Iñaki Azkunaren heriotza

Ibon Areso "Bilboko eraldaketaren hari eroalea" hurrengo alkate

uriola.eus 2014ko mar. 21a, 13:49

Urte bete barru legegintzaldia agortu arte hautatu dute Bizkai Buru Batzarrak eta Bilboko Batzarren Artekoak "aho batez" Ibon Areso Bilboko alkate.

Itxaso Atutxa BBBeko presidentearen esanetan Areso ez da solik Azkunaren alter egoa izan, "aurreko alkateena ere izan da". Ibon "aldi honetan guztian izan da Bilboko eraldaketaren hari eroalea".

"Bateratzailea" eta "bakegilea"
Gaur goizean Sabin Etxean egin den agerraldian Itxaso Atutxak Ibon Aresoren "hiribilduaren zerbitzura egindako bidea" eta bere lanean agertu duen "jarrera bateratzailea eta bakegilea" azpimarratu ditu, agertu duen "akordioak lortzeko joera" nabarmenduz.

Aresok utziko duen lekua Eider Jauregik hartuko du Bilboko Udalean aurrerantzean.

 
Udal hauteskundeetarako alkategaia
Bilboko alkatetzarako EAJk aurkeztuko duen hautagaia aukeratzeko prozesua urriaren 7an hasiko du alderdiak eta gabonak baino lehen aurreikusten du bukatzea.

 

Azkunari gorazarre
Bilboko Udaleko zinegotziek eta BBB eta EBBeko kideek beltzez jantzita eta keinu tristearekin babestu dituzte prentsaurrean kazetariengana zuzendu diren Itxaso Atutxa eta Andoni Ortuzar. "Zerbitzu publikoari" eta "alderdiari" emandako biziagatik esker ona azaldu nahi izan dio Iñaki Azkunari Andoni Ortuzar EBBko presidenteak. EAJrentzat une "latza" dela aipatu du Ortuzarrek, "gogorra", eta alderdira heldu diren adeitasun eta dolumin mezuak eskertu ditu. Unearen gogortasunean ere, dena "alkate jaunak nahi izan zuen eran gertatu" dela adierazi du: "Azken finean, Iñaki, berak nahi zuen eran joan delako. Baina Bilbo ezin da geldirik geratu. Eta Iñaki, hemen egongo balitz, albait arinen lanera bueltatzea exijituko liguke, Bilboren aldeko lanera".