"

[2015/01/12] Abokatuen aurkako Guardia Zibilaren operazioa

[2014/01/09] Bilbo Zaharrean olerki artean salatu dute Mikel Etxabururen auziperatzea

[2014/01/09] Elkarretaratzea egingo dute Bilbo Zaharrean Mikel Etxabururen auziperatzea salatzeko