Julen Orbea eta Maku Basaberi kartzela zigorraren ordez isun ekonomikoa ezarri diete

uriola.eus 2015ko urt. 19a, 12:16

Urtebeteko kartzela zigorra bete behar zuten Alde Zaharreko bi gazteek eta gaur jakinarazi diete, isun ekonomikoa ezarri dietela espetxe zigorraren ordez. Biak "oso pozik" agertu dira erabakiaren aurrean.

Alde Zaharreko Maite Perez auzokidearen heriotzaren 25.urteurrenean iritzi artikulua argitaratu zuten Alde Zaharreko sei herritarrek komunikabideetan. Testu horretan islatu zituzten ideiengatik Auzitegi Nazionalean epaituak izan ziren "terrorismoa goratzea" egotzita, 2014ko otsailean. Urtebeteko espetxe zigorra ezarri zieten orduan. Irailean, jakin zuten Auzitegi Gorenean aurkeztutako errekurtsoa ez zutela tramitera onartu eta, ondorioz, lau pertsona espetxe zigorra betetzeko zain geratu ziren. Baina horietako bik bakarrik aurre egin behar zioten espetxealdiari; Julen eta Makuk, dagoeneko kartzelan egondakoak zirelako.

Gaur jakinarazi diete, isun ekonomikoagatik aldatu dutela euren kartzela zigorra.

 

Julen Orbea: "Isuna ordaintzeko zer edo zer egingo dugu"

Ez zuten espero Auzitegi Nazionalaren erabakia. Kartzela zigorra ekidingo dute Julen Orbea eta Maku Basabe bilbotarrek, eta ezustean harrapatu ditu berriak. Estatuaren egungo "zurrunbiloa" kontutan hartuta, "kartzelara bidea hartuta genuen", adierazi dio URIOLAri Orbeak. 

Azken hilabeteak "gogorrak" izan dira Orbea eta Basaberentzat. "Lau hile eman ditugu itxaroten, egunero zer gertatuko zen" ez zekitela. Auzotarren babes eta elkartasunak asko lagundu die. "Jendea babestea, gertatua salatzea eta kalean presioa egitea funtsezkoak dira. Guri tokatu zaigun moduan horrelako egoeran dagoen orori babesa ematea da bidea".

Isuna, beste zigor mota bat dela argi utzi nahi du Orbeak. Kartzelan sartu behar ez badute ere, zigorra beteko dutela azpimarratu nahi du. "Bost auziperatutik hiruk 7.400 eurona ordaindu beharko dugu, hori zigorra da", eta zigortzen dena oroimenerako eskubidea da Orbearen esanetan: "Ez dugu memoriarako eskubidea, errelatoaz denek hitz egiten duten garaian, gatazkaren irakurketa batek ez du balio, Euskal Herrititik egiten denak behintzat ez". Isuna ordaintzeko "zer edo zer" egingo dutela aurreratu dute; "kontzerturen bat, kanpainaren bat".

 

[2014/09/16] Julen Orbea: "Hitzek kartzelara garamatzate"

[2014/09/16] Iritzi artikulu bategatik espetxe arriskuan dauden lau bilbotarrengatik "alarma gorria"

[2014/09/19] Burrunbada, iritzia delitua ez dela aldarrikatzeko

[2014/10/07] "Ez dagokigu guri bakarrik epaiketa hauek gelditzea, herri aktibazioa ezinbestekoa da"

[2014/10/16] Herritarrak kalera aterako dira beste behin, iritzia delitua ez dela aldarrikatzeko

[2014/10/17] Oihu, zarata eta bide mozketa iritzia askatasunaren alde

[2014/10/29] Iritzi artikulu batengatik Alde Zaharreko gazte bat epaituko du gaur Auzitegi Nazionalak

[2014-10-30] Iritzi askatasun falta irudikatu dute aurpegia eta ahoa estaliz