Udaleko ordezkariak Deustuko Gazte Lokaleko kideekin batzartuko dira

uriola.eus 2017ko ira. 25a, 09:30

Argazkiak: Deustuko Gazte Lokala

Larunbatean, hilak 29, bukatuko da Udalak emandako 15 eguneko epea Gazte Lokala husteko. Gaur arratsaldean batzartzekoak dira Deustuko Gazte Lokaleko lagunak Asier Abaunza Hiri Plangintza zinegotziarekin. 

Elkarrizketarako bidea ez du guztiz itxi udal gobernuak. Asier Abaunza zinegotziak "beharrezkoa den bestetan elkartzeko asmoa" adierazi du, baina beharrezkotzat jo du Gazte Lokaleko egungo arduradunek, 2008koak egin zuten bezala, "proiektu bat, konpromisoak eta konpromiso horiek betetzeko borondatea aurkeztea". 

Udal gobernuak egungo Gazte Lokala eraitsi eta bere lekuan etxebizitzak eta gazteentzako gune bat eraiki nahi ditu. Larunbatera arteko epea eman die gazteei Udalaren jabetzakoa den espazioa husteko.  

Deustuko Gazte Lokaleko kideek udal gobernuko ordezkarien "era guztietako gezur eta manipulazioak" salatu dituzte, eta eraikina eraitsi eta bere lekuan "konkurtso zehaztugabeko etxebizitzak" eraikitzeko Udalaren asmoa errefuxatu dute. Erabaki horren aurrean, "proiektu autogestionatua babesteko" deia egin diete herritarrei. 

Joan den asteburuan zehar hainbat jarduera burutu dituzte Deustuko kaleetan zein gaztetxean bertan. 26 urteko ibilbidea duen Gazte Lokala "defendatzeko". Ostiralean bizikleta kalejira egin zuten eta larunbatean "kaleak betetzen, kalejira zaratatsua", trikitixa, pandero, erraldoi, maraka, zumba, argazki erakusketa eta Mobi Dick eta Godoys taldeen kontzertu eta guzti.  

Asteazkenean, hilak 27, eguerdian, Deustuko Gazte Lokaleko lagunek prentsaurrekoa iragarri dute.

 

 

[2017-09-19] Deustuko Gazte Lokalaren lekuan etxebizitzak eta gazteentzako gune bat egingo ditu Udalak

[2017-09-19] Deustuko gazteak baliabiderik gabe uztea salatu du EH Bilduk 

[2017-09-15] Belaunaldi desberdinak Gazte Lokalaren hustuketaren kontra

[2017-09-14] Deustuko Gazte Lokalari "irtenbidea bilatzeko" eskatu diote oposizioko hiru taldek udal gobernuari

[2017-09-13] Deustuko Gazte Lokalaren "beharra" azpimarratu eta elkarlanerako eta antolaketarako deia egin dute

[2017-09-12] Mobilizazioak iragarri dituzte Deustuko Gazte Lokalaren "defentsan"

[2017-09-11] Gazte Lokala husteko agindua, "Deustu osoaren aurkako erasoa"

[2017-09-08] Deustuko Gazte Lokalak Bilboko Udalaren husteko agindua jaso du

[2016-11-17] Deustuko Gazte Lokala: "Autogestioaren giltzarekin" 25 urte

[2014-10-31] Deustuko Gazte Lokala, ideia komunak konpartitzen dituzten ezberdinen arteko elkargunea

[2013-09-26] Deustuko Gazte Lokala: 22 urte eta gogoz beterik

[2012-05-29] Gazte Lokalak 21 urte, zorionak!