28 gazteen epaiketa

Urriaren 30ean tortura salatzeko ekimenak badu Bilbon hitzordua

uriola.eus 2014ko urr. 17a, 17:09

Audientzia Nazionalean epaitzen ari diren 28 gazte independentisten aurkako auzian, azken poliziek datorren urriaren 30ean deklaratuko dute. Egun horretan, auzo eta herrietan "tortura salatzeko dinamikak eta ekimenak" antolatu eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatu zuten gazteek joan den astean. Bilbon, Arriaga plazan izango da hitzordua, 19:30ean.

1/12 sumarioaren baitan auziperatutako 28 gazte horietako bi dira Ikoitz Arrese eta Xabat Moran bilbotarrak. Biek ala biek atxiloaldian tratu txar eta torturak jasan izana salatu zuten. 28 gazteen artean gehiengoak salatu zuten bezalaxe.

Joan den astean, une gogorrak pasa zituzten Audientzia Nazionalean Angela Murillo epaileak aretoan egotera behartu baizituen atxilotu eta torturatu zituzten poliziek deklaratzen zuten bitartean. "Torturatzaileen gezurrak" entzun behar izan zituzten. Azken sesioaren ostean, Euskal Herrira itzuli baino lehen, urriaren 30ean torturaren salaketa egiteko deia zabaldu zuten.

 

28 auziperatuen adierazpena: STOP TORTURA!
 28AK ERE LIBRE!

"Auzipetuok salatu nahi dugu Auzitegi Nazionalak daukan jarrera kontraesankorra. Alde batetik, iaz beste 40 gazteen aurkako epaiketan onartu zieten salan ez egotea. Gure epaimahaiak ordea, erabaki du gu salan mantentzea, gure torturatzaileekin konfrontatzeko asmoz, horrek dakarrenarekin. Argi utzi du oraingoan gure testigantzei ez dietela baliorik eman.

Epaiketan egotera behartuak izan gara eta ikusi behar izan dugu zer nolako inpunitatea daukaten gu torturatu gintuztenak: haien gezurrak jasan behar izan ditugu eta guk ez ezagutzeko, oztopatu nahi izan dute mozorroen bitartez. Beste batzuen jarrera ere mingarria egin zaigu, haien harrotasuna erakutsi baitute.
Geroz eta argiago daukagu gure aurka dituzten froga bakarrak torturapean eskuratutako gure deklarazioak direla, eta deklarazio horiek nola eskuratu diren ere argi geratzen da. Gure kausan, Iparraldean atxilotutako 8ek ez dute deklarazio polizialik eta gainontzeko ia denek, espainiar estatuan atxilotutakoek, tortura salaketak jarri ditugu, gure buruaren kontrako deklarazioak egitera behartu gintuztelako, inkomunikazioan jasandako tratu txarren ondorio.

Frogatzat aurkeztu dituzte ere poliziek egindako jarraipenak, baina jarraipen hoiek erakusten duten bakarra geure bizitzetako egunerokotasuna da, akusazioarekin inolako harremanik ez dutenak.

Gainera, salatu nahi dugu kartzelan ditugun bost kideen egoera. Gure lagunek egun hauetan katxeo zorrotzak eta kondukzio luzeak jasan behar izan dituzte. Hasieran torturak salatzen zituzten kamisetak edo libre dinamikarenak kentzea izan dute helburu. Ondoren, kondukzioetan, ia bi ordutako bidaia jasan behar izan dute, oso postura txarrean esku burdinak bizkarrean lotuta.

Amaitzeko deialdi bat luzatu nahiko genioke Euskal Herriari. Datorren Urriaren 30ean, poliziekin dugun azkenengo saioa burutuko da. Egun honetan, auzo eta herrietan tortura salatzeko dinamikak edo ekimenak antolatzea eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Beraz, adi mobilizazioetara!"

STOP TORTURA!
 28AK ERE LIBRE!

Eman atxikimendua hemen

 

[2014/10/13] Urriaren 30ean tortura salatzeko ekimenak antolatzeko deia egin dute 28 auzipetuek

[2014/10/06] Torturen salaketa egitera deitu dute urriaren 30ean 28 gazte auziperatuek

[2014/10/06] Poliziek ukatu egin dute 28 gazte independentistek torturarik jasan izana

[2014/07/03] 28ak Libre taldeak Santutxun lehen asanblada egingo du

[2014/07/10] Libre dinamika abiarazi dugu Santutxun

[2014/07/18] Argazki erraldoia egin dute Santutxun Libre dinamika babesteko

[2014/09/22] 28 gazteen aurkako epaiketa gaur goizean hasiko da Madrilen

[2014/09/22] Berrabiarazi dute gazte independentisten aurkako epaiketa

[2014/09/23] Ikoitz Arrese: "Polizia batek pistola bat atera, buruan jarri eta kargatu egin zuen, gainbehera etorri nintzen"