Bidaia ordaindu gabeak, zentsura mozioa eta manifestazioa Bizkaibuseko aferan

uriola.eus 2014ko urr. 29a, 14:06

Bizkaibuseko langileen hirugarren greba mugagabe egunean, tirabirak izan dira Leioako campusean ikasle batzuk autobus bidaia ordaintzeri uko egin diotenean. '#BizkaibusEzOrdaindu' dinamikarekin jarraitzeko prest agertu dira ikasleak. Itziar Garamendi diputatuak atzo ez zituen sindikatuetako ordezkariak bileran hartu eta gaur EH Bilduk, langileekin negoziatzera esertzeko eskatu dio, "inolako aitzakiarik gabe", eta "gai ez bada" Bizkaibuseko langileak sinatu zituzten bermeekin "zerbitzua berriz martxan jartzea lortzen ez badu", Garamendiren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko duela iragarri du.

Bizkaibusen gatazkak langileak ez ezik "garraio publikoa" eta "gizartea" bera ere kaltetzen dituela eta, gaur arratsaldeko manifestazioan parte hartzera dei egin diete sindikatuek herritarrei. "Ibilbideen desagertzea eta zerbitzuaren okertzearen kontra protesta dezatela". 18:30ean Jesusen Bihotzetik abiatuko da protestaldia eta Diputazioak Kale Nagusian duen bulegoetan amaituko da. 

Bihar eta etzi berriz (ostegun eta ostiralean) 10:00etan EITBko egoitzatik irtengo dira manifestazioak.

Batzartu ezinik

Atzo prentsaurrea eskaini ostean, sindikatuetako ordezkariak foru jauregira hurbildu ziren Garraio diputatu Itziar Garamendirekin batzartzeko asmoz. Bizkaibuseko langileei mobilizazioak bertan behera uzteko eskatu zien diputatuak batzarrerako baldintza gisa. Sindikatuek, aldiz, ez zuten onartzen baldintzapeko bilerarik. "Zerbait badu, mahai gainean jartzeko" eskatu zioten Aldundiari. Baina Garamendik ez zituen hartu. Gaur goizean beste bilera bat hitzartuta zuten arren, sindikatuek ez joatea erabaki dute. "Guk baldintza gabeko bilera nahi dugu", adierazi dute. "Inkongruentea deritzogu Garraio sailaren eta Diputazioaren aldetik bilera batera deitzea greba mugagabea bertan behera uzteko baldintzapean, batez ere aurreko bilera guztiak, bat izan ezik, mobilizazioekin batera egin direla jakinik".

Bizkaiko Foru Aldundia Bizkaibuseko langileak "erabiltzen" eta bidaiariak "bahitzen" ari dela salatu dute sindikatuek, "zeren gaurko bilerara deitu bagaituzte ulertzen dugu gatazka honi irtenbidea emateko proposamen bat duelako da, hau horrela bada arduragabekeria deritzogu bilera ostiralera atzeratzea. Diputazioaren jokamoldeak argi utzi du gatazka honi irtenbidea bilatzeko duen borondate eza".

#BizkaibusEzOrdaindu

Pasa den astelehenean, urriaren 27an, Leioako ikasle talde batek Bizkaibusen langileek bizitzen dituzten “eskubide urraketak” eta ikasleei eskaintzen zaien “zerbitzu tamalgarria” salatu zuten. Era berean, greba mugagabean dauden langileei elkartasuna adierazi nahi izan zieten: “Borrokan jarraitzen duten bitartean, haiekin jarraituko dugu; zerbitzu duin bat lortzeko modu bakarra langileen garaipena baita”.

Ez da lehengo aldia Leioako ikasleek unibertsitatera joateko dagoen zerbitzu publiko duin baten alde borrokatzen dutela. Unibertsitatea eraiki zenetik hona, hamaika dinamika eta ekitnza egin dira Leioako campusean, zeina Aldundiaren parean: kontzentrazioak, eserialdiak, errepide mozketak, autobusetara ordaindu barik igotzea, etab.

Gaur egun unibertsitatera igotzeko eskeintzen den zerbitzuak erreztasunik ez diela bermatzen adierazi dute. Horretaz gain, bidaiaren prezioaz mintzatu dira, egun indarrean dauden bonoak ikasle guztiendako eskuragarriak ez direla adierazi dute: “Ordaintzera behartuak gauden unibertsitateko tasek zama ekonomikoa handia suposatzen digu. Horri unibertsitate publiko batera etortzeko gastuak gehitu behar zaizkio”.  Ikasle hauek egindako kalkuluen arabera, Termibusetik unibertsitatera joan-etorria egiten duen ikasle batek 350 euro gastatzen ditu gutxienez ikasturte batean. Bilbotik kanpo dagoen herri edo eskualde batetik etortzekotan, unibertsitatera joateko kostua handiagoa egiten da: “Guk ez dugu diru sarrera nabarmenik eta tasa hauek txikiagotzea lagungarria izango litzateke guretzat”.

Autobusak hartzeko ordutegiak ikasleen beharrekin bat ez datozela adierazi zuten ere: “Zenbait linien maiztasuna ez dator bat egunerokotasunean unibertsitatera igotzeko dagoen eskariarekin”.

Guzti honen aurrean, ikasleek bi proposamen plazaratu zituzten: alde batetik ikasle bono bat sortzea “kokapen marginalean kokatua dagoen unibertsitatera igotzeko”; eta bestetik, ikasleen benetako beharrizanari erantzuten dioten zerbitzuen maiztasun eta ordutegien planteamendu berri bat egitea.

“Salaketa ez da hitzetan geldituko eta borrokari ekingo diogu gure eskaerak entzunak izan daitezen”, adierazi zuten astelehenean Leioako Campusean egindako agerraldian. Agerraldi ostean eserialdi baketsu bat burutu zuten, autobus pilaketa sortaraziz. Ildo beretik, #BizkaibusEzOrdaindu kanpainari hasiera eman diote gaur,  ikasleak lau autobusetara ordaindu gabe igo direlarik.

Lau autobus horietatik hiru Bilbora jaitsi dira arazorik gabe. Beste autobus batek, ordea, arazo txiki batzuk sortarazi ditu, errektoreordetzako kideak eta ertzainak bertaratu direlarik. Leioako Ikasle Abertzaleakek bere Twitter kontuan zabaldutako mezuen arabera, azkenean gelditutako autobusa Bilbora jeistea loru dute ikasleek. Hala ere, gogorarazi nahi izan dute gaur burutu duten ekintza ez dela ekintza puntual bat, baizik eta hasiera. Honela iragarri dute haien Twitterreko kontuan: "#BizkaibusEzOrdaindu dinamikarekin jarraituko dugu ikasleok!Sartu ordaindu barik!"

 

Zentsura mozioa

 “Dei argi eta ozena” egin nahi dio koalizioak Bizkaiko Foru Aldundiari eta, bereziki, Itziar Garamendi diputatuari. “Eseri dadila negoziatzera inolako aitzakiarik gabe eta minutu bakar bat ere galdu gabe. Ez dadila mahaitik altxa Bizkaian garraio zerbitzua bermatu dezakeen arte, duela urte bete Garamendik berak sinatu zuen baldintzetan. Eta, beraz, ez dadila mahaitik altxa gatazka konpondu eta greba bertan behar uztea lortzen duen arte”.

Garamendi diputatua aste honetan gatazkari irtenbidea emateko “gai ez bada” eta Bizkaibuseko langileak sinatu zituzten bermeekin “zerbitzua berriz martxan jartzea lortzen ez badu”, EH Bilduk zentsura mozioa aurkeztuko du astelehenean bertan diputatuaren kontra. “Garraio publikoa kudeatzeko gaitasun faltak eta aldez aurretik sinatu dituen konpromisoak ez betetzeko egoskorkeriak arazo larriak ari baita sortzen, bai Bizkaibuseko langileengan zein Bizkaiko garraio publikoko erabiltzaileengan ere”, EH Bilduren aburuz.

 

 

[2014/10/27] Greba mugagabearen zergatiak gizarteratu dituzte Bizkaibuseko sindikatuek

[2014/10/27] Bizkaibuseko langileek greba mugagabea hasi dute

[2014/10/24] Asteleheneko greba mugagabearen atarian, azken negoziaketa eguna du Bizkaibuseko lan gatazkak

[2014/10/23] Akordiorik gabe, Bizkaibuseko langileek greba egingo dute

[2014/10/21] UGT-Bizkaibus: “Positibioa litzateke Aldundiak gatazka desblokeatzeko aurrerapauso erabakigarria hartzea”

[2014-10-20] 24 orduko 6. greba eguna egingo dute gaur Bizkaibuseko langileek

[2014-10-17] Bizkaibuseko grebarekin jarraituko dutela "argi utzi" nahi dute sindikatuek

[2014-10-15] Iñaki San Andres (Bizkaibus-ELA): "Bizi dugun egoeraren errudun bakarra Aldundia da"

[2014-10-10] Astelehenean 24 orduko greba deialdiari eutsiko diote Bizkaibuseko langileek

[2014-10-09] 24 orduko bigarren greba eguna Bizkaibusen

[2014/10/01] Akordio gabe, mobilizazioei eutsiko diete Bizkaibuseko langileek

[2014/09/22] Bizkaibuseko sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte

[2014/09/18] "Mila esker Artxandako autobus-linearen desagerpena saihesteko sinadura bilketan parte hartu duzuenei"

[2014/09/17] Artxandako autobusaren alternatibak aztertuko ditu plataformak

[2014/09/15] 10.000 sinadurako muga gainditu du Artxanda plataformak

[2010/09/11] Garraio zinegotziak bilerara deitu ditu Artxandako autobusaren erabiltzaileak

[2014/09/10] Artxanda plataforma: "Lantzaderak ez du egungo zerbitzua emango"

[2014/09/10] EH Bilduk Artxandako lantzadera zerbitzuaren ezaugarriak erabiltzaileekin adostea exijitu dio Abaunzari

[2014/09/08] Artxandako autobusa mantentzearen aldeko sinadura bilketa Areatzan

[2014/09/05] Artxanda plataforma: "Ez dezagun busa gal"

[2014/09/04] Santa Marinako autobus zerbitzua bermatuta, Artxandakoa ziurtatzea helburu