Iñaki Azkunaren heriotza

Iñaki Azkunaren kronologia

uriola.eus 2014ko mar. 21a, 08:39

Iñaki Azkuna Urreta Durangon jaio zen 1943ko otsailaren 14ean. 1966an mediku titulazioa eman zioten Salamankako Unibertsitatean eta 1973an, Euskal Herriko Unibertsitatean medikuntza fisiko eta erradiologiako irakasle zen bitartean, Gurutzetako Ospitalean lanean hasi zen.

1981ko urtarrilean Gurutzetako Ospitaleko zuzendari izendatu zuten eta bost urtera, 1986an, erradiologiako zerbitzuaren burua izan zen.

1983ko abenduan Osakidetzako zuzendaria izan zen eta 1991an, Jose Antonio Ardanza lehendakariak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu izendatu zuen.

1999ko ekainaren 13ko udal hauteskundeetan izendatu zuten Bilboko Alkate EAJ eta Eusko Alkartasunaren koalizioak lortutako emaitzen ondorioz. 2003ko maiatzean bigarrenez izan zen alkate, EAJ eta EA koalizioaren zerrendaburu gisa. 2007ko hauteskundeetan, EA-Aralar koalizioaren botoei esker kargua mantendu zuen eta  2011an, Udal hauteskundeetan, EAJk Bilbon lortutako lehenengo gehiengo absolutua eskuratu eta Iñaki Azkunak bere laugarren agintaldia abiarazi zuen.

2003an prostatako minbizia diagnostikatu zioten eta AEBetara joan zen ebakuntza egitera. Hamaika urtez gaixotasunari aurre egin dio publikoki, izan ere, alkatetza kargua mantendu baitu eta Udal zereginei heltzen ahalegindu da. 2012ko irailaren 14an, bere emaztea hil egin zen minbiziaren ondorioz.

2013ko urtarrilean, Munduko Alkate onenaren saria jaso zuen City Mayors Fundazioaren eskutik. 2013ko irailean azken aldiz agertu zen udalbatzan, gurpil aulki batean.

2014ko otsailaren 22an, jatetxe batean konorte galdu, eta Basurtuko Ospitaleko larrialdietara eraman zuten. Geroztik ez zuen onera egin, eta atzo, martxoak 20 zendu zen bere Bilboko etxean senide eta lagun artean.