"Esker oneko hitzak baino ez dauzkagu"

Asier Gonzalez, Yolanda Gonzalezen neba 2016ko ots. 26a, 09:45

Asier Gonzalez, urtarrilaren 30ean eginiko omenaldian

Duela 36 urte erail zuten nire arreba. Atzera begiratuz gero denbora piloa pasa dela dirudi. Zirrara atzo gertatu izan balitz bezala azaleratzen den arren. Nik orduan sei urte baino ez nituen, baina amaren begietan islatuta, bere begietako malkoen mina sentitu dut, baita urteetako borrokaren balendria ere, justizia egin zedin.

Bere hiltzaile nagusiaren eskandaluzko ihesaldiaren eta ondorengo estradizioaren ostean, komunikabideetan izan zuen oihartzuna tartean, familiarentzat normaltasun eta dolu garaia iritsi zen. Nolabait, gertatua atzean utzi eta gure bizitzekin aurrera egiteko balio izan zigun.

Baina, espero ez genuena gertatu zen aurrerago. Bere hiltzailea berriro ere protagonista bihurtu zen kapitulua, hain zuzen ere. Duela hiru urte, garai honetan, prentsaren bitartez jakin genuen, orduan bezalaxe, bizi-bizi eusten zuela harremana Estatuko ‘segurtasun’ indar eta taldeekin. Kasu hartan, neba-arrebok lekukoa hartu, eta Yolandaren kide ohiekin batera, irten ginen justizia eske. Zori gehiago edo gutxiagorekin, gure esku zegoen guztia egin genuen. Bi aldiz batzartu ginen Barne Ministerioko ordezkariekin, baita Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin eta Kataluniako Gobernuko Barne Sailarekin. Gobernuari azalpenak eskatzeko Ez Legezko Proposamena onartu zuten eta Euskadin talde politikoen babesa lortu genuen Eusko Legebiltzarraren adierazpen instituzionala bultzatzeko. Gainera, hainbat jarduera publiko antolatu ziren Bilbon, Madrilen, Bartzelonan eta Burgosen. Benetan lotsagarria den arren, ez zen kargu-uzterik izan, ez horrelako zerbait berriro errepikatuko ez zen konpromiso tinkorik. Agian, ‘emandako zerbitzuengatik’ pertsonaia ilun horrekin duten zorragatik izango da.

Baina guzti honetan txanponaren beste aldea ere badago. Yolanda berriro ere iru- diteri kolektibora itzuli da, eta bere oroimenaren aldeko ekimenek lehen baino indar gehiago dute. Badira urte batzuk Deustuibarrako auzokideak bere hilketaren urtemugan omenaldia egiten hasi zirela (kasu honetan, bere hiltzailearen azken eskandalua ezagutu baino lehen). Hasieran arduratuta zeuden familiaren gustukoa ez zelako, baina inola ere ez, nahiz eta sentimenduak astinduarazi, esker oneko hitzak baino ez dauzkagu. Gainera, duela urte eta erdi bururatu zitzaien Bilboko Udalari eskatzea Yolandari urtero omenaldia egiten dioten plazari bere izena eman ziezaiola. Eta lortu dute! Sinestezina da! Deustuibarrako auzokideentzat plazatxo horrek esanahi handia baitauka. Bertan batetik bestera korrika ibili gara ume izan garen guztiok, baita Yolanda bera ere. Udalak lortu du, salbuespenik gabe talde politiko guztien babesarekin, ekimen honen gauzatzea arrakastatsua ez ezik Yolandari eginiko omenaldia izatea, eta plazaren izendapena onartu zen Udalbatzarrean horixe sentiarazi ziguten Udaleko ordezkariek.

Madrilen, Aluche auzoan, Jardines de Yolanda Gonzalez Martin izena eman zitzaien lorategi batzuei orain dela zenbait urte. Bertan bizi zen hil zutenean. Bere borrokan lagun izan zituenen ekimenaren fruitua izan zen hori ere. Udaleko taldeen babesa ere izan zuten. Iaz Madrilen bertan izan ginen poz handiz. Yolanda Gonzalez Martinen Plazatxoaren inaugurazioan gaur egongo garen bezalaxe.

Mila esker bihotz bihotzez. 

 

Asier Gonzalez, Yolanda Gonzalezen neba

 

Gaur inaugurazio ofiziala

Deustuibarrako 57 eta 59 zenbakien artean dagoen plazatxoak gaurtik aurrera 'Yolanda Gonzalez Plazatxoa' izango du izen ofizial. 11:00etan bistaratuko dute 1980an hil zuten Yolanda Gonzalez gaztearen familiak, Aburto alkateak eta Udaleko hainbat ordezkarik plazatxoaren izen berria daraman plaka.

 

@YGnzalez

[2016-02-25] Yolanda Gonzalez Erriberan... betiko!

[2016-02-01] Ostiralean inauguratuko du Udalak 'Yolanda Gonzalez Plazatxoa'

[2016-02-01] Yolanda Gonzalez gogoratu dute Deustuibarrako plazatxoan

[2016-01-27] Yolanda Gonzalez oroituko dute Deustuibarran bere hilketaren 36. urteurrenean

[2016-01-21] Yolanda Gonzalez ofizialki sartuko du Udalak Bilboko kale-izendegian

[2015/06/05] Yolanda Gonzalezen izena eman diote Madrileko lorategi bati 

[2015/02/02] Yolanda Gonzalez gogoan izan dute Deustuibarran bere erailketaren 35. urteurrenean

[2014/10/15] Asier Gonzalez: "Madrilen egin badute, zergatik Bilbon ez diote Yolandaren izena plaza bati jarriko"

[2014/10/13] Yolanga Gonzalez gogora ekarriko dute Deustuibarran, bere heriotzaren 35. urteurrenean

[2014/10/13] Deustuibarrako plazatxoari Yolanda Gonzalezen izena emateko eskaria egingo diote auzotarrek Udalari

[2013/07/04] Hellini buruz egindako ikerketak "etsita" utzi du Yolanda Gonzalezen sendia

[2013/07/03] Barne ministroaren azalpenen zain Yolanda Gonzalezen hurbilekoak

[2013/06/25] Yolanda Gonzalezen hilketaren inguruko zigorgabetasuna salatuko dute gaur Deustun

[2013/06/24] Yolanda Gonzalezen hilketaren inguruko zigorgabetasuna salatuko dute asteartean Deustun

[2013/06/18] Yolanda Gonzalezen hilketaren inguruko zigorgabetasuna salatuko dute Deustun

[2013/06/14] Gasteizko legebiltzarrak Yolanda Gonzalezen sendia babestu du

[2013/04/15] Yolanda Gonzalez gogoratu dute Madrileko Puerta del Solen

[2013/03/07] Yolandaren omenezko horma-irudia margotzeko deia larunbaterako

[2013/03/06] "Yolanda gogoan", gutun irekia Bilboko alkateari

[2013/03/04] Yolanda Gonzalezen omenezko muralaren ezabaketa memoriarekiko begirune eza dela salatu du Bilduk

[2013/02/28] Hellinekin harremanak eteteko eskatu diote Barne Ministroari Yolanda Gonzalezen gertukoek

[2013/02/27] Zalaparta handia komunikabideetan Yolanda Gonzalezen hiltzailearen harira

[2013/02/25] Yolanda Gonzalezen hiltzailea, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren aholkulari

[2013/02/03] Yolanda Gonzalez gogoratu dute Deustuko Erriberan, haren erailketaren 33. urteurrenean

[2013/01/30] Yolanda Gonzalezen omenezko ekitaldia ostiralean Erriberan