Bilboko astelehenak pentsionistenak dira. Azken asteetan kalera irten dira beraien aldarrikapenekin. Lehenengo momentutik atxikimendu ugari lortu dituzte, eta udaletxe aurreko plaza betetzeko gai izan dira egun guzti hauetan, trafikoa mozteraino. Aldarrikapenei eusteko eta indarrak neurtzeko, larunbat honetan manifestazio handi bat egiteko asmoa dute.
Izan ere, otsailaren 22an antzeko deialdia antolatu zuten. Orduan pentsionistek Bilboko kaleak bete zituzten. Udaletxetik Moyua Plazara arteko manifestazioa benetan jendetsua izan zen, 35.000 bat lagunekoa, erabat arakastatsua. Kasu honetan, larunbatean egitea adostu dute. Horrela, langileek eta ikasleek ere parte hartu ahal izango dute. Ahalik eta atxikimendu eta pertsona gehien batzea dute helburu.
Pertsona Jubilatuen Bizkaiko Elkarteko kideek adierazi dutenez, "pentsioak guztion arazoa dira, ez bakarrik gaur egun pentsioak kobratzen ditugunonak, eta guztion artean defendatu behar ditugu". Larunbatean, 17:00etan jarri dute hitzordua Udaletxearen aurrean.
Aldarrikapenak
Pentsionistak "irainduak" sentitzen dira, azken bost urtetan Espainiako Gobernuak ezarritako %0,25eko igoera "kaskartzat" eta "huskeriatzat" jotzen dutelako. Mariano Rajoyren gobernuak besterik iragarri ezean, 2022ra arte %0,25eko igoera izango dute pentsioek. Horregatik eskatzen dute pentsioak KPIaren arabera eguneratzea eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea.
2017an KPIren igoera %1,2koa izan da. "Praktikoki, %1ean galdu dugu gure erosahalmena", diote Pertsona Jubilatuen Bizkaiko Elkarteko kideek. 2018an %1,4ko KPI aurreikusi dute, ondorioz, pentsiodunen egoera hilero hilero "gero eta larriagoa izango da". 2012tik %3,25eko erosahalmena galdu dute pentsiodunek. Horri 2018ean erantsiko zaion %1,35 gehitu behar zaio. Hortaz, urtea "%4,6ko galera pilatuz amaituko dugu".
Gaur egun 480 eurokoa da alargun baten pentsioa, "ez da batere duina". Ezta 700 euroko diru-sarrerekin EAEn bizi diren 170.000 pentsiodunen egoera ere. Horietako erdiak Bizkaian bizi dira, eta gehienak emakumeak dira.
[2018-02-23] "Pentsio duinen" aldeko manifestazioa Bilbon
[2018-02-22] Pentsio duin eta publikoen aldeko aldarria Espainiako Gobernuaren aurrera eramango dute
[2018-02-21] Pentsio duinak eskatzeko manifestazioa egingo dute bihar
[2018-02-12] Bosgarrenean ere lepo
[2018-02-06] Adarjotzea salatu eta pentsio duinak aldarrikatu dituzte
[2018-01-31] Pentsio duinak eskatzeko manifestazioak egingo dituzte
[2018-01-30] Pentsio duinak eskatuz kontzentrazio jendetsua egin dute astelehenean Bilbon