1580. hamarkadatik XVII. mende erdira arte pirateria nagusitu zen Kantauri itsasoan. Honek, suediar burdinaren agerpenarekin batera, Bizkaiko burdinaren eskaera murriztu zuen. Hori gutxi balitz bezala politika internatzionala ez zuen egoera hobetzen laguntzen. Felipe III.ak Ingalaterrarekin kontrako gerran “Garaitezin itsas armada” galdu zuen 1588an, eta honekin bizkaitar flota gehiena. 1598an Herbehereen kontrako guda zela eta, Felipe III.ak herbeheretarrekin salerostea debekatu zuen, hiribilduan holandarrekin zeuden harreman komertzialak apurtuz.
XVII. mendean Ingalaterra eta Herbehereen arteko borroka zabaldu zen munduan zehar haien nagusitasuna ezartzeko. Hau lortzeko lehengaien jatorrietara hurbiltzea izan zen estrategia. Ingelesek Bilbo helburutzat hartu zuten, burdina eta artilea zuzenean salerosteko asmoz. Bilbo Burgoseko dekadentziaz eta atzerritarren kolonian baliatu zen egoera berriari sozial eta ekonomikoki moldatzeko, transakzio eta garraio hiria bihurtuz. Bertako ekonomia babesteko 1695ean atzerritarrei debekatu zieten lantegiak izatea edota negozioak zuzenean egitea, ezta udal karguak izatea.
Bizkaian ere gatazkak izan ziren. Famatuena Gatzaren Matxinada izan zen. 1631ko urtarrilaren 3ko Errege Agindu baten bidez, Errege Ogasunak Bizkaiko Jaurreriaren gatza konfiskatu eta haren prezioa igo zuen, Espainiako erregeak Iparraldeko Europako gerrak finantzia zezan. Neurri honek foru-eskubideak eta zerga-salbuespenak mugatzen zituen. Protesta bortitzak eragin zituen hiru urteen zehar. Azkenean Felie IV.ak agindua kendu zuen, matxinadaren buruzagiak exekutatu ondoren San Anton eliza ondoan. Leku honetan plaka batek gertakaera hau gogoratzen du.
Hirigintza aldetik, aurreko mendeko zorigaitzak aukera eman zion udalari hiribildua goitik behera berritzeko eta hiria komertzialtzat bultzatzeko. Harresiak bota eta errondak erregularizatu egin ziren. Harresitik barne zeudenetik bi kale berriak sortu ziren: Dorre kalea eta Gerrikoegina. Harresitik kanpo Pilota, Txakur, Loteria, Hiltegia (gaur Espainiako Bankua) eta Erronda kaleak gehitu ziren. Hau nahikoa ez zenez, erriberara zabaldu zen, Zazpi Kaleko lehen zabaltzea sortzen. Andra Mari, Kale Barria, Bidebarrieta eta Done Jakuek (gaur Posta) Erdi Aroko trama jarraitu zuten. Bestalde, bilbotarrek olgeta toki berriaz goza zezaten, San Nikolas errabal ondoan, gaurko Areatzan, zuhaiztia landatu zen. Berrikuntza hauek guztiek espekulazioa ere bultzatu zuten. Etxebizitzen garestitzea zela eta, familia apalak errabaletara mugitzera behartuak izan ziren. Hargatik BIlbo Zaharra eta Atxuri errabalak urbanizatu ziren. Lehena San Frantziskoko komentuaren biderantz zabaldu zen eta besteak Ollerietagoiena eta Ollerietabarrena kaleetara jo zuen.
Hiria zabaltzeak zerbitzu eta eraikin berriak eskatzen zituen. 1653an udal hiltegia gaurko Espainiako Bankuaren kalean kokatu zen. 1680an udaletxe eta kontsuletxea eraiki ziren San Anton elizari itsatsita. Udaletxeak hemen iraun zuen 1892 arte, gaurko kokapenera mugitu zenean. Plaza Nagusia ixten zuen eta espazioari nolabaiteko berdintasuna emateko, beheko solairua beste eraikinen arkupeari jarraitzen zion. Gaur egun arte dirauen eraikinak jesuiten San Andres eliza eta ikastetxea dira, 1624ekoak. Gurutze kalean kokatuta daude, baina ez dugu izen horrekin aurkituko, Joan Santuarekin baizik. Ikastetxea beste erabilera izan ondoren, Euskal Museoa bihurtu zen. Garai hartako maila altuko bizileku arkitektura adibidea Mazarredo jauregian aurki dezakegu, Bidebarrieta kalean. Barroko estiloari jarraitzen dio: harrizko oinaldea beheko solairu osoan, harrizko-horma luzitua beste solairu guztietan eta garai hartako errementeria balkoietan. Elementu deigarriena atari gainean kokatuta dagoen familiaren armarria da, haren boterea erakusgarria zen.
XVI. mendeko azken erdiak ezbehar baino ez ekarri, hurrengo mendean sortu ziren aukera berriak aprobetxatzen jakin zuen Bilbok. Hiria zabaldu eta guztiz eraberritu zen. Kanpo-politika eta gerrak zirela eta, handik aurrera kanpoko influentzia Ingalaterratik etorriko zen batez ere. Bilbo hiri bizia da eta etengabe aldatzen doa haren garrantzia mantentzeko.
[2018-03-16] Bilbo ia desagertu zenekoa; XVI. mendearen amaiera
[2018-02-09] Bilbo XVI. mendean. Urrezko Aroa
[2018-01-08] Arkitektura gotikoa Bilbon