Eraso faxistei erantzun “integrala” emateko jardunaldiei amaiera emango diete gaur Deustun

uriola.eus 2015ko api. 30a, 07:45

Iazko urte amaieran Destun agertu ziren margoketa faxista eta xenofoboengatik kezkatuta daude auzotarrak. Esbastiken irudiak eta ‘Josue libre’ edota 'Muerte a los musulmanes' bezalako mezuak Deustuko taberna, gaztetxe, anbulategi eta aterpeetan agertu ziren. Herritar talde batek salaketatik haratago jotzea erabaki du; erantzun “integrala” ematea.

“Ez dugu salaketa hutsean geratu nahi”, diote Deustuko bi gaztek. Norbanakoak dira, nahiz asko Deustuko talde eta elkarteetako kide ere badiren, bi asanbladetan erantzun bateratu eta integrala prestatzeko elkartu direnak.

Auzoko hormetan edota zubietan eskegita agertu diren pankartetako mezu faxista eta xenofoboek arduratzen dituzte. Baina baita “arrazakeria instituzionalak” ere. Hau da, “Javier Marotoren diskurtsoa duten politikariek eta herritarrek”. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) eskatzeko etorkinek duten eskubidea dela eta sortu den eztabaida "instituzioetako mezu xenofoboekin" lotzen dute. Deustuarrek ez dute “erasoen” artean bereizketarik egin nahi. Jakin badakite, batzuek eta besteek gizartean zabaldu nahi duten “diskurtso faxista” zein den, eta “joera” horri aurre egitea erabaki dute.

Apirilean, hainbat ekimenekin trebatuko dira, “jendea adi egon dadin”. Apirilaren 23 eta 30 bitartean beste herrialde batzutako esperientziak ezagutuko dituzte Komite Internazionalistak eta Askapena elkarteko kideen eskutik. Esaterako, Alemanian eta Grezian nola bizi izan dituzten “antzeko kasuak”, eskuin muturraren gorakadaren ondorioak, alegia. 'Faxismoa Europan' izenpean, ostegunean, hilak 23, Deustuko Gazte Lokalean izango da hitzordua. Bertan, Sare Antifaxista eta Burdinezko Gerrikoa elkarteetako kideek arlo teorikoa landuko dute gehiago. Faxismoaren aurpegiak eta jatorriak aztertuko dituzte, eta estatu espainiarrean izan duen bilakera.

Patri Muñozen ‘Euskal Herria helmuga’ dokumentalaren bidez -apirilak 30- gure artera migratu duten lagunen bizipenak partekatuko dituzte. Bai estatutik bai Hego Ameriketatik etorritako pertsonek gurean aurkitu dituzte trabak ezagutzeko. Solasaldia antolatuko dute horretarako eta SOS Arrazakeria, Elkartzen eta La Posada de los Abrazoseko kideak gonbidatuko dituzte parte hartzera.

Apirileko jardunaldien ostean erabakiko dute deustuarrek aurrerantzean zer egin. “Antolatu ditugun ekimenek hartzen duten indarraren arabera egingo dugu zer edo zer”.

[2015/02/19] Margoketa eta paskin faxistak salatu dituzte Olabeagan

[2015/01/02] Margoketa islamofoboak egin dituzte Deustun

[2015/01/02] Panfleto nazi-faxistak agertu dira Indautxuko kaleetan

[2014/12/26] Esbastikak eta Josue Estebanezen aldeko mezuak bigarrenez agertu dira Deustun

[2014/12/10] Ikur naziek eta Josue Estebanezen askatasuna exijitzeko pintadek bete dute Deustu

[2014/09/30] Margoketa nazi-faxistak egin dituzte Basurtun

[2014/06/18] Elkarretaratzea deitu dute eraso faxista jasan zuen gaztea babesteko

[2014/06/17] Zurbaranbarrin eraso faxista jasan zuen gazteak salaketa jarri du

[2014/03/18] Faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako aldarria kalera aterako dute larunbatean

[2014/03/11] Faxismo eta arrazakeriaren aurkako eguna, manifestazioa

[2014/03/11] Faxismoari aurre egiteko plataforma berria jarri dute martxan

[2014/11/03] Jarrera eta adierazpen nazi-faxistak salatu dituzte