Iñaki Azkunaren heriotza

Kudeaketan eta politikan erabakiorra

Mikel Alvarez 2014ko mar. 24a, 10:31

Iñaki Azkuna duela 40 bat urte ezagutu nuen. Medikuntza Fakultateko irakasle gazte bat zen eta neu ikaslea. Iñaki irakasle laguna zen Terapéutica Física-ko ikasgaian.

Ikasgai hartako katedraduna Juan Negeruela zen, gero Iñaki Azkunaren lagun mina izan zena, eta orduko ikasle kaxkarrenok ez genion asko erreparatzen hari. Horrela, azterketa egunean irakasleak galderak bota zituenean, erdi ipurdi nekizkienak egiten hasi eta beste zenbait alditan zerura begira ere jardun nuen. Horrelako batean Iñaki Azkuna hurbildu zitzaidan eta ikusiaz zerura begira nengoela eta erreparu gutxi jartzen niola jardun beharrekoari, sekulako errieta egin zidan, berak beti izan ohi zuen etorrera zalapartatsuarekin. Bueno, handik edo hemendik une larri hartatik irten nintzen eta ikasgaia gainditu ere bai, nahiz osta-osta izan, noski.

Urte asko pasa ondoren, Azkuna Osasun Sailburu bezala ezagutu nuen, ni neu Osakidetzako (Basurtu eta Gurutzeta) kudeaketa jardunetan ibili nintzenean. Arlo publikoan bakarrik ezagutu nuen eta apenas izan nuen harremanik arlo profesionaletik kanpo, beraz kudeatzaile bezala ezagutu nuenez, horretaz bakarrik hitz egin nezake.

Iñaki Azkuna karakter haundiko gizasemea zen. Erabakiak hartzen zekien eta horretan azkarra zen. Gainera berritzailea ere bazen. Ez zuen zalantzarik izaten eta azkartasunari balio handia ematen zion, duda mudatan ez ibiltzeari, alegia. Esan beharra dago Euskal Herriko Osasun politikaren zutabe nagusiak (Ley de Ordenación Sanitaria) bere agintepean eman zirela eta Osakidetzako jardueraren egitura nagusiak bere epealdian asmatutakoak direla. Osasun Sailaren ardatz nagusiak Azkunaren eskutik sartu ziren.

1992. urtean Osasungoa Euskalduntzeko Erakundekook Basurtun antolatu genuen II. Jardunaldi Medikoetara gonbidatu genuen, sailburua zela, eta jardunaldiaren hasierako hitzak euskaraz eman zituen. Ahalegin handia egin zuen egun hartan, Azkuna ez baitzen eroso sentitzen euskara erabiltzen. Halere, hara hor bere aportazioa egun horretan.

Bukatzeko, gehitu nahiko nuke, kudeaketan eta politikan erabakiorra izatea derrigorrezko izan litekeela eta Azkuna jaunak bazuen ahalmen hori. Gizon emankorra dudarik gabe. Jainkoak gorde beza!

 

Mikel Alvarez, Mondragon Healtheko zuzendari nagusia