Iturribide kaleko Igor Garcia Zarraga korrikalariak 2014an Errege Eguneko Sei Izar Krosa irabazi zuen. 2016an bere lagun Unai Sanz de la Fuenterekin batera irabazi zuen. Eskutik helduta helmugaratu ziren biak. Orduan Igorrek Berton aldizkariari adierazi zionez, lasterketa herrikoietan horrela irabaztea "polita da" eta azken unean esprinta egiteak "ez dauka zentzurik". 2018an ere lehen bi korrikalariek eskutik helduta zeharkatu dute helmuga. Horietako bat, berriro ere, Igor izan da. Oraingo honetan Iñaki Pujanarekin batera –Pujanak iaz bigarren egin zuen–. Biek ala biek lortu dute ibilbideko 7,5 kilometroak osatzea (24,06) gainerako korrikalarien aurretik.
Helmugan, lehen emakumea Rakel Lopez izan da 29,08 denborarekin.
Kros herrikoia izaki –doakoa da izen-ematea–, "Bizkaian geratzen den kros herrikoi bakarra", antolatzaile den Santutxuko Familia Elkarteko kideen esanetan, partaide guztiek, lehen zein azken helmugaratu, sari bera jasotzen dute. Aurtengoan, Eñaut Etxebarri diseinatzaileak 40. Sei Izar Kroserako beren-beregi egindako irudia duen buff bana jaso dute korrikalariek opari gisa.
Guztira, 800 partaide baino gehiago izan dira Santutxu eta Txurdinagako errepide eta kaleetan zehar ibilbide gorabeheratsuari aurre egin diotenak. "Hotza eta euria" dela eta, aurtengoan izen-emateak behera egin du apur bat aurreko urteekin alderatuta. Baina joan den larunbateko "eguraldi petrala" kontutan hartuta, iaz baino 50 izen-emate gutxiago izateak harritu egin ditu antolatzaileak. "Jendeak lasterketa hau zainetan damarala agerian geratu da beste behin", dio Jabi Perez Familia Elkarteko presidenteak. Eguraldiak korrikalariei baino gehiago eragiten die antolatzaileei eta krosean boluntario direnei, euren lana "korapilatzen duelako". Hala eta guztiz ere, aurtengo balorazioa "baikorra" da.
Partaideen adin-tartea sei urtetik 88 urtera artekoa izan da. Ohi bezala, beteranoenak, Fortunato Vencedorrek jaso ditu txalo zaparrada gehien bai ibilbidean zehar bai helmugan. Izan ere, azken urteotan Santutxun huts egin ez duen korrikalaria oso maitatua da auzoan.
Emakumeen parte-hartzea beherantz
Izen-ematearen arduradunek emaniko datuaren arabera, azken 10 urtetan erdira murriztu da 14 urtetik gorako emakumeen inskripzioa Sei Izar Krosean. Emakume partaideak geroz eta gutxiago dira oro har, eta batez ere oso gutxi dira 18tik 25era bitartekoak. Hortxe du hurrengo urtetarako erronka Santutxuko Familia Elkarteak. Umeen artean, "ez dago arazorik", Perezen hitzetan. Parekatuta daude neskak eta mutilak, eta adin-tarte batzutan neskak gehiago dira.
40. Sei Izar Krosa - 2018ko sailkapena
Senior maila - Gizonak
1. Iñaki Pujana 24,06
2. Israel Mena 24,22
Senior maila - Emakumeak
1. Rakel Lopez 29,08
2. Laura Maeso 31,19
Beteranoak (40-59 urte) - Gizonak
1. Igor Garcia 24,06
2. Egoitz Baraja 25,33
Beteranoak (40-59 urte) - Emakumeak
1. Maria del Camino Alegre 29,35
2. Tere Sanz 30,08
Beteranoak (60 urtetik gorakoak) - Gizonak
1. Karlos Moradillo 29,52
2. Xanti Alvarez 30,28
Beteranoak (60 urtetik gorakoak) - Emakumeak
1. Isabel Cabello 41,30
2. Isabel Bullon 41,36
Haurrak (0-10 urte) - Mutilak
1. Jon Goiogana 7,07
2. Peio Intxaurbe 7,08
Haurrak (0-10 urte) - Neskak
1. Miren Martin San Sebastian 7,36
2. Ainhize Etxeberria 8,22
Haurrak (11-14 urte) - Mutilak
1. Ander Sustatxa 6,28
2. Unai Bustinza 6,39
Haurrak (11-14 urte) - Neskak
1. Alba Linares 6,46
2. Haizea Diaz 7,16
[2018-01-05] Sei Izar Krosa, "Bizkaiko kros herrikoi bakarra"
[2017-01-11] Aldaketa izan da 2017ko Sei Izar Kroseko sailkapenean
[2017-01-09] Sergio Mijangos eta Naiara Pikaza 2017ko Sei Izar Kroseko bizkorrenak
[2017-01-04] Aldaketak zirkulazioan Santutxuko Herri Krosa dela eta
[2016-01-07] Sei Izar Krosa inoiz baino herrikoiagoa
[2015-01-07] Surgoi Zurutuza eta Itziar Olabarrieta garaile Sei Izar Krosean