Udal gobernuak Deustuko Gazte Lokala autogestionatzen duten gazteei eraikina utzi behar dutela jakinarazi ostean, asko izan dira neurriaren kontra agertu diren herritarrak eta gizarte eragileak. Oraingoan, Bilboko Udaleko hiru talde politiko izan dira Aburto alkateak zuzentzen duen udal gobernuaren erabakia gaitzetsi dutenak. 26 urtez Deustuko Gazte Asanbladako kideek kudeatu duten espazioaren "hustuketa salatzen dugu", adirazi dute ohar bateratu batean EH Bilduk, UdalBerrik eta Goazen Bilbaok.
Salaketa egiteaz gain, taldeek gogoratu dute "azken hamarkadetan gazteek auzoan egindako lan eta ekarpenak eta nola, askotan, udal gobernuak berak lokal autogestionatua eredutzat jo duen". Hori dela eta, udal gobernuari eskatu diote "lokala ez hustea eta irtenbidea bila dezala gazteek auzoan egindako lanarekin jarrai ahal izateko".
Deustuko Gazte Lokala defenda dezagun lelopean, gaur, osteguna, elkarretaratzea egingo dute Done Petri plazan eta bihar, ostirala, manifestazioa. Mobilizazio hauekin bat egin eta herritarrei parte hartzeko deia zabaldu diete hiru udal taldeek.
Erantzun zabala
Deusturi "bizia ematen" 26 urtez aritu den Gazte Lokala ixteko aginduari "erantzun zabala" eman nahi diote gazteek herritarren babesarekin, Gazte Lokala husteko agindua "Deustu osoaren aurkako erasoa" dela nabarmenduz.
Agindua
Bilboko Udalak, "sistema judiziala erabiliz", 15 egunen buruan (irailaren 29ra arteko epemuga dute) lokala husteko agindua helarazi die Deustuko Gazte Lokaleko kideei. Gazteen arabera, 2008tik bi aldeek sinatutako "hitzarmenari amaiera eman" eta "elkarrizketak bortizki etetea" erabaki du Udalak, "inolako komunikazio zuzenik gabe". "Lanari eta borrokari" elkarlanetik ekiteko deia zabaldu dute "inposatutako eredu honetatik at dauden alternatibak berriz sortzeko".
[2017-09-12] Mobilizazioak iragarri dituzte Deustuko Gazte Lokalaren "defentsan"
[2017-09-11] Gazte Lokala husteko agindua, "Deustu osoaren aurkako erasoa"
[2017-09-08] Deustuko Gazte Lokalak Bilboko Udalaren husteko agindua jaso du
[2016-11-17] Deustuko Gazte Lokala: "Autogestioaren giltzarekin" 25 urte
[2014-10-31] Deustuko Gazte Lokala, ideia komunak konpartitzen dituzten ezberdinen arteko elkargunea
[2013-09-26] Deustuko Gazte Lokala: 22 urte eta gogoz beterik