Ustezko erasotzaile gisa Ertzaintzak "formalki" pertsona bat inputatzearekin batera heldu zen atzo arratsaldean Bozeramaileen Batzordearen bilera eta Bilboko Udalaren "gaitzespenik indartsuena", alderdi guztiek adostutako adierazpena, alegia. Bertan, besteak beste, "izaera faxista edo totalitarioagatik banakako zein taldekako giza-eskubideen aurka gerta daitekeen indarkeria oro" errefuxatu du erakundeak.
Atzoko egunean zabaldu ziren albiste nahasien aurrean, filtrazioak tarteko, "errespetua" eskatu du Udalak bai poliziak bai justiziak lana "zorroztasunez" egin dezaten gertatua "lehenbailehen eta oso-osorik" argitzeko. Zenbait hedabidek zabaldu dutenez, ikerketako iturriak aipatuz, erasoaren egiazkotasuna zalantzan jarri dute, gazteak komisaldegian salatutako erasoa "bortxa gabea izan daitekeelako eta salaketa faltsua daitekeelako". Ertzaintzak, oraindik orain, ez du baieztatu gaztearen bertsioa zalantzan jarri duenik, baina filtrazioak egoneza sortu du. Arangoitiko elkarteek, adingabearen familiarekin batera, sinesgarritasun osoa eman diote gazteak esandakoari. EH Bilduk eta Udalberrik, berriz, Ertzaintzak eginiko filtrazioa ikertzeko exijitu dute, "eta ardurak" eskatu dituzte: "Uste baitugu erasoaren izaera faxistaren inguruko zalantzak sorraraztea izan duela helburu".
Atxilotze edota urruntze agindua
Adierazpen instituzionala Udaleko alderdi guztiek berretsi duten arren, EH Bildu eta Udalberrik kritika gogorra egin diete udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSEri. "Minimoetan oinarrituriko akordioa" dela irizten diote, eta "berandu" datorrela. Oposizioko alderdiek ez dute ulertzen "nolatan ez duten atxilotu erasoa egin izana leporatuta auzipeturiko pertsona, edo gutxienez, nolatan ez zaion ezarri urruntze agindu bat, kontuan hartuta Arangoitiko herritarren artean dagoen kezka". Izan ere, Bozeramaileen Batzordea batzartu baino lehen Arangoitiko auzo elkarteen koordinakundeak publiko egin zuen adierazpenean kezka eta galdera bera aipatzen dute. Auzoko "bizikidetasun arrunta" berreskuratu nahi dute auzotarrek, hain zuzen, "muturreko eskuineko talde ultrek apurtutakoa".
Inputatua eta bere lanbidea
Bilbotar gazteak ustezko erasotzaileetako bat identifikatu zuen. Arangoiti auzoko harrera zentro batean lan egiten duen ultraeskuindar bat da, beti ere salaketaren arabera. Iturri antifaxisten esanetan pertsona hori oso ezaguna da Bilbo inguruan izan diren ekitaldi eta ekintza neonazien atzean egoteagatik. Besteak beste, 2012ko urriaren 12an Bilbon hainbat talde ultraeskuindarrek antolatutako bilkuran izan zen eta sare sozialetan bere irudia zabaldu da.
Pasa den neguan Deustuko mugimendu antifaxista harremanetan jarri zen harrera zentroa kudeatzen duen Lagun Artean eliz-elkartearekin eta ohartarazi zion ideia neonaziak zituen pertsona batek egiten zuela berekin lan. Egunotan Arangoitiko auzo elkarteen koordinakundea Lagun Arteaneko ordezkariekin jarri da harremanetan ustezko erasotzailearen aurkako neurriak har ditzatela eskatzeko. Hain zuzen ere, hezitzaile sozial lana egiteari utz diezaiola eskatzeko. Lagun Artean elkarteak ez du inputatuaren aurkako neurririk hartu, eta "modu indibidualean elkarteko langileren batek egin duenaren inolako erantzukizunik ez duela adierazi du", Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko zinegotziak jakitera eman duenez.
[2015-09-01] Eraso faxistari erantzun irmoa eman diote arangoitiarrek
[2015-08-31] Elkarretaratzea egingo dute 20:00etan Arangoitin eraso faxista salatzeko
[2015/04/21] Gorroto-delituen gorakadak kezkatuta ditu hainbat elkarte
[2015/01/02] Panfleto nazi-faxistak agertu dira Indautxuko kaleetan
[2014/12/26] Esbastikak eta Josue Estebanezen aldeko mezuak bigarrenez agertu dira Deustun
[2014/12/10] Ikur naziek eta Josue Estebanezen askatasuna exijitzeko pintadek bete dute Deustu
[2014/09/30] Margoketa nazi-faxistak egin dituzte Basurtun
[2014/06/18] Elkarretaratzea deitu dute eraso faxista jasan zuen gaztea babesteko
[2014/06/17] Zurbaranbarrin eraso faxista jasan zuen gazteak salaketa jarri du
[2014/03/18] Faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako aldarria kalera aterako dute larunbatean
[2014/03/11] Faxismo eta arrazakeriaren aurkako eguna, manifestazioa
[2014/03/11] Faxismoari aurre egiteko plataforma berria jarri dute martxan
[2014/11/03] Jarrera eta adierazpen nazi-faxistak salatu dituzte