Doakotasunari eutsi dio 40 urtez Sei Izar Krosak. Eta izaera horri eusteko ahalegin ugari egin ditu probaren antolatzaile den Santutxuko Familia Elkarteak. Batik bat, krisi ekonomiko garaian, antolakuntzarako laguntzak murriztu ez ezik desagertu zirenean. Elkarteko bazkideen kuotari esker ordaindu ziren urte latz horietan lasterketak beharrezko dituen asegurua, anbulantzia, hesiak edota helmugan partaideei banatzen zaizkien ur botilak, besteak beste. Egun ere, neurri handi batean, horrela da. Elkarteak Laboral Kutxaren babesa soilik jasotzen du. Bilboko Udalak, esaterako, ez du ekimena babesten "hiriari garrantziarik ematen ez diolako", Jabi Perez elkarteko presidentearen esanetan. Txikitzat jotzen du krosa Udalak. "1.100 partaideko lasterketa antolatzeko 150 lagunen auzolanaren garrantzia ikusteko gai ez delako".
Lan boluntarioa, musu-truk egiten dena, eta ekarpen pertsonalak dira Sei Izar lasterketaren oinarriak. Udala baloratzeko gai ez den txikitasuna eta izaera propioa, ordea, korrikalariek oso baikorki baloratzen dute. Urtero izen-emate unean ohartzen dira horretaz antolatzaileak. Egindako lana eskertzen dietenean. Izan ere, gainerako lasterketa eta krosak ordainpekoak dira, eta korrikalari batzuk hilean 60 euro ordaintzera iristen dira. "Korrikalarien animo hitzek ematen digute aurrera jarraitzeko indarra", dio Perezek. "Guk ez dugu krosarekin aberastu nahi, beste batzuk egiten duten moduan. Egun Bizkaian dagoen kros herrikoi bakarra da Santutxukoa, auzolanean antolatzen dena eta doakoa dena".
Aurreko mendeko 70eko hamarkadan auzoan kirola egiteko "espazio eta instalazio duinak" aldarrikatzeko hasi ziren krosa antolatzen Familia Elkarteko lagunak. Hain zuzen ere, Udalari "kiroldegi bat" eskatzeko. Gaur egun Txurdinagako kiroldegia dena. Kiroldegia egin zutenetik Santutxuko krosak beste helburu bat izan du, "egun bakar batean sikiera autoek oinezkoei kendutako espazioa berreskuratzea". Horretarako, bai lasterkarientzat bai ikusleentzat ekimen "atsegina" izan dadin ahalegindu da elkartea, "auzotar guztiek parte hatzeko aukera izan dezaten". Umeek eta gazteek 1.700 metroko ibilbidean parte hartzen dute eta nagusiek 7,5 kilometrokoan.
2017ko 1.100 parte-hartzaileen marka berdintzea espero dute 2018an ere. Ondo bidean, horietako bat izango da 88 urteko Fortunato Vencedor korrikalari ezagun eta maitatua. Duela hilabete Santurtziko lasterketan parte hartu zuen, eta Santutxun Errege Egunean agertuko den zain daude antolatzaileak.
Ibilbidearen amaieran, azken metrotan justu, kokatuta dagoen Laurentzin markesaren kaleko aldapa da krosaren bereizgarrietako bat. Kalea obretan dagoela eta, bi igogailu eraikitzeko lanetan murgilduta, ohi baino leku gutxiago izango dute partaideek eta ikusleek. Elkartekideek bermatu dutenez, "nahikoa leku egongo da denontzat".
Helmugan Fortunatok zein lehenengo heltzen denak opari bera jasoko dute. Eñaut Etxebarrik Sei Izar Krosaren 40. urteurrenerako espresuki diseinatutako irudia duen buff bana, hain zuzen ere.
Urtarrilaren 4an eta 5ean izena emateko aukera izango dute korrikalariek Santutxuko Familia Elkartearen egoitzan (Iturriaga kalea 55-1. ezkerra Santutxu 48004) 19:00-21:00 bitartean, baita lasterketa egunean (urtarrilak 6) 9:00etatik krosa hasi baino 10 minutu lehenagora arte ere. Inoiz, lasterketa hasita izena eman eta "elkartearen egoitzatik ziztu bizian irten denik" ere izan da. 40 urtetan pasadizo asko gertatu baita. Jabi Perezek ez du erraz ahaztuko erregetako opil bana korrikalariei oparitu zieten urtea. "Ez genuen 1.000 opil non gorde". Orduan erabaki zuten aurrerantzean tolestuta gorde zitekeen oparia ematea.
[2017-01-11] Aldaketa izan da 2017ko Sei Izar Kroseko sailkapenean
[2017-01-09] Sergio Mijangos eta Naiara Pikaza 2017ko Sei Izar Kroseko bizkorrenak
[2017-01-04] Aldaketak zirkulazioan Santutxuko Herri Krosa dela eta
[2016-01-07] Sei Izar Krosa inoiz baino herrikoiagoa
[2015-01-07] Surgoi Zurutuza eta Itziar Olabarrieta garaile Sei Izar Krosean