28 gazteen epaiketa

Torturaren existentzia salatu eta bere desagerpena eskatu dute

uriola.eus 2014ko urr. 31a, 09:00

Euskal Herriko hainbat herritan bezalaxe, Bilbon ere izan zen atzo tortura salatzeko ekimena Audientzia Nazionalean epaitzen ari diren 28 gazte independentistek eginiko deiari erantzunez. Arriaga plazan 200 lagun inguru batu ziren Stop tortura, epaiketa politikorik ez zioen pankartaren atzean.

Torturapean jasotako testigantzak erabili izan ditu "urteetan" Estatu espainiarrak "zerrenda beltzak osatu, sarekada bat bestearen atzetik gauzatu eta gero prozesu juridikoetan froga gisa erabiltzeko, pertsona asko eta asko kondenatuz". 28ak Libre lantaldeko Garazi Pizarroren esanetan duela urte bete Auzitegi Nazionalean burututako 40 gazteren kontrako epaiketan "argi geratu zen inkomunikazio aldiko deklarazioak epaiketa hauen oinarria direla eta autoinkulpazioak baliogabeturik, bestelako frogarik ezean, absoluzioa dela sententzia posible bakarra".

Orain, 28 gazteen epaiketan ere "gauza bera" gertatzen ari da. Inkomunikazio aldiko deklarazioak dira "froga bakarrak, ez besterik". Gainera, tortura salaketek indarra hartu dute, izan ere, "nola da posible 28 gazteetatik Espainiar Estatuan atxilotutako 19tik 18k tortura salatu izana", galdetzen dute lantaldeko kideek.

Estatuaren oztopoak "etengabeak" dira tortura salaketak ikertzeko orduan eta torturen salaketa eginda ere, "salatzailea kondenatua izatera" pasa daitekeela adierazi dute: "Horren adibideak asko dira". Azken asteetan ordea, "zirrikituak" izan dira, esaterako, Alfonso Zenon abokatua torturak salatzeagatik bere aurkako prozeduran absolbitua izan zen eta Bea Etxebarria bilbotarraren tortura salaketa ez ikertzeagatik Estrasburgok Espainiar Estatua salatu izana "positiboa" da. 28ak Libre lantalderen ustez, sententzia hori "balorean jarri beharko dugu aurrerantzean ere".

Kasu hauek, "agerian usten dute Espainiar estatuan, inkomunikazioa eta tortura eskutik doazela, eta ez dagoela atxiloaldian auzipetuontzako eskubideak errespetatzeko bermerik". Horregatik, konponbidearen bidean, lantaldearen aburuz "beharrezkoa da" tortura salaketa guztiak "behar bezala ikertzea, sufrimendua eta egia aitortzea eta inpunitate sistema honekin bukatzea, berriz ere gerta ez dadin".

Horrekin batera, egunotan epaituak izaten ari diren 28 gazteen kontrako "epaiketa eta ondorengo guztiak geldi daitezela" eskatu dute Arriaga plazako elkarretaratzera bertaratuek: "Inkomunikazio aldiko testigantzak direlako euren kontrako ustezko froga bakarrak".

Auzia

1/2 sumarioaren baitan, 28 gazte independentista epaituak izaten ari dira Auzitegi Nazionalean, haien artean Ikoitz Arrese eta Xabat Moran santutxuarrak. Atzo eta gaur poliziekin batera izango dituzten azken saioak izango dira. Epaiketa irailaren 22an hasi zen auziperatuen deklarazioekin eta bertan, torturak salatu zituzten.

Xabat eta Ikoitzen tortura testigantzak

Urriaren 23an Ikoitz Arrese eta Xabat Moranek deklaratu zuten beste hainbat gazteren artean. Arresek, Angela Murillo epailearen aurrean aitortu zuen inkomunikazio aldian bereganako "tratua beldurgarria" izan zela; "mihaketan mehatxuak hasi zitzaizkidan: seguru badakizula zer gertatuko zaizun Madrilen". Gainera, komisaldegitik irteterakoan "osakidetzako langile bezala identifikatzen ziren bi pertsonak zortea opatu" ziotela gehitu zuen.

Madrilerako bidaian, berari ere begiak estali zizkioten, "zorabiatzen" zela adierazi zuen eta "jo egiten" zutela "lo ez hartzeko". Madrilera heltzean "presioak jasan" zituela salatu zuen; "biluzarazi, kolpeak jaso, bultzadak eta elektrodoarekin mehatxu egin zidaten". Bestalde, Polizia batek "pistola bat atera eta buruan jarri" ziola azaldu zuen, "kargatu egin zuen eta gainbehera etorri nintzen". Auzi medikuarengana joatean "testigantza epaileari helaraziko ziola" esan zion, "baina filtrazioak egon zitezkeela, poliziek jakin zezaketela".

Moranek epaileari jakinarazi zion, "buff batekin burua estali" ziotela eta bidaia osoan "kolpeka" ibili zitzaizkiola. Gainera galdeketen gelara sartu behar zuten bakoitzean, biluztera behartu zutela zioen eta "hanka baten gainean egon behar" zuela; "boltsa aplikatu" ziotela eta, bere neska laguna "bortsatzen" ari zirela errepikatzen ziotela.

"Zure buruak krak egitea lortzen dute; zure gorputza badago, baina burua haiena da, ez nintzen nire ekintzen jabe" esan zion Angela Murillori eta Marlascaren aurrera eraman baino ordubete arinago biluzik zegoela adierazi zuen, "jada ez nuen minik ere sentitzen, ez nuen ezer sentitzen" eta deklarazioa sinatu ondoren ere "torturekin" jarraitu zutela. Bestalde, "shock" egoera batean aurkitzen zela argitu zuen; auzitegi medikuari egoeraren berri eman ziola, baina honek "zelako pena, bazirudien ondo joango zela" erantzun ziola.

[2014/10/17] Urriaren 30ean tortura salatzeko ekimenak badu Bilbon hitzordua

[2014/10/13] Urriaren 30ean tortura salatzeko ekimenak antolatzeko deia egin dute 28 auzipetuek

[2014/10/06] Torturen salaketa egitera deitu dute urriaren 30ean 28 gazte auziperatuek

[2014/10/06] Poliziek ukatu egin dute 28 gazte independentistek torturarik jasan izana

[2014/07/03] 28ak Libre taldeak Santutxun lehen asanblada egingo du

[2014/07/10] Libre dinamika abiarazi dugu Santutxun

[2014/07/18] Argazki erraldoia egin dute Santutxun Libre dinamika babesteko

[2014/09/22] 28 gazteen aurkako epaiketa gaur goizean hasiko da Madrilen

[2014/09/22] Berrabiarazi dute gazte independentisten aurkako epaiketa

[2014/09/23] Ikoitz Arrese: "Polizia batek pistola bat atera, buruan jarri eta kargatu egin zuen, gainbehera etorri nintzen"