Absoluzio berriak ezagutu ondoren, auziperatu bakarra geratzen da Kukutza auzian

uriola.eus 2016ko api. 19a, 13:50

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak atzera bota du 2015eko irailean Bilboko 3.Zigor Auzitegiak Kukutzari elkartasuna adierazteagatik kondenatutako 19 lagunen aurkako sententzia. Horietatik 18 absolbitu ditu eta bakarrari 4 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio. Kukutzarekin Elkartasun Taldetik (KET) gogoratu dutenez, "beste pertsona bat dago hiru urteko espetxe zigorra jasateko arriskuan".

KETk agerraldia eskaini du gaur goizean, Zirika Herri Gunean, Errekaldeko gaztetxea zena defentsagatik atxilotutako 19 lagunek jasotako sententziaren xehetasunak azaltzeko. Plazaratutakoaren arabera, Bilboko 3.Zigor Auzitegiak 2015eko irailean egindako epaiketan 19 gazteri ezarritako sententzia bertan behera utzi du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak; 19 lagunetatik 18 absolbitu ditu eta beste gazteari kondena 4 hilabeteko espetxe zigorrera murriztu dio. Irailean denei eskatu zitzaien zigor bera: desordena publikoengatik bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, eta sortutako kalteengatik Bilboko Udalarentzat 84.000 euroko kalte-ordaina.

Guzti horren aurrean, KETk adierazi du, 2011ko irailean Kukutza III gaztetxearen huste eta eraistean "sekulako herri erantzuna" bizi izan zela Errekalden, milaka lagun atera baitziren kalera "gaztetxeari konpromisoa agertzera". Era berean, jendetza guzti horri emandako erantzuna "zeharo bortitza" izan zela azpimarratu dute; Ertzaintzaren kargetan 100 pertsona baino gehiago zauritu baitziren, 80 lagun baino gehiago atxilotu baitzituzten; eta horietako bi kartzelaratuak izan baitziren 'manifestazio eskubidea gauzatzeagatik'".

Iazko irailean, lau urte geroago, atxilotuek epaiketari aurre egin behar izan zieten. Auzi horretan, ertzainen testigantzak "kontraesankorrak" izan zirela mahaigaineratu dute KETeko lagunek, eta "bi egia nabarmendu zirela" argi dute: "Atxilotu guztiak mobilizazioaren aurkako kargetan lurrera erori edo portaletan babesa hartu zutenak zirela (eta hori izan zela atxiloketen funtsa, ahulenekiko ausazko erasoa); eta, Ertzaintzaren baitako aginduak atxiloketak egitea zirela, egun hartan bertaratutako guztiak erruduntzat baitzituzten".

Azken kasu baten faltan

Gaurko agerraldian gogoratu dutenez, "aurreko epaiketaren froga mota berdinak erabilita, beste lagun bat hiru urteko espetxe zigorra jasateko arriskuan" dago, eta erabakia egun batetik bestera emango dute ezagutzera. 

Orain arte itxitako epaiketetan, auziperatutako kide guztiak absolbituak izan dira, eta gazte honena Kukutzaren huste eta eraistearekin lotura duen azken kasua izanik, bera ere absolbitua izatea espero dute. 

 

kukutzarekin.wordpress.com

[2015-11-16] Azkuna Zentroak ordaindu dion dirua Kukutzako auzipetuei eman die Ibon Rodriguezek

[2015-10-23] Kukutza bizirik! auziperatuak askatu!

[2015-10-22] Kukutzaren utzarazteagatik bidegabeki kondenatuei elkartasuna helarazten die EH Bildu Bilbok

[2015-10-22] Bederatzi hilabeteko kartzela zigorra Kukutzako auziperatu guztiei

[2015-09-15] Lekukotzen eta txosneten txanda bihar ‘Kukutza auzian’

[2015-09-14] Bi urte eta erdirainoko kartzela jokoan Kukutza defendatu zuten 19 lagunek

[2015-09-14] 'Kukutza auziaren' baitan, 19 lagun epaituko dituzte gaur hasita

[2015-09-11] Kukutza gaztetxearen aldeko manifestaziorekin bat egin dute EH Bildu, Udalberri eta Gozen Bilbaok

[2015-09-11] EH Bildu: Kukutzaren aurkako epaiketa bertan behera uzteko exijitzen dugu

[2015-09-10] Kukutza eta Kortxoenearen aldeko mobilizazioak larunbatean

[2015-09-08] Autogestioaren alde, okupazioaren alde eta gaztetxeen alde

[2015-09-07] Manifestazioa eta elkarretaratzeak deitu ditu Kukutzaren aldeko ekimenak

[2015-07-02] Kukutzaren aldeko "beste elkartasun olatu bat" piztera dei egin dute