Iñigoren argia bizirik

uriola.eus 2016ko api. 11a, 11:22

Ehunka lagunek egin dute bat Justizia Jauregian, Cabacas auzian, "justizia" eskatzeko. Besteak beste, Rayo Vallecanoko Bukaneros zaleetako askok.

Kandelaz bete dituzte Justizia Jauregiko eskailerak. Kandelak Iñigo Cabacasi omen egiteko bere heriotzaren laugarren urteurrenean. 'Zure argiak bizirik darrai' adierazteko eta, batik bat, "justizia" eskatzeko Justiziari. Cabacas auzia ikertzen ari den epaitegiari, hain zuzen ere. Epe laburrean, ahozko epaiketa ireki edo kasua artxibatu erabaki behar duen Bilboko Zigor Epaitegiari. 

Jendetza bildu da Athleticek Rayo Vallecanoren aurka jokatu behar zuen Ligako partidaren aurretik. Iñigo Cabacasen senideak eta lagunak ez ezik ehunka herritarrek egin dute bat deialdiarekin. Besteak beste, Athleticeko zaleak eta Madriletik etorritako Rayo Vallecano taldeko jarraitzaileak. Tartean, Bukaneros peñako zale ugari. 

Partaideak milaka batzuk izan daitezke. Izan ere, manifestazioaren burua Kale Nagusian zegoenean, Corte Inglesaren parean, oraindik orain azken manifestariak Albia lorategietatik irten gabe zeuden. "Justizia" eta "Eta Pitu, zer?" oihuak izan dira nagusi Kale Nagusian. Oinezko askok txalo egin diete manifestariei eta eurekin bat egin dute pasakeran.

 

500 euroko billeteak

Gorriz zikindutako 500 euroko billete faltsuak aireratu zituzten manifestazioan zehar hainbat lagunek. Odolez zipriztindutako billeteak ziruditen. "Ugarteko kobratu hemendik" esaldia idatzita zuten. Cabacasen heriotza eragin zuten pilotakadak jaurti ziren operatiboko buruarentzat, Ugarteko-rentzat mezua argia da. Izan ere, 777.000 euroko kalte ordainak eskatu dizkie Ugartekok Cabacas familiari, Gara-ri eta Naiz-i "modu partzialean" informazioa emateagatik eta bere izen-abizenak publiko egiteagatik. 

 

Argitaratu gabeko eskela Interneten bueltaka

Larunbatean Indautxuko kalezuloan Iñigoren lagun eta senideek antolaturiko omenaldian, Manu Cabacasek jakitera eman zuen El Correo egunkariak uko egin ziola Iñigoren eskela argitaratzeari. Atzotik, eskela, sare sozialen bitartez zabaldu eta zabaldu ari da. Facebook bidez, 237.000 lagunengana heldu da jada.  

 

Seigarren ikertuaren deklarazioa

2012ko apirilaren 9an Kirruli taberna kokatuta dagoen Indautxuko kalezuloan egoera kontrolpean zegoela adierazi zuen ertzainak deklaratuko du gaur, hilak 11. Bere lekukotza "mamitsua izatea" espero dute Iñigoren lagun eta senideek. "Pilotak ardura gabe jaurti zituztela" frogatzeko garrantzitsua izan daitekeela uste dute.

Cabacas auzian sei dira ikertutako ertzainak (lehen 'inputatu').

 

Egia osoa eta justizia

Omenaldia eskaini zioten joan den larunbatean Iñigo Cabacasi, bere heriotzaren laugarren urteurrenean. Aurten, kultura eta kirol alorreko hainbat lagunek atxikimendua eman dute Cabacasen auzian "egia osoa jakin eta justizia exijitzeko". Besteak beste, Gotzon Barandiaranen (idazlea), Unai Iturriagaren (bertsolaria), Itziar Ituiñoren (aktorea), Zea Mayz taldearen, Mikel Urrutikoetxearen (pilotaria) zein Athleticeko hainbat peñaren babesa ezagutzera eman zuten.

Ekitaldia txalaparta doinuekin abiatu zen bozgorailuetatik Cabacasek pilotakada jaso zuen gauean ertzainek irrati bidez izan zituzten elkarrizketak entzuten ziren bitartean. Ondoren, Cabacasen lagunek eta Iñigo Gogoan plataformako kideek hartu zuten hitza esanez, bidea "gogorra" izaten ari dela baina justizia eskatzen jarraitzeko asmoa dutela.

Jarraian, jasotako atxikimenduen zerrenda irakurri zuten eta agurra dantzatu ondoren, Manu eta Finak, Iñigoren gurasoak igo ziren oholtza gainera. Manu Cabacasek hartu zuen hitza esanez, "axolagabekeria" dagoela kasuaren atzean esaterako, Eusko Legebiltzarrak ikerketa batzorde bat eratzeko aukera baztertu baitu, Segurtasun Sailak epaileak eskatutako zenbait froga emateari uko egin baitio edota, Ugartekok "kalte moralengatik" salaketa jarri izanagatik. Hala ere, itxaropentsu agertu zen instrukzio fasea bukatzean, ekainaren 7an, epaiketa egiteari begira. Argi plazaratu zuen ez dutela aintzat hartzen auzia artxibatzea baina ez dutela onartuko ere "aurpegia garbitzeko epaiketa iruzurti bat egitea".

 

@Cabacasjustizia

[2016-04-10] Iñigo Cabacasen heriotzaren laugarren urteurrenean justiziaren aldarria nagusi

[2016-04-08] Oroimenak eta justizia eskaerak bat egingo dute Cabacasen heriotzaren 4.urteurrenean

[2016-04-08] Cabacas auzia, lau urte eta epaiketara ezin iritsiz

[2016-04-06] LAB: "Lau urte daramate Cabacasen senitarteko eta lagunek justizia eskatzen"

[2016-04-05] Cabacas auzia, lau urte "lotsagarri eta mingarri"

[2016-04-05] “Mingarria da Iñigo Cabacasen erailketaren arduradunik eza urtero salatu beharra”

[2016-03-01] Iñigo Gogoan: "Lau urte eta ez dago epaiketarik, eta baliteke ez egotea"

[2016-02-29] "Injustizia egoera lazgarria" salatuko dute Cabacasen senide eta lagunek

[2016-02-22] Cabacas hil zuen operatiboko buruak hildakoaren familiari 777.000 euro eskatu dizkio

[2016-02-10] Cabacas auzian beste ertzain bat inputatu du epaileak

[2015/06/26] Aresen izendapena Memoriaren Institutuan "ilogikoa" eta "mingarria" da Cabacasen hurkoentzat

[2015/06/17] 'Ugartekok' hiru urteren ostean deklaratzea "ulertezina" eta "lazgarria" da Iñigo Cabacasen lagun eta senideentzat

[2015/06/16] Cabacas kasuaren baitan 'Ugartekok' lekuko gisa deklaratuko du bihar Cabacas kasuaren baitan 'Ugartekok' lekuko gisa deklaratuko du bihar

[2015/04/09] Iñigo Cabacas, 1.095 egun erantzukizunak argitu gabe

[2015/03/24] Udalak Iñigo Cabacas omenduko du ostiralean

[2015/02/12] "Hiru urte eta gero beharrezkoa da honekin bukatzea; gurasoengatik eta Iñigogatik"