Akordiorik gabe, Bizkaibuseko langileek greba egingo dute

uriola.eus 2014ko urr. 23a, 08:29

Goiz eta arratsalde eman zuten Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio arloko ordezkariek eta Bizkaibuseko sindikatuetako ordezkariak Aldundiak batzarrera emandako aurreakordioa negoziatzen. Ez zuten ezer adostu. Horregatik gaurko 24 orduko grebari eustea erabaki dute langileek.

Zortzigarren 24 orduko lanuztea dute gaur Bizkaibuseko langileek. Astelehenerako -urriak 27- deituta duten greba mugagabearen atarian, gaur berriro batzartuko dira Aldundia eta sindikatuak.

"Gauza batzuk ekarri dituzte" esanez laburbildu du LAB sindikatuko Garraio arloko arduradun Alberto Kurtok atzoko bilerara Aldundiak eramandako aurreakordioa. Proposamen horretako edukiek, baina, "ez dituzte betetzen gure eskariak", gaineratu du. Ondorioz, atzoko negoziaketak orain arteko luzeenak izan arren, goiz eta arratsalde eman zuten bilduta, "ez dago akordiorik". Hortaz, gaur -osteguna-, zortzigarrenez egingo dute 24 orduko greba Bizkaibusek langileek.

Geralekuetan informazio orriak

Bizkaibuseko langileak euren lan gatazkak erabiltzaileei sortzen dizkien ondorioetaz jakitun dira. Geralekuetan jarri dituzten hainbat informazio orriren bitartez zabaldu nahi izan diete herritarrei autobus lineak zergatik eta nola murriztuko diren eta horrek zein eragin izango duen, ez solik langileengan, baita erabiltzaileengan ere.

Hona, zabaldu duten mezua:

BAZENEKIEN BIZKAIBUSeko HAINBAT LINEA KENDUKO DITUZTELA?
Jakingo duzu, ziurrenik, BIZKAIBUSen gatazka dagoela. Gizartea ez da, gure iritziz, zergatik ulertzen ari eta, idatzi honen bidez argi azaldu nahi dugu, adibide batzuk jarriz.

Iaz, 2013ko urriaren 4an, sindikatuek eta Aldundiak akordioa sinatu zuten, bi gai lortuz: emakidak aldatu arren hitzarmenak mantentzea, eta enplegua ere mantentzea. Horrela, kendu edo hobetu nahi zituzten lineak mantendu eta berriak sortuko ziren.

Urtebete geroago, lanuzteak eta grebak berriro, eta aldundiak erremediorik jarri ezean, urriaren 27an greba mugagabea izango da. Zergatik lanuzte eta greba horiek? Erraza da erantzuna, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du akordioa errespetatu nahi, enplegua suntsitu eta zerbitzua txartu baizik.

Zergatik diogun halakorik? Aldundiak esan zuen 2013ko linea proiektua atera behar zuela, iazko mobilizazioak eginarazi zizkigun bera, alegia. Planteamendu horren arabera 300 pertsona sobera daude, eta Bizkaibusen zerbitzua nabarmen okertuko da. Hartara, Bizkaiko Foru Aldundiak proposatzen dituen aldaketekin, lineak kenduko dira, maiztasunak okertu eta bidaldiak luzatu: zerbitzu txarragoa emango zaie erabiltzaileei, azken finean.

Iazko akordioak hauxe zioen: "Gaur dauden enpleguak mantentzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak hitzematen du ez duela amortizaziorik onartuko".

Akordioa beteko bada, zerbitzua hobetu behar da, baina Bizkaiko Foru Aldundiak ez du inolako hobekuntzarik egin garraioan eta, ondorioz, txarrera egingo du Bizkaibus zerbitzuak.

Gurea defenda dezagun, zerbitzua eta lanpostuak

DURANGALDEA-ARRATIA-NERBIOI
3621 (Galdakao-Basauri-Bilbao) kenduko da: 3 autobus (11 lanpostu amortizatuta). Zerbitzu eskasa utziko zaie Boluetako eta Basauriko behealdeko herritarrei.

3623 (Bailen-Begoña- Legizamon poligonoa-Etxebarri-San Antonio) linea kenduko da: autobus bat gutxiago (3,70 lanpostu amortizatuta). Ez zaio zerbitzurik emango Bilbotik gertuen dauden industria poligonoetako bati.

3911 linean, Durango eta Elorrio artean, zerbitzu batzuk kenduko dira, ordu gorietan. Gainera igandeko azkeneko bi zerbitzuak ere kenduko dira.

3631: Bilbo-Larrabetzu (Begoñatik). Linea honen ibilbidea aldatu eta bidaldia luzatuko zaio.

3632: Bilbo-San Miguel (Begoñatik). Ibilbidea luzatuko zaio, bidaldia ere bai, eta maiztasuna murriztuko da.

3641: Arrigorriaga-Ospitalea. Oraingo ibilbidetik desbideratu, bidaldia luzatu eta, gainera, 45 minututik behin barik 55 minututik behin irteten hasiko da.
Beste bi kolektibotan ere 20 lanpostu kenduko dira (administrazioa, likidazioa, tailerra, …)
Ordu gorietako errefortzuak kenduko dira, erabiltzaileak autobusera igo ezinik geratzeko arriskuaz.

EZKERRALDEA-MEATZALDEA
3131-Barakaldo-Sestao-Repelega(Portugalete) linea desagertuko da.

3115-Bilbao Santurtzi linean bi autobus kenduko dira, lehenengo eta azkeneko zerbitzuak, hain zuzen, eta autobusak orain bezala 20 minututik behin barik 30 minututik behin irtengo dira.

3136-Barakaldo-Gurutzeta Bilbo eta 3142-Barakaldo-Santurtzi, bidean bi linea batu eta lau autobus kenduko dira. Max Center-era joateko aukera kenduko da eta, gainera, bidaldia luzatu.

3122-Bilbo-Sestao-Repelega (Portugalete) eta 3137-Bilbo-Barakaldo lineak batu eta kotxe bat kenduko da. kaltetuak Sestaoko bidaiariak, bidaldia luzatzen zaielako, eta Barakaldokoak, ordutegirik eta autobusean igotzeko aukerarik bermatzen ez zaielako.

Bederatzi autobus, 35 lanpostu gutxi gorabehera, kenduko lirateke, eta beste kolektibo batzuetan beste 40 lanpostu gutxiago geratuko lirateke (inspekzioan, kabinetan, tailerrean, erregai-hornikuntzan eta garbiketan).

MUNGIALDEA
3519 Mungia-Gernika eta 3526 Gernika-Laida-Laga-Ibarrangelu lineak batu eta autobus bat kentzeak 3 lanpostu gutxiago izatea ekarriko du. Igandeak kenduko dira.

Horri guztiari gainerako emakidetan izango diren murrizketen zerrenda luzea gehitzen badiogu, gidari eta bestelako lanpostuetan, gure kalkuluen arabera, 300dik gora lanpostu suntsituko lirateke.

Oro har, zerbitzuak eta maiztasunak murriztuko dira, batez ere larunbat, igande eta jai egunetan, eta ez da ziurtatzen leku librerik erabiltzaileentzat.

 

 

[2014/10/21] UGT-Bizkaibus: “Positibioa litzateke Aldundiak gatazka desblokeatzeko aurrerapauso erabakigarria hartzea”

[2014-10-20] 24 orduko 6. greba eguna egingo dute gaur Bizkaibuseko langileek

[2014-10-17] Bizkaibuseko grebarekin jarraituko dutela "argi utzi" nahi dute sindikatuek

[2014-10-15] Iñaki San Andres (Bizkaibus-ELA): "Bizi dugun egoeraren errudun bakarra Aldundia da"

[2014-10-10] Astelehenean 24 orduko greba deialdiari eutsiko diote Bizkaibuseko langileek

[2014-10-09] 24 orduko bigarren greba eguna Bizkaibusen

[2014/10/01] Akordio gabe, mobilizazioei eutsiko diete Bizkaibuseko langileek

[2014/09/22] Bizkaibuseko sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte

[2014/09/18] "Mila esker Artxandako autobus-linearen desagerpena saihesteko sinadura bilketan parte hartu duzuenei"

[2014/09/17] Artxandako autobusaren alternatibak aztertuko ditu plataformak

[2014/09/15] 10.000 sinadurako muga gainditu du Artxanda plataformak

[2010/09/11] Garraio zinegotziak bilerara deitu ditu Artxandako autobusaren erabiltzaileak

[2014/09/10] Artxanda plataforma: "Lantzaderak ez du egungo zerbitzua emango"

[2014/09/10] EH Bilduk Artxandako lantzadera zerbitzuaren ezaugarriak erabiltzaileekin adostea exijitu dio Abaunzari

[2014/09/08] Artxandako autobusa mantentzearen aldeko sinadura bilketa Areatzan

[2014/09/05] Artxanda plataforma: "Ez dezagun busa gal"

[2014/09/04] Santa Marinako autobus zerbitzua bermatuta, Artxandakoa ziurtatzea helburu