"Gizarte aldaketarako tresna gisa protestarako eskubidea lurperatu nahi dute"

uriola.eus 2015ko uzt. 1a, 08:29

Herritarren Segurtasunerako Legea eta Zigor Kodearen erreforma gaur dira indarrean sartzekoak, 'Mozal legeak' bezala ezagunagoak, Espainiako Gorteetan PPren aldeko botoekin soilik onartu ostean. Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak eta batu zitzaizkien hiritarrek gogor salatu zituzten atzo 'Mozal legeak' espazio publikoa okupatuz. "Gaur delitu dena" eginez.

Bizkaiko hainbat gizarte eragilek osatzen duten plataformako kideek mozalarekin estali zuten ahoa atzokoan, besteak beste, 'Mozal legeen' ondorioz "herritarrek pairatuko duten adierazpen askatasunaren urraketa eta protesta eskubidearen mugatzea" salatzeko.

Izan zen nazioartean askatasunaren defentsa egiteagatik ikur bihurtu diren pertsonen kareta aurpegiratu zuenik ere. Rigoberta Menchu, Martin Luther King edota Nelson Mandelaren aurpegia, mozala ahoan zutela, ikus zitezkeen Periko Solabarria zendu berriaren karetaren ondoan.

Lege erreformen helburua "gizarte aldaketarako tresna gisa protestarako hiritarrek duten eskubidea lurperatzea da" plataformako kideen esanetan. Gaur indarrean sartuko diren lege erreformak "adierazpen eta manifestazio askatasuna bezalako oinarrizko eskubideen aurkako eraso zuzenak dira".

Aurrerantzean gogor zigortuak izango diren ekintzetako bat burutu zuten atzokoan. Baimenik gabe, Plaza Birileko elkarretaratzean 20 minutu eman ostean, 200 bat lagun mugitu egin ziren eta errepidea okupatu zuten. Lehenik Hurtado Amezaga kalea moztu zuten eta aurrerago Plaza Biribila. Bertan, errepidean eseri ziren protestaldian parte hartu zuten hiritarrak. Trafikoa moztuta egon zen 20 minutuz; Bilbobusak baino ez ziren pasatu epe horretan.

Eserialdia hasi eta 10 bat minutura agertu ziren Ertzaitzaren furgona bat eta bi auto. Luze jardun zuten hitz egiten ertzainburuak eta plataformako lau kidek eserita zeudenek "desobedientzia" eta "Mozalik ez" oihukatzen zuten bitartean. 20 minuturen ostean, Ertzaintzak disolbatzeko agindu eta isunekin bertaratuak mehatxatu ostean, txalo artean eman zuten bukatutzat protestaldia.

Gaur beste bat

Moyua plazan, Gobernu Ordekaritzaren aurrean, 11:00etan elkarretaratzea egingo dute gaur, uztailak 1, Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak deituta. Elkarretaratzean mozalarekin ahoa itxita dutela parte hartuko dute hiritarrek 'Mozal legeen' ondorio den "eskubideen kriminalizazioa" irudikatzeko.

 

[2015/06/25] 'Mozal legeen' aurka 'azken dantza' egitera deitu dute

[2015/06/25] 'Mozal legeen' ondorioz biluzik, isilik eta bilurrez lotuak

[2015/06/23] 'Mozal legearen' aurka 'azken dantza' egitera deitu dute

[2015/04/18] Mozal Legearen aurrean jarrera aktiboa izateko konpromisoa hartu dute gazte eragileek

[2015/04/17] Bizkaiko gazte eragileek 'Mozal legea'-ren aurkako manifestazioa deitu dute

[2015/03/29] 'Mozal Legeak', "adierazpen eta mobilizazio askatasunaren kontrako eraso zuzena"

[2015/03/27] Herritarrak, koxka bat estuago

[2015/03/26] Kongresuak 'Mozal legeak' onartu dituela salatzeko elkarretaratzea egin dute PPren egoitzaren aurrean

[2015/03/06] Hileta-martxarekin "adierazpen eta mobilizazio askatasunaren kontrako eraso zuzena" irudikatu dute

[2015/03/05] Protesta eskubidearen "heriotzari" omenaldia gaur arratsaldean

[2015/02/26] 'Mozal legeari' aurre egiteko mobilizaziorako deia egin du gizarte eragileen plataforma berriak

[2015/02/26] 'Mozal legea' salatzeko 'Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma' aurkeztu dute gaur