Udal gobernuak ezagutzen ez zen proiektuaren berri eman du gaur. Oposizioko taldeen eta herritarren sorpresarako. Deustuko Gazte Lokaleko kideei udal jabetzakoa den espazioa husteko agindua eman ostean –irailaren 29an beteko da epea–, 26 urtez Deustuko gazteek erabili duten eraikina eraisteko asmoaren berri eman du Asier Abaunza Hirigintza zinegotziak. Aurreratu duenez, bertan, eraikin berri bat altxaraziko du Udalak. "Beheko solairua gehi lau altuerakoa". Sotoa eta beheko solairua Deustuko gazteen erabilerara bideratuko dira. Izan ere, Abaunzaren hitzetan "helburua orain arteko berbera da, gazteek jarduera sozio-kulturaletarako erabil dezatela, baina arazoak ahalik eta gehien murriztuz", eta horretarako "akustikoki isolatuko da" gazteen gunea. Gune berri hori gazteek autokudeatua izan daitekeela adierazi du zinegotziak, "gutxieneko baldintza batzuk betetzen diren bitartean".
Hain zuzen ere, Gazte Lokaleko kideek "gutxieneko baldintzak bete ez dituztelako" erabaki dute udal ordezkariek 2008an Deustuko Gazte Asanbladarekin sinatutako akordioa apurtzea. Bi aldeen oniritziarekin urtez urte luzatu den akordioa. Abaunzaren arabera, "arau-hausteak baino gehiago adostutako lau betekizun bakarrak urratu dituzte". Hau da, kontzertuak, jarduera politikoak eta auzokideak molestatzeko edozein jarduera antolatzea era alkohola saltzea.
Elkarrizketa "ezinezkoa", baina ez bukatua
"Hainbat aldiz" Gazte Lokaleko kideekin hitz egiten ahalegindu direla aipatu dute bai Asier Abaunzak bai Marta Ajuria Ekonomia eta Ogasun zinegotziak. Besteak beste, "auzotarrek aurkeztutako kexei" eta Bilboko Udaltzaingoaren "hiru atestatuei" erantzutea zuten helburu. Baina Ajuriaren hitzetan, "ezinezkoa" izan da harremana "Gazte Lokaleko ordezkariak aldatu zirenetik", ez telefono bidez ez Elkarbizitzarako Behatokiaren bitartekaritzaren bidez, "ez dute hitz egitera jesartzerik nahi izan arazoa konpontzeko".
Elkarrizketarako bidea ez du guztiz itxi udal gobernuak. Abaunzak "beharrezkoa den bestetan elkartzeko asmoa" aurreratu du, baina beharrezkotzat jo du Gazte Lokaleko egungo arduradunek, 2008koak egin zuten bezala, "proiektu bat, konpromisoak eta konpromiso horiek betetzeko borondatea aurkeztea".
Babesteko eta ekintzetan parte hartzeko deia
Agerraldiaren ostean, udal gobernuko ordezkarien "era guztietako gezur eta manipulazioak" entzun dituztela adierazi dute Deustuko Gazte Lokaleko lagunek sare sozialen bitartez. Gogor salatu dute eraikina eraitsi eta bere lekuan "konkurtso zehaztugabeko etxebizitzak" eraikitzeko Udalaren asmoa. Erabaki horren aurrean, "proiektu autogestionatua babesteko" aste honetan antolatutako ekintzetan parte hartzera deitu dute. Bihar, 18:30ean, belaunaldi ezberdinetako kideek, nork bere ikuspegiarekin, Deustuko Gazte Lokalaren historia osatuko dute.
[2017-09-19] Deustuko gazteak baliabiderik gabe uztea salatu du EH Bilduk
[2017-09-15] Belaunaldi desberdinak Gazte Lokalaren hustuketaren kontra
[2017-09-12] Mobilizazioak iragarri dituzte Deustuko Gazte Lokalaren "defentsan"
[2017-09-11] Gazte Lokala husteko agindua, "Deustu osoaren aurkako erasoa"
[2017-09-08] Deustuko Gazte Lokalak Bilboko Udalaren husteko agindua jaso du
[2016-11-17] Deustuko Gazte Lokala: "Autogestioaren giltzarekin" 25 urte
[2014-10-31] Deustuko Gazte Lokala, ideia komunak konpartitzen dituzten ezberdinen arteko elkargunea
[2013-09-26] Deustuko Gazte Lokala: 22 urte eta gogoz beterik