Done Petri plazako elkarretaratzean Deustuko Gazte Lokaletik pasatako lagun asko bildu dira. 500 bat. Belaunaldi desberdinak. Tartean, 1991n merkatu zaharra okupatu zutenak, urte batzuk beranduago ondoko txoridenda okupatu zutenak, 2008an Udalarekin hitzarmena sinatutakoak eta egungo erabiltzaileak. Denak pasa dira Deustuko eta inguruko gazteentzat erreferentzia izan den espaziotik. Horregatik, atzokoan, oihu nagusi bat gailendu zen: "Gazte Lokala defenda dezagun". Neurri txikiagoan entzun ziren okupazioaren aldeko oihuak eta Bilboko alkateari zuzendutakoak. "Aburto zuk etxea baduzu" zioten elkarretaratzean zueden lagunek barre artean.
Amaieran, korroan, bildu ziren elkarretaratzeko partaideak. Gazte Asanbladako kide batek eskerrak eman zizkien bertaratu ziren lagunei, eta gaurko manifestazioan (19:30ean Done Petritik hasita) parte hartzeko deia zabaldu zien. Hurrengo asteko jarduerak zehaztu gabe badaude ere, Gazte Lokala egunero zabalik egongo dela iragarri zuen.
Ertzaintzaren presentzia handia izan zen elkarretaratzeak iraun zuen bitartean. Plazan bertan bi auto paratu zituzten eta errepidearen beste aldean beste bi auto eta furgona bat. Hainbat agentek zaindu zuten kontzentrazioa gertutik. Istilurik gabe gauzatu zen ekimena.
[2017-09-12] Mobilizazioak iragarri dituzte Deustuko Gazte Lokalaren "defentsan"
[2017-09-11] Gazte Lokala husteko agindua, "Deustu osoaren aurkako erasoa"
[2017-09-08] Deustuko Gazte Lokalak Bilboko Udalaren husteko agindua jaso du
[2016-11-17] Deustuko Gazte Lokala: "Autogestioaren giltzarekin" 25 urte
[2014-10-31] Deustuko Gazte Lokala, ideia komunak konpartitzen dituzten ezberdinen arteko elkargunea
[2013-09-26] Deustuko Gazte Lokala: 22 urte eta gogoz beterik