Euren "iniziatibagatik" Bilboko Udalarekin komunikazio bideari berrekin diotela nabarmendu dute Deustuko Gazte Lokaleko kideek gaurko agerraldian. Asier Abaunza Hiri Plangintzarako zinegotziarekin eta Marta Ajuria Ekonomia eta Ogasun zinegotziarekin atzo izandako bilerari erreferentzia eginez. "Sor genitzakeen eragozpenen aurrean" neurriak hartzeko "betidanik" agertu duten "jarrera kolaboratiboa" azpimarratzea izan dute helburu gazteek. Neurri horietako batzuk aipatu dituzte, besteak beste, musika taldeen entseguak eta kontzertuak "alde batera uztea" eta ordutegiak "zorrotz kontrolatzea". 2016 eta 2017 urteetan "inolako salaketaren berririk" izan ez arren. Finean, eurak dira inguruko auzokide eta merkatariekin "bizikidetza on bat mantentzeko lehenengo interesatuak".
Udal ordezkariekin hitz egitera jesarri badira ere, Deustuko gazteek gogor kiritikatu dute Bilboko Udalaren jarrera. Izarbeltz ateneoa eta Etxarri gaztetxearen hustuketak "espazio aske eta autogestionatuen kontrako erasotzat" jo dituzte. Neurri berean, Gazte Lokala husteko irailaren hasieran Udalak bidalitako agindua "Deustuko gazte eta herri mugimenduaren aurkako eraso bat" bezala ulertzen dute.
Konpromisoak
Bi konpromiso hartu ditu Deustuko Gazte Asanbladak Bilboko Udalaren aurrean. Batetik, Gazte Lokalaren insonorizazio proiektu bat aurkeztea, eta "guk geuk egitea". Bitartean kontzerturik ez dutela antolatuko hitz eman dute. Eta bestetik, baratza bezala erabiltzen duten gunea zaintzen jarraituko dutela adierazi dute.
Bere aldetik, udal ordezkariek Deustuko Gazte Lokala husteko agindua bertan behera utzi dute, eta beste bi konpromiso hartu dituzte. Aurkeztuko zaien proiektua aztertzea eta, adostasun batera helduz gero, proiektua onartzea hitz eman dute Asier Abaunza Hiri Plangintzarako zinegotziak eta Marta Ajuria Ekonomia eta Ogasun zinegotziak. Eta Gazte Lokalean egindako hobekuntza lanak kontutan hartuta, "baldintza berriak jasoko dituen hitzarmen berri bat sinatzea" ere bai.
Manifestazioa
Agerraldia baliatu dute egunerokoan zein "une zail honetan" jasotako sostengua eskertzeko eta "26 urtez bultzatu dugun autokudeaketa eredua" berresteko. Adierazi dutenez, "orain arte bezala, espazioaren berregokitze lanak, mantenimendua eta gestioarekin" jarraituko dute. Ildo horretan, Deustuko Gazte Lokala defenda dezagun lelopean, ostiralerako luzatutako manifestazio deialdiari eutsi diote. Manifestazioa 19:30ean abiatuko da Done Petri plazatik.
[2017-09-25] Udaleko ordezkariak Deustuko Gazte Lokaleko kideekin batzartuko dira
[2017-09-19] Deustuko gazteak baliabiderik gabe uztea salatu du EH Bilduk
[2017-09-15] Belaunaldi desberdinak Gazte Lokalaren hustuketaren kontra
[2017-09-12] Mobilizazioak iragarri dituzte Deustuko Gazte Lokalaren "defentsan"
[2017-09-11] Gazte Lokala husteko agindua, "Deustu osoaren aurkako erasoa"
[2017-09-08] Deustuko Gazte Lokalak Bilboko Udalaren husteko agindua jaso du
[2016-11-17] Deustuko Gazte Lokala: "Autogestioaren giltzarekin" 25 urte
[2014-10-31] Deustuko Gazte Lokala, ideia komunak konpartitzen dituzten ezberdinen arteko elkargunea
[2013-09-26] Deustuko Gazte Lokala: 22 urte eta gogoz beterik