Iñaki Azkunaren heriotza

"Hainbat gairen inguruan gehiago eta sakonago eztabaidatzeko aukera eduki izana gustatuko litzaiguke"

Aitziber Ibaibarriaga 2014ko mar. 21a, 13:05

Gutxik batu gaitu, edo ezerk ere ez. Gure desberdintasun politikoek, batak eta besteak bultzaturiko hiri eta herri ereduek, kudeaketa modu arras diferenteek eta politika ulertzeko eta politikan jarduteko era guztiz antagonikoek bereizi gaituzte…

Eztabaida argigarriak izan ditugu, biziak, gogorrak, latzak. Legarrik gabe mintzatu gara, bai zu bai gu. Eta esango genuke ez zaizula desatsegina egin, aspergarria izan behar baita oso etengabe laudatzen zaituztenez inguraturik egotea.

Lortu dugu akordio bat edo beste. Nahiz lehena egin ostean, azkar asko argitu zenigun txanpainarekin egin genezakeela topa, halakorik besterik ez zelako errepikatuko. Eta ez zeunden oker, akordio askoz gehiagorik ez baitugu erdietsi.

Nahiz gehiengo absolutuak ematen duen erosotasuna izan, honako hau zuretzako legegintzaldirik zailena izan dela esango genuke. Gustatuko litzaiguke hainbat gairen inguruan gehiago eta sakonago eztabaidatzeko aukera eduki izana, ez da izango eztabaidagai eta eztabaidarako gogo faltagatik! Baina beste borroka garrantzitsuago batean eman dituzu azkenak. Eta udalbatzetan bezala, horretan ere azkeneraino borrokatu zara.

Zure barrukotasuna. Barrukotasun horrek, tolesik gabe hitz egiteko joera horrek ez du inor hotzepel utzi. Ahoan bilorik gabe azaltzeko jarrera horrek eta lagun izan dituzun adiskideek, hainbestetan Bilbora paseatzera ekarri dituzun horiek, balio izan digute argiro ikusi ahal izateko zein hiri eredu eta zein herri eredu planteatzen duen egiazki zure alderdiak. Eta aitortzea, amildegi batek banatzen gaituen arren, zenbat denbora eta indar eskaini dizkion Bilbori, zeinetan askorentzat gaur inflexio puntu bat gertatzen den.

Doluminak zure sendiari, lagun, hurko eta alderdikideei. Haiek inork baino hobeto dakite nor galdu duten gaur.

AITZIBER IBAIBARRIAGA - BILBOKO EH BILDU