Auzitegi Nazionalaren epaiaren aurrean, gazteria konprometitu eta librearen aldeko aldarria

uriola.eus 2015ko mai. 7a, 08:54

Argazkia: @Burdinharresia

Seina urteko kartzela zigorra jaso duten '28ak Libre' auziperatu taldeko zazpi lagunei elkartasuna adierazteko bihar, hilak 7, manifestazioa deitu dute Bilbon. Atzo, Santutxun, ehunka lagunek Xabat Moran auzotarraren atxiloketa salatu eta haren askatasuna exijitu zuten.

Jendetsua izan zen Sei Izar plazatik abiatu zen manifestazioa. 'Xabat askatu! Epaiketarik ez! 28a askatu!' zioen pankarta buru zuen protestaldian Xabat Moran santutxuarraren senide, adiskide, auzokide eta Bilboko beste auzoetatik eta inguruko herrietatik joandako lagunek parte hartu zuten.

Sententzia "ez dugula onartzen" esateko hartu zuten hitza manifestazio amaieran auzoko Oihana Bartrak eta Aritza Erkiziak. "Euskal Herria nazkatua dago, herri honek erabakia hartu du: konponbidea nahi eta behar dugu". Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Salak atzo emandako epaia "demokraziaren aurkako erabaki soila" dela adierazi zuten. Zazpi gazteren aurkakoa ez ezik "Euskal Herriaren aurkako erasoa da", azpimarratu zuten, eta "ez dio ekarpenik egiten euskal gizarteari".

Seina urteko espetxealdira zigortuak izan diren zazpi gazteak "demokraziaren izenean kondenatu ditu espainiar Estatuak", atzoko agerraldian adierazi zutenez. "Militante politiko izate hutsagatik izan dira bahituak, torturatuak eta espetxeratuak". Xabati eta beste sei lagunei "tokatu" zaien bezala, Bartra eta Erkiziaren hitzetan, "Estatuaren loteria makabro horretan edozein izan daiteke hurrengoa".

 

Helegitea aurkeztuko dute

Kepa Manzisidor abokatuak jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Salako epaimahaiak atzo emaniko sententziaren aurka "helegitea aurkeztuko dugu, eta Gorenak ebatzi arte kalean egon beharko lirateke zazpiak". Hamasei gazte zeuden Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Salako epaiaren zain. Segiko kide izatea egotzita, seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak haien aurka. Zazpi zigortu dituzte seina urteko espetxealdia betetzera. Gainerakoak absolbitu egin ditu.

 

Gaur agerraldia, bihar manifestazioa

Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan balorazioa egingo dute Libre lantaldeko kideek gaur eguerdian, eta antolatu dituzten ekimenen berri emango dute.

Bihar, hilak 7, "maitasuna" agertuko diete Bilbon epaiak zigortu dituen zazpi lagunei -Xabat Moran, Ibon Esteban, Marina Sagastizabal, Bergoi Madernaz, Igarki Robles, Ainhoa Villaverde eta Aiala Zaldibar-. 'Gora gazteria konprometitua! Gazteria libre!' goiburupean manifestazioa egingo dute 20:00etan Arriaga plazatik hasita.

 

Atxiloketak

2010eko polizia operazio batean atxilotutako 28 gazte independentisten artean dago Xabat Moran. 01/12 sumarioan baitan, 2014ko irailean hasi zen Auzitegi Nazionalean 28en aurkako epaiketa. Denei Segiko kide izatea leporatzen zieten. Abenduaren 16an, 12ren aurkako akusazioa erretiratu zuen fiskaltzak, eta gainerako 16 auzipetuentzat, haien artean Moran, seina urteko zigor eskaerak mantendu zituen. Abenduan epaiketa bukatu zenetik, sententziaren zain zeuden denak.

Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Salako epaimahaiak epaia atera aurretik hasi ziren gazteak atxilotzen atzo eguerditik aurrera. Xabat Moran atxilotu zutela zabaldu zen lehenik, 14:00ak aldera, Bilboko Somera kalean, Zazpikaleetan, lanetik ateratzerakoan. Lekukoak adierazi zutenez, berekin zihoanari bultza egin, erditik kentzeko esan, eta kalekoz jantzitako poliziek eraman zuten atxilo. Moran atxilotu ostean auzitegira eraman zutela jakinarazi zuten lekukoek, epaia jakinarazteko. Marina Sagastizabal ere Bilbon atxilotu zuten, San Mames inguruan, ordu bertsuan.

 

Epaia

110 orriko epaiak Poliziari sinesgarritasuna eman, tratu txarrik izan zenik ez dela frogatu eta zigortuak "militante aktibo" direla frogatutzat jo du, zigor epaia emateko, orain arte tratu txarren inguruan auzitegiak ematen ari ziren epaiei iskin eginda.

 

[2015/05/06] Xabat Moran santutxuarra atxilotu dute

[2015/04/16] Xabat Moran, 16ak Libre: “Herritar libreak gara, eta berdin-berdin izango gara sententzia edozein dela”

[2014/07/03] 28ak Libre taldeak Santutxun lehen asanblada egingo du

[2014/07/10] Libre dinamika abiarazi dugu Santutxun

[2014/07/18] Argazki erraldoia egin dute Santutxun Libre dinamika babesteko

[2014/09/22] 28 gazteen aurkako epaiketa gaur goizean hasiko da Madrilen

[2014/09/22] Berrabiarazi dute gazte independentisten aurkako epaiketa

[2014/09/23] Ikoitz Arrese: "Polizia batek pistola bat atera, buruan jarri eta kargatu egin zuen, gainbehera etorri nintzen"

[2014/10/06] Torturen salaketa egitera deitu dute urriaren 30ean 28 gazte auziperatuek

[2014/10/06] Poliziek ukatu egin dute 28 gazte independentistek torturarik jasan izana

[2014/10/13] Urriaren 30ean tortura salatzeko ekimenak antolatzeko deia egin dute 28 auzipetuek

[2014/10/17] Urriaren 30ean tortura salatzeko ekimenak badu Bilbon hitzordua

[2014/10/31] Torturaren existentzia salatu eta bere desagerpena eskatu dute

[2014/11/21] 28 gazte independentisten aurkako epaiketaren azken egunean Auzitegi Nazionalera joateko deia

[2014/12/15] Asteazkenera aurreratu dute 28 auzipetuekiko elkartasun bidaia Madrilera

[2014/12/16] 28 gazte independentistetatik 12ren aurkako akusazioa erretiratu du Fiskaltzak

[2015/02/24] Edozein momentutan atera liteke 16 gazte auzipetuen epaia