Iñaki Azkunaren heriotza

13:00ak aldera EAJk Azkunaren ondorengoaren izena jendarteratuko du

uriola.eus 2014ko mar. 21a, 08:49

Joan den ostiralean bere osasun egoerak nabarmen okerrera egin ostean, atzo, arratsaldeko azken orduan zendu zen Bilboko alkatea 71 urte zituela. Hil kaperarik ez da izango, eta hileta elizkizuna pribatua izango da, familiak hala eskatuta; hileta publikoa astelehenean izango da 12:00etan, Santiago katedralean. EAJren Bizkai Buru Batzarra bilduko da Sabin Etxean, eta 13:00ak aldera Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Itxaso Atutxa BBBkoak jakinaraziko dute agerraldi batean nork hartuko duen Bilboko alkatetza.

Hamaika urtez prostatako minbiziariarekin borrokan aritu ondoren, atzo arratsaldean hil zen Iñaki Azkuna Urreta Bilboko alkatea. Udaleko prentsa kabineteak jakinarazi duenez, 10:30ean Bozeramaileen Batzordea deituta dago udaletxean eta ondoren, 12:00etan, ezohiko Udalbatzarra.

Bilboko alkatea izandakoaren hamabost urteko agintaldiak zer esan ugari ekarri ditu. Askok Bilbon egindako lana txalotu dute eta beste askok hiritarrei bizkarra ematea egotzi diote. Azken urteetan bizi dugun krisi ekonomikoaren aurrean turismoari erreparatzea hiriarentzat onuragarria izan delakoan daude bilbotar ugari eta beste askok ezingo dute inoiz ahaztu, 2011ko irailaren 21ean Bilboko Udalak, Azkunarekin buruan, Kukutza gaztetxea eraisteko baimana eman izana Cabisa enpresak egindako eskaeraren aurrean. Batzuen eta besteen iritzien artean Azkunak azken egunerarte mantendu du alkate kargua.

Bere heriotzak bilotar ugari umezurtz utziko ditu askok esan baitute bera bezalako politikariak eta alkateak gutxi direla, horren adierazle da 2013ko urtarrilean, City Mayors Fundazioaren eskutik jaso zuen Munduko Alkate Onenaren saria. Gaur, Bilboko toki esanguratsuenetan dolu ikurrak ikusgai ditugu; Ernesto Erkoreka plazako Bilboko bandera masta erdian dago; udaletxeko balkoian hiru xingola ikus daitezke Bilboko ezkutuen gainean; eta Sabin Etxean ere, ikurrina masta erdian jarri dute alkatearen heriotzagatik samina adierazteko.

Alkate zenaren aldeko lehen hileta pribatua izango da, senide eta lagunek intimitatean egingo diotena eta bigarren hileta, berriz, publikoa, astelehenean izango da, martxoak 24, goizeko 12:00etan, Santiago katedralean.